Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Eduardo Santos. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Ongi atera zaio, baina zein da Sanchezen plana? Ez dauka»

Duela hiru urtetik, Unidas Podemosek 26.400 boto galdu ditu Nafarroan, baina Santosek uste du «espero baino emaitza hobeak» direla, eta «kontuan hartzeko moduko indarra» direla.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Unidas Podemosek 68.168 boto lortu zituen igandean. Boto portzentajean zortzi puntu jaitsi arren, aise lortu du helburua. Eduardo Santos (Iruñea, 1973) diputatu izan zen 2015eko abenduan eta 2016ko ekainean, eta gertutik ezagutu zituen, duela hiru urte, PSOEren eta Podemosen arteko elkarrizketak. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izanik, alderdi barrura begira dago orain. Pozik dago emaitzekin.

Zer balorazio egiten duzu hauteskundeez?

Alde batetik, jendea atera zen demokrazia defendatzera. Parte hartze handia izan zen, inguruan beldurra nabaritzen baitzen ea eskuin muturra gai izango ote zen herri honen norabidea aldatzeko. Erantzukizunez jokatu dute; erreakzio bat egon da. Orokorrean, agerian gelditu da Espainiako Estatuan jendeak defendatu nahi dituela demokrazia eta giza eskubideak, emakumeenak barne. Bestetik, PSOE atera da garaile. PSOEren inguruan bildu da botoa, eta horrek ematen dio aukera gobernuan segitzeko.

Alderdi sozialistak bi bide ditu aurrean: zuekin eta alderdi abertzaleekin akordioa egitea, edo Ciudadanosekin. Zer bide hartuko du?

Ez dakit. Nire susmoa dut. Edo PSOEk ulertzen du Espainia plurinazionala dela eta hasten du bidea lurralde gatazka delakoa konpontzen hasteko, edo botere ekonomikoek esango diote zer egin, eta itun bat egingo du Ciudadanosekin.

Zure ustez, zer egingo du?

Zer uste dudan nik? Botere ekonomikoek izugarrizko presioa egingo diote bai Ciudadanosek bai PSOEk gobernu bat osatzeko. Edo behintzat itun bat egiteko. Hori gertatzeko bi arazo dituzte: Albert Rivera eta independentistak. Rivera gainetik ken daiteke edozein unetan. Ines Arrimadas jada Kongresuan dago, eta bata bestearen tokian jar daitezke. Sanchezek ez du ezer jakin nahi independentistekin, eta batez ere ERCrekin, bestela barne gatazka izango lukeelako alderdi barruan. Saiatuko dira gobernua bakarrik osatzen eta behin-behineko aliantzak egiten: gurekin zerbait iraunkorragoa egiten ahaleginduko dira, eta gero mugitu.

Onartuko duzue planteamendu hori? Argi esan izan duzue gobernuan egon nahi duzuela...

Ez. Argi esan dugu: edo gobernuan sartzen gara, edo ez du zentzurik. Egin duguna berriro egiteko, ez zen beharrezkoa hauteskundeetara deitzea.

2015ean, presio handia egon zen PSOEren eta Podemosen arteko aliantza eragozteko. Ordukoa da egunotan argitara eman den Pablo Iglesiasen aurkako espioitza kasua. Berriro gertatzera doa? Presioa areagotuko da?

Bai. Dirudunek agintzen dute. PSOEk presio handia izango du, baina gakoa da Sanchezek zer norabide hartzen duen. Nik uste dut ez duela planik. Urratsez urrats, honaino ailegatu da. Ongi atera zaio, baina zein da Sanchezen plana? Batek daki. Ez dauka.

Nafarroara begira jarrita, zortzi puntu egin duzue behera, baina 68.000 boto lortu. Uste baino emaitza hobea izan duzue?

Bai, mantendu dugu duintasuna. Estatu mailako beste emaitzekin alderatuta, hemen portzentaje handiena atera dugu. Indartsu gabiltza. Edo behintzat ezin gaituzte baztertu. Egia da PSOE gu baino indartsuago dagoela, hark aukeratu baitu joko zelaia, baina hemen gaude. Boto kopuru handia lortu dugu, eta mantendu dugu diputatu bat. Serio hartzeko indar bat gara.

Beste indarrei begira, EH Bilduk ia-ia diputatua lortu du.

Bildu saiatu da bere tokia mantentzen. Modu batez edo bestez, lortu egin du, baina ,ere berean, ez du helburua bete. Geroa Bai oso ahul ibili da. Oso zaila zeukan. Ez dute ia kanpainarik egin. Ez zitzaien interesatzen gehiegi egitea, eta, besterik gabe, presentzia izatera mugatu dira. Porrot handia izatea saihestu dute.

Navarra Suma lehen indarra izan da, baina ez du botorik gehitu.

Navarra Sumak prezio handia ordaindu du bi diputatu lortzeko. Desegin egin du UPNren sigla. Foru hauteskundeei begira, bere adiskideak ez dira erosoak: PPri eta Ciudadanosi egin behar izan diete tokia UPNren zerrendan. Gainera, ikusi dute nola galtzen ziren boto batzuk bidean, eta eskuinetik atera zaie beste indar bat: Vox, %5a. Horrek esan nahi du zailtasuna izango dutela kontakizunari eusteko. Batetik, Kongresuan izango duten pisua ezdeusa izango da; bestetik, zer aukera du orain Esparzak aliantzak josteko, hain anitza den gizarte batean? Nire ustez, hutsaren parekoa.

Zer iruditzen zaizkizu PSOEren emaitzak?

Olatuaren gainean daude. Beraientzat erraza izango da olatu horri eustea. Orain, ekinaldia hartuko dute gobernua osatzeko, eta panoramaren erdian jarriko dira. Hor dago PSN. Ez da PSOE, denok ezagutzen dugu, eta dugun beldurra da zer egingo ote duen indar horrekin guztiarekin. Eskuinera begira jartzen bada, jai dugu.

Oraindik partida dago jokatzeko?

Bai. Beste abiapuntu batetik ekingo diogu, eta helmuga hor dago: aldaketa errepikatzea. Ikusiko ditugu emaitzak. Sekula ez da erraza izan aldaketa mantentzea. Hor gaude. Jarraituko dugu borrokan.

Zer eragin izango du kanpainak elkarren segidan izateak?

Boto guztiak ez dira desagertuko; ez guri, ez PSNri. Oso gertu dago. Ez dago denborarik boto emaile horiek atsekabetzeko. Egia da, halaber, boto duala dela, eta Txibitek ez duela ezer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.