Parte hartzeko eskubidea jasotzea adostu dute EAJk eta EH Bilduk

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak erregimen ekonomikoaren eta botere publikoen atalak onartu ditu. Estatus berriaren oinarriak datorren astean ixten saiatuko dira

Talde politikoetako ordezkariak, joan den astean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen batzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko-juridiko berriak herritarren parte hartze eskubidea «aitortuko du gutxienez», eta parte hartze hori ordezkari politikoen bidez nahiz zuzenean galdeketa bidez bideratu ahal izango dute. Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek beste mekanismo batzuk ere ezarri beharko dituzte zuzeneko parte hartzea bermatzeko, «gardentasunaren eta gobernantza onaren printzipioak beteta».

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak beste bi atali buruzko eztabaida amaitu zuen atzoko bileran: botere publikoen eta erregimen ekonomikoaren ingurukoa. Desadostasunak espero ziren EAJren eta EH Bilduren artean, baina, hitzaurrearekin, Atariko Tituluarekin eta eskumenei buruzkoarekin gertatu bezala, legebiltzarreko bi indar nagusiek babestu zuten testua. Funtsean, ohiko hiru botere publikoak jaso dituzte testuan: legegilea, betearazlea eta judiziala.

EH Bilduk laugarren botere bat ere proposatu zuen: botere «soziala». Sintesian jasotako proposamen hori ez da ageri atzo onartutako dokumentuan, baina sintesian jasotakoa baino zabalagoa da atzo adostutako agirian parte hartze politikorako eskubideari eman dioten lekua. Hortaz, moldaketarekin izan bada ere, testuak EH Bildu ase du, koalizio subiranistako bozeramaile Maddalen Iriartek bilera osteko agerraldian azaldu zuenez: «Guk botere herritarraren ideia edo kontzeptua ere txertatu dugu herritarren parte hartzeari dagokion atalean. Uste dugu gainditu egin behar dela gobernu eta herritarren arteko harreman klasikoa, zeinaren arabera erabaki guztiak gobernuaren esku geratzen baitira».

Iriartek gaineratu zuen herritarren parte hartzea ezin dela «lau urtean behin egiten diren hauteskundeetan amaitu», eta «bestelako kanalak» eskaini behar zaizkiela herritarrei, «egunerokoan eragiten dizkioten kontuez erabakitzeko ahalmena» izan dezaten.

Hala ere, izan zen desadostasunik EAJren eta EH Bilduren artean ere; zehazki, botere judizialaren alorrean. Onartutako testuan proposatu dute Euskal Botere Judizialaren Kontseilua sortzea, baina Espainiako Auzitegi Gorenak «doktrina bateratzeko» gaitasuna izatea estatuak onarturiko eta Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten legeen inguruan. Puntu horrekin ez dago ados EH Bildu, eta boto partikularra eman du. Iriarteren hitzetan, «Estatus politiko berriak botere judizial propioa edukitzea ekarri behar du. Euskal Botere Judiziala ezin da Madrilen dagoen Auzitegi Gorenaren menpekoa izan».

Botere publikoen atalean bertan, adostutako testuan jaso dute Ertzaintza izatea polizia judiziala «dagozkion ondorio guztiekin». Gainera, estatus berriaren lurralde antolaketak gaur egungo arkitektura instituzionala izango du abiapuntu, eta lege bidez eguneratuko da erakundeen arteko eskumen banaketa.

Gastu sabaia, negoziatua

Botere publikoen atalarekin batera, erregimen ekonomikoari buruzkoa ere onartu zuten atzo. Horren arabera, kontzertu ekonomikoa izango da erregimen horren ardatza, eta subjektu politiko eta juridiko berriak gaitasuna izango du bere politika ekonomikoa eta zerga politika ezartzeko, eta bere esku izan beharko lituzke «alor estrategikoetako» eskumenak ere, «garapen ekonomiko osoa» ahalbidetzeko; horien artean jaso dituzte nekazaritza, industria, energia, azpiegitura eta telekomunikazio politikak.

Halaber, agiriaren arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak eskumen esklusiboa izango lukete Gizarte Segurantzan eta lan harremanetan, eta baita zor publikoa jaulkitzeko ahalmena ere. Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluak kontzertu ekonomikoaren sistemarekin bat egitea nahi dute, eta, alde horretatik, proposatu dute aldebiko organo batek adostea aurrekontuen egonkortasunari eta bideragarritasun finantzarioari buruzko arloak: «Estatuak ezingo ditu aldebakartasunez ezarri defizit, zor eta gastu mugak».

Taldeak asteazkenero elkartu dira orain arte, baina erritmoak bizkortu nahi dituzte, estatus berriaren oinarriei buruzko eztabaida uztailaren lehen hamabostaldian amaitzeko. Bi bilera egingo dituzte datorren astean, baina zaila dirudi datorren astean bertan eztabaida itxitzat jotzea. Hurrengo eztabaidagaia eskubide eta askatasunei buruzkoa izango da, eta Elkarrekin Podemosek sintesi agiria aurkeztu zuen atzoko bileran. EAJk prestatuko ditu azken atalen sintesiak: estatusaren erreformari, nazioarteko harremanei eta xedapen gehigarriari buruzkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.