Liskar politikoen eraginez eten dute eskoletan indarkeria lantzeko plana

Eusko Jaurlaritzak geldialdian ipini du 'Herenegun' hezkuntza programa, 1960tik aurrerako gertaerak azaltzeko egitasmoa. Ika-mika handiak eragin ditu, eta gogoetaldi bat hastea erabaki du gobernuak

Fernandez Bizikidetza idazkaria, Ezenarro Gogorako zuzendaria eta Alonso Hezkuntza sailburuordea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Aste Santu ondoren zuten eskola batzuetan martxan jartzekoa Herenegun programa, baina ezarpena geldiarazi egin du Eusko Jaurlaritzak. 1960tik aurrerako gertaerak azaltzeko hezkuntza programa da Herenegun; ETA indarrean egon zen aroa, beraz. Hain zuzen, planaren oinarria da ETAren historia azaltzea testuinguru soziopolitikoarekin «gurutzatuta»; helburua da ikasleen «pentsamendu kritikoa» garatzea. Udazkenean aurkeztu zuten edukien proposamena, eta ika-mika politiko handia eragin zuen: EAJk ez beste talde politiko guztiek eskatu zuten aldatzeko. Egoera ikusita, gelditzea erabaki du gobernuak, BERRIAk jakin duenez: etenaldi bat egingo du, oraingoz ez du proiektua martxan jarriko, eta gogoetaldi bat hasiko du zer egin adosteko.

Indarkeriaren auzia eskoletan lantzeko beste proiektu batzuk abian ditu lehendik Eusko Jaurlaritzak; besteak beste, biktimen lekukotasunak ikastetxeetara eramateko Adi-adian egitasmoa. Beste urrats bat egin nahi du Herenegun planarekin: urteotako gertakarien kontakizuna landu. Lan nekeza dela aitortu zuen proposamenaren aurkezpenean Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak: «Ez dago gertatutakoaren inguruko kontakizun partekaturik». 15 eta 17 urteko ikasleekin landu nahi dute, DBH eta Batxilergoaren bukaeran.

Edukien proposamena hiru lagunek ondu zuten: Mari Carmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohiak, Mariano Ferrer kazetariak eta Juan Pablo Fusi historialariak. Hiruko «zorrotza eta plurala», Fernandezen iritziz.

Kritika batetik eta bestetik

Urriaren 11n aurkeztu zuen proposamena Jaurlaritzak hedabideen aurrean. Polemika, hala ere, handik egun batzuetara sortu zen, Vocento taldeko egunkariek kaleratu zutenean ETAren indarkeria eta besteak «nahasi» zituztela.

ETBren Oinatz galduak dokumentala da Herenegun programaren ikus-entzunezko oinarria; horren arabera antolatuta daude proposatutako sei saioetatik bost. Dokumental horretan zein ageri diren eta zer kontatzen duten, horren jiran sortu zen polemika, eta plan osoari eragin zion finean.

Azaroan Eusko Legebiltzarrera iritsi zen auzia, eta kritikak bata bestearen atzetik jaso zituen Jaurlaritzak; areago, PSE-EEk ere egin zuen planaren aurka, ez duelakoan «modu argian» deslegitimatzen ETAren indarkeria. PPk ere bide beretik jo zuen. Bestetik, EH Bildu: kontakizun «politiko, ideologiko, subjektibo eta eztabaidagarri bat» egin izana salatu zuen. Elkarrekin Podemosek ohartarazi zuen egoera horretan ezin dela programa ikastetxeetara eraman.

Fernandezek erantzun zuen aldaketak egiteko prest zegoela, bi baldintzarekin, bi «muga etikorekin»: batetik, «terrorismoaren eta indarkeriaren legitimaziorik eza» ziurtatzea; bestetik, izaniko «eraso larriak» kontuan hartzea. «Polemikak erakusten du iraganak mina eta zatiketa eragiten duela. Lan asko dugu aurretik».

Hezkuntzako eragileak

Bitarte horretan, ekarpenak egiteko aukera izan dute eragileek. Zailtasunez ohartarazi dute hezkuntzako eragileek, BERRIAk jakin duenez. Euskadiko Eskola Kontseiluak, adibidez, «positibotzat» jo du egitasmoa, baina azaldu du hezkuntzan «sentsibilitate oso desberdinak» daudela. Areago, ikusita nolako eztabaida politikoa sortu duen gaiak, zailtasuna ikusi du ikastetxeetara eramateko: «Giro hori gainditu arte zaila izango da gaia ikasgeletan sartzea Horregatik, lan hori zuhur egin behar da, eta erritmo pausatuan».

Ikastolen Elkarteak ere antzeko oharrak egin dizkio gobernuari: «arriskutsua» izan daitekeela alderdi politikoen artean gatazka sortzen duen auzia eskoletara horrela eramatea. Gainera, ez da ados azaldu plana Historia ikasgaian sartzearekin; Balio Etikoak ikasgaian txertatzeko eskatu du.

Egoera eta ekarpenak ikusita, gelditzea erabaki du Jaurlaritzak. Apirilean zuten proiektu pilotua martxan jartzekoa zortzi ikastetxetan, baina datorren ikasturtera arte behintzat ez dira hasiko. Proba horren ondoren zuten ebaluazioa egitekoa eta eskola guztietara zabaltzekoa; are gehiago atzeratuko da hori dena, hortaz.

Jaurlaritzak agerraldia du gaur Herenegun programarekin zer pauso emango dituen iragartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.