Marina Garces. Filosofoa

«Azken urteotan biziberritze bat izan du filosofiak»

Garcesen 'Filosofia amaitu gabea' liburua euskaratu du Olatz Mitxelenak. Jakin Irakurgaiak bildumako 50. zenbakia da, eta filosofia kolektiboaren aldeko aldarria egiten du, besteak beste.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Pentsatzen ikastea da pentsatzea; beharbada horixe da filosofiaren gakoa». Amaitu gabedagoen eginkizun baten izena da filosofia Marina Garces (Bartzelona, 1973) filosofoaren hitzetan: «Ez da lan soila: eginkizunak egiteke dagoen zerbaitekiko konpromisoa du. Kasu honetan, pentsatzearekikoa edo berriz ikastearekikoa». 2015. urtean argitaratu zuen Filosofia amaitu gabea bere ibilbideko laugarren liburua, eta, hain zuzen, haren lehen zatia euskaraz irakur daiteke orain, Jakin Irakurgaiak bilduman. Olatz Mitxelenak ekarri du euskarara.

Filosofian lizentziaduna da Garces. Universitat Oberta Catalunya-ko irakaslea da egun, eta Erronka garaikidetarako filosofia masterra zuzentzen du. Azaldu duenez, hasieran haren helburua ez zen liburu bat idaztea, hitzaurrea baizik, baina gaiaren inguruan bueltaka aritu ondoren, espero gabe etorri zen emaitza: «Munduaren amaieraren aroan bizi gara, nekea da nagusi egungo gizartean, eta, horren aurrean, filosofia kolektiboaren aldeko aldarria egin nahi izan dut».

Guztiz globalizatuta dagoen munduan, hizkuntza gutxituen garrantzia azpimarratu du filosofoak: «Egun, egoera bortitz bat bizi dugu: ingelesa da nagusi munduko gainerako hizkuntzen aurrean». Filosofiaren kasuan ere antzeman daiteke hori, baina, oro har, bestelako errealitate bat bizi du diziplina horrek: «Historikoki goi kulturarako, akademiarako edo estatuen ofizialtasunerako bermerik izan ez duten hizkuntzetan indartsu sartu izan da filosofia. Jakin-etik liburua euskarara itzuliko zutela esan zidatenean pozez hartu nuen proposamena».

Bide beretik, pentsamenduaren estandarizazioaren gaia da liburuko «puntu garrantzitsuenetako bat», Garcesen arabera: «Komunikatzeaz harago, pentsatzea eta adieraztea ahalbidetuko diguten hizkuntzak behar ditugu».

Filosofiaren gorakada

Garai batekoarekin alderatuz gero, egun, filosofiak gizartean «gero eta interes handiagoa» duela uste du Garcesek: «Azken urteotan biziberritze bat izan du. Beste edozein giza jarduerak bezala, filosofiak zenbait baldintza material eta historikoren beharra du, eta horiek erlazio instituzional, kultural, pertsonal eta politikoetan zehazten dira».

Berpizte horren arrazoietako bat belaunaldi aldaketa izan dela uste du filosofoak: «Aldatu egin dira irakasleak zein erreferenteak. Horrez gainera, oso eskuragarri ditugu mundu osoko gaiak eta pentsaerak». Bestalde, egungo egoera ere jarri nahi izan du jomugan: «Gizartean nolabaiteko ezinegona eta beldurra dago. Hori ikusirik, babestera jotzen dugu, baita mobilizatzera ere. Gaur egungo gazteek oso argi daukate zeren bila joan nahi duten». Ikasleen artean, gainera, oreka dagoela nabarmendu du: «Garai batean gizonezkoak ziren nagusi, baina, orain, egoera nahiko parekatuta dago». Masterrari dagokionez, «askotariko ikasleak» dituela gaineratu du: «Guztira, ia 300 ikasle daude izena emanda, eta horien profilak askotarikoak dira: zientzietako jendea ere badago».

Gero eta gehiago dira filosofia ikasketak egiteko hautua egiten duten ikasleak, baina eskoletan, egoera ez da bera: «Filosofiaren asmoa ez da soilik debatea sortzea: ezagutza beharrezkoa dagai jakin batzuk kuestionatzeko edo horien inguruan hausnartzeko».

Boterea ere izan du hizpide Garcesek. «Egun, nork agintzen du?», bota du bat-batean. Eta segidan erantzuna: «Gure gizartean ez dago benetako elkarrizketarik: berdinen edo antzekoen artean baino ez dugu hitz egiten, burbuiletan bizi gara. Gakoa gure artean horren berdinak ez diren horiekin hitz egitea da». Interneten eta sare sozialen eraginez, gainera, «are zailagoa» ari da bilakatzen elkar batze hori: «Gutako bakoitzak premia eta arazo oso desberdinak ditu». Filosofia izan daiteke konponbidea, Garcesen arabera. «Nire ustez, honako hau da filosofiaren ezaugarri berezienetako bat, komunak diren arazoen inguruan hausnartzen dugula. Egungo krisiei aurre egiteko tresnarik egokiena da filosofia».

Eta hari horretatik tiraka, ze rol betetzen du filosofiak egungo gizartean?. «Egia esan, filosofia ez da inoiz izan diziplina egonkor bat, ezegonkortu egiten duelako berez egonkortuta dagoena. Hau da, dena kuestionatzen du: nork onartu du hau? Zergatik? Zein eratara? Hortaz, ezegonkortasun hori beti dago presente».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.