Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Eusko Jaurlaritzak atestatua irekiko du larri zauritutako gaztearen kasuaz

Ertzaintzak masailezurra hautsi zion, Bilbon, gertutik eginda tiro. Biktimari espedientea zabalduko dio Segurtasun Sailak, irainengatik

Ertzaintzak larunbatean Bilbon Voxen ekitaldiaren protestan zauritu zuen emakume gaztea, masailezurra hautsita. BERRIA.
Edurne Begiristain - Enekoitz Esnaola
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Larunbataz geroztik Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalean da Ertzaintzak foam jaurtigai batekin tiro eginda masailezurra hautsia duen emakume gazte bat —Bilbokoa da eta 19 urte dauzka—, eta Jaurlaritzak iragarri du atestatua irekiko duela kasua aztertzeko. Emakumeak salaketa bat aurkeztuko du. Efe berri agentziaren arabera, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak espedientea zabalduko dio zauritutakoari, irainengatik. Sail berak esan du zazpi ertzain zauritu direla asteburuko ekitaldien aurkako protestetan: bost Bilbon, larunbatean, eta bi Errenterian (Gipuzkoa), igandean; inor ezzuten erietxera eraman.

Vox eskuin muturreko alderdiak larunbatean Bilbon Euskalduna jauregian egin zuen ekitaldiaren kontrako protestetan zela zauritu zuten emakumea, larri. Bi tokitan du hautsia masailezurra, eta atzo egin zioten ebakuntza. Biktimak esan duenez, ekitaldia «era baketsuan» salatzeko joan zen bilkurara. Istiluetatik ihes egiten ari zela, ikusi zuen ertzain batek jaurtitzailea aurpegira zuzentzen ziola hamar metro baino gutxiagoko distantziara, eta aurpegia bestaldera biratu zuen, babesteko. Kolpea nabaritu zuen, eta odola isurtzen hasi zen. Laguntza eskatu zien inguratua zuten ertzainei, eta, salatu duenez, tratu iraingarria jaso zuen. «Zuk zeuk eragin duzu, hemen egoteagatik» esan ziotela adierazi du.

Josu Zubiaga Segurtasun kontseilariordearen arabera, Ertzaintzak indarra erabili behar izan zuen, «indarkeria handia» egon zelako. Bost lagun atxilotu zituen Ertzaintzak; libre dira guztiak.

Donostian eta Errenterian ere«faxismoaren» aurkako protestak egin dituzte asteburuan, eta liskarrak izan dira. Aitor Esteban Espainiako Kongresurako EAJren hautagaiak adierazi du Voxek, Ciudadanosek eta ezker abertzaleak «liskarren argazkia» lortu nahi izan dutela «Ertzaintzaren kontrako enfrentamenduekin eta indarkeriarekin». Salatu du «batzuek Euskadiren irudi txarra eragin» nahi izan dutela. «Batzuek hori nahi zuten, eta besteek ere bai; batzuetan, elkar elikatzen dute».

«Probokazioa»

Julen Mendoza (EH Bildu) Errenteriako alkatearen ustez, «probokazio hutsa» izan zen Ciudadanosek igandean han egindako ekitaldia. «Ciudadanosek gure herria hartu du, Ebrotik behera botoak lortzeko». Nabarmendu du protesta «ekitaldi espontaneo bat» izan zela, ez zuela ezker abertzaleak antolatu, eta parte hartu zutenek «askotariko sentsibilitateak» zituztela. Mendozaren esanetan, Ciudadanosen ekitaldiak «mina, haserrea eta ezinegona» eragin ditu herrian.

Sortuk «ultren probokazioa» deitoratu du. Ertzaintzaren «indarkeria» ere salatu du. «Modu baketsuan protestatzera joandako herritar horiek faxistekin alderatzea arduragabekeria da, etafaxismoa zuritzea. Autoritarismoari, eskuin muturrari eta faxismoari aurre egin behar zaie».

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak ekitaldion aurkako «boikota» eta herritar batzuek erabilitako «indarkeria» gaitzetsi ditu. Haren antzera mintzatu dira Espainiako alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.