Leah Hoctor. Ugalketa Eskubideen Zentroko Europarako zuzendaria

«Abortuaren debekuak nesken osasunaren kalterako dira soilik»

Hoctorrek aitortu du miresten dituela Polonian emakumeen eskubideak defendatzen dituztenen ahalegin «ausart eta nekaezinak». Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia giza eskubideen aurka doala dio.

GARETH CHANEY COLLINS.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Sutan daude Poloniako emakumeak, eta badute horretarako nahikoa arrazoi. Joan den ostegunean, Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zituen malformazioren bat duten umekien abortuak, eta, beraz, soilik hiru kasutara mugatu zuen legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, edo amarentzat osasun arrisku larria dakarrenean. Praktikan, erabaki horrek abortua ia debekatzea dakar.

Epaiarekin eztanda egin zuten Poloniako emakumeek, eta kaleetan ari dira horri erantzuna ematen: egunero milaka lagun bildu dira protesta egiteko. Asteazkenean, esaterako, greba orokorra egin zuten, eta martxa handi bat antolatu zuten atzoko. Herrialdean gertatzen ari denaz eta epai horren bidegabekeriaz aritu da Leah Hoctor, Ugalketa Eskubideen Zentroa nazioarteko erakundeko Europarako zuzendaria.

Poloniako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo ditu malformazioren bat duten umekien abortuak. Erabaki hori emakumeen aurkako eskubide urraketa larria da, ezta?

Auzitegi Konstituzionalak emandako azken epaiak legezko abortua erabiltzeko arrazoi bat baliogabetu nahi du, eta horrek emakumeen osasuna eta bizia arriskuan jartzen ditu. Gainera, urratu egiten ditu Poloniak giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera dituen betekizunak; alegia, emakumeek sexu eta ugalketa osasunaren arretarako dituzten eskubideen inguruko neurri erregresiborik ez hartzea. Emakumeen giza eskubideen aurkako aurrekaririk gabeko erasoa da. Erabaki horrek legezko eragina badu, Polonian abortua ia erabat debekatzearen parekoa izango da.

Abortuaren legezko debekuek ez dute abortua prebenitzen, ezta abortu tasak murrizten ere. Emakumeen osasunaren kalterako dira soilik, horiek klandestinitatean egitera bultzatuz edo abortuaren arreta jasotzera atzerriko herrialdeetara joatera behartuz.

Epaiarekin, PiS Legea eta Justizia alderdi kontserbadoreko diputatu talde batek aurkeztu zuen kereilari erantzun dio auzitegiak. Alderdi horrek gidatzen du agintean den koalizio gobernua, eta, hain justu, PiSek izendatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, Julia Przylebska, Europako Batasunak kritikatu duen erreforma judizial baten ondotik. Hark hautatuak dira auzitegiko beste epaile gehienak ere. Badu eraginik, ezta?

Erabaki horrek frogatzen du Poloniako Auzitegi Konstituzionala ez dela gai legeriaren berrikuspen konstituzional inpartziala egiteko herrialdeak giza eskubideen arloan dituen betebeharrak kontuan hartuta. 2015ean boterera heldu zenetik, Legea eta Justiziaren gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren independentzia eta eraginkortasuna ahuldu ditu, gobernuaren kontrol moduan. Europako Kontseiluko aholkularitza juridikorako organoak, Veneziako Batzordeak, eta Europako Batzordeak Poloniako Gobernuak auzitegian duen interferentzia gaitzetsi dute. Aurtengo iraileko zuzenbide egoerari buruzko txostenean, Batzordeak adierazizuen «Konstituzio Auzitegiaren independentziari eta legitimitateari buruzko kezkak» konpondu gabe daudela oraindik; 2017an abiatu zuen, kontu horri dagokionez, Poloniaren aurkako prozedura.

Komunikatu bat argitaratu zenuten Amnesty Internationalekin eta Human Rights Watchekin batera, eta adierazi auzitegiaren prozedurak gobernuak emakumeen eskubideei behin eta berriz egindako erasoak eta ugalketa eskubideetan atzera egiteko ahaleginak direla-eta gertatu direla. Oraingoan, herritarrek eztanda egin dute, eta milaka emakume atera dira protesta egitera.

Polonia osoan milaka lagun protesta baketsuak egiten ari dira legez kanpokoa den erabaki atzerakoi honen aurka. Polonian emakumeen eskubideak defendatzen dituztenen ahalegin ausart eta nekaezinak miresten ditugu. Emakumeen oinarrizko giza eskubideak unibertsalak dira, eta eskubide horien aurkako erasoek gizarteko kide guztiei eragiten diete, eta haien ondorioek muga nazionalak gainditzen dituzte.

Poloniako Gobernuari eskatzen diogu elkartzeko askatasunerako eta protesta baketsuak egiteko eskubideak errespetatzeko, eta indarkeriaren gehiegizko erabilera alde batera uzteko. Oso kezkatuta gaude protesta eta manifestazio baketsuak kentzeko ekintza militarrak prestatzen ari direla dioten berriekin. EBri eta nazioarteko komunitateari eskatzen diogu egoera monitorizatzeko, eta premiaz jarduteko manifestari baketsuen aurkako indarkeria eta giza eskubideen defendatzaileen kontrako erasoak ekiditeko.

Zein neurri hartu behar dira horrelako erabakien aurka?

Poloniak amaiera eman behar die emakumeen giza eskubideen aurka behin eta berriz egiten ari den erasoei, eta orain jardun behar du, bere legeria EBko beste estatu kide batzuenarekin harmonizatzeko eta abortua legeztatzeko. Halaber, bermatu behar du emakumeek osasun arreta osoa eta eraginkorra izango dutela beren osasun fisikoa edo mentala arriskuan dagoen egoeretan. Zentroak solidarioa da gaur egun ere Poloniako emakumeekin eta gizarte zibilarekin, emakumeen oinarrizko giza eskubideak babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.