Sei hilabeteko epea, Gernikako Estatutua nola bete azaltzeko

gotzon hermosilla
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Legebiltzarrak sei hilabeteko epea eman dio Espainiako Gobernuari, Gernikako Estatutua betetzeko eta oraindik eman gabe dauden eskumenak EAEko instituzioen esku uzteko egutegi bat aurkez dezan. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute proposamena, eta PSE-EEk eta PPk kontrako botoa eman dute.

Onartutako proposamenean, legebiltzarrak salatu du oraindik zenbait eskumen eman gabe jarraitzen duela Espainiako Gobernuak, nahiz eta eskumen horiek Gernikako Estatutuan jasota egon eta estatutu hori onartu zenetik ia 40 urte igaro. Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa eta espetxeetakoa daude eskumen horien artean.

Legebiltzarrak «alde bakarreko blokeoa» salatu du onartutako testuan, eta azaldu du estatutua betetzea ezin dela egon «beste akordio edo baldintzen pentzudan». Era berean, argi uzten du estatutua betetzeak ez duela zertan baldintzatu «esparru juridiko politiko berri bat» lortzea, hori baldin bada legebiltzarraren eta herritarren gehiengoaren borondatea.

«Beharra duenean» baino ez

EAJren Joseba Egibarrek esan du Espainiako Gobernuak «EAJren botoen beharra duenean» baino ez diela deitzen eskumenen auziaz hitz egiteko, baina erantsi du EAJk aukera hori baliatu egiten duela «estatutua betetzen» jarraitzeko.

Horixe izan da, hain zuzen ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deitoratu dutena. EH Bilduko Larraitz Ugartek esan du tamalgarria dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako eskumen berriak «EAJk eta PPk konpontxo egitearen ondorioz» iritsi behar izatea, eta Elkarrekin Podemoseko Edurne Garciak esan du EAJ dela estatutuari «balio politiko eta soziala» kentzen diona PPrekin edo PSOErekin dituen negoziazioetan «trukerako txanpon gisa» erabiltzen duenean.

Oso bestelakoa izan da PSE-EEren eta PPren balorazioa. PSE-EE prest agertu da proposamenaren zenbait puntu babesteko —horien artean, Espainiako Gobernuari estatutua betetzeko egitaraua eskatzearena—, baina beste zenbait puntutan agertzen zenarekin ados ez zegoenez eta proposamena osorik bozkatu behar zenez, kontrako botoa eman du.

PPko Borja Senperrek, berriz, esan du Gernikako Estatutuak «osasun bikaina» duela, eta ziur agertu da datozen hilabeteetan Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ados paratuko direna eskumen gehiagoren inguruan.

Legebiltzarraren bilkura amaitutakoan, EH Bilduk «garrantzitsutzat» jo du Espainiako Gobernuari «ultimatuma» eman izana estatutua betetzeko plangintza aurkez dezan. Eztabaidan PPk eta PSE-EEk izan duten jarreratik EH Bilduk ondorioztatu du bi alderdi horiek direla «estatus berria adosteko oztopo nagusia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.