Autogobernua babesteko deia

EAJk dio autogobernua babestuko duela datorren legegintzaldian, ez autodeterminazioa. Martinezen ustez, PSOE eta C'Sen gobernu batek kalte egin diezaioke autogobernuari

Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresurako hautagaia, atzo, Bilbon, hauteskunde programa aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk uste dute EAEko autogobernua «arriskuan» egongo dela Espainiako Gorteetako datozen hauteskundeen ostean. Gaur-gaurkoz dagoen autogobernua babestu edo subiranotasunerako ahalmen handiagoa eskuratu: alderdi bakoitzak badu bere proposamena. Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresurako hautagaiak, esaterako, iragarri du ez dela «autodeterminazioaz mintzatuko», «errealista» izanda lehenetsi egin behar delako egungo autogobernua.

Hauteskundeetako programaren aurkezpenean hitz egin du Estebanek autogobernuaren inguruan: «Datorren legegintzaldian, transferentzien egutegia bete dadin lan egingo dugu, eta egungo autogobernuaren defentsan zentratuko gara». Hortaz, uko egin dio autodeterminazioaren inguruko eztabaida sustatzeari, «ez baitago aukerarik». Bozen ostean konpetentzien «inboluzio bat» gerta daitekeela uste du hautagai jeltzaleak: «Laino asko ikusten ditut. Autodeterminaziorako leiho bat irekiko balitz, sorpresa litzateke».

Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak ere esan du datorren legegintzaldian «babestu» egin beharko dela autogobernua: «PSOEren eta Ciudadanosen arteko aliantza bat oso arriskutsua eta negatiboa litzateke euskal agenda sozialarentzat eta autogobernuarentzat». Gasteizen egindako agerraldi batean, Martinezek ohartarazi du datozen hauteskundeetan «guztia jokoan» dagoela, eta emaitzen arabera autogobernua kolokan egon daitekeela: «Orain arte lortutako gauza asko gal litezke». Ciudadanosen eta PSOEren arteko aliantza eragozteko lanean jardungo da Elkarrekin Podemos, Martinezek adierazi duenez.

Estebanek bestelako aliantza posible bat izan du mintzagai. Haren ustez, PP, Vox eta Ciudadanos elkartzeak atzerapauso bat eragin dezake autogobernuan, baina ohartarazi du PSOE eta Ciudadanos elkartuta ere gerta daitekeela halakorik. Horregatik, EAJk «autogobernuaren defentsan» egingo du lan datorren legegintzaldian, baina Estebanek ez du baztertu estatutuaren garapenean ere urratsak egitea.

Hain justu, estatutu berria lantzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta hautagai jeltzaleak jakinarazi du legebiltzarrak testua onartzen badu Madrilen defendatuko duela, «hortz eta bihotz»: «Ez da beharrezkoa programan jartzea; EAJren taldearentzako mandatu bat litzateke hori». Gainera, Estebanek dio EAJren ustez Espainiak estatu plurinazionala behar duela eta «Euskadik eta Kataluniak aitortza» behar dutela. Aitortu du, ordea, zaila izango dela datorren legegintzaldian horri buruz aritzea.

EH Bilduk, subiranotasuna

EH Bilduko Oskar Matutek, berriz, balioa eman dio koalizioak ERCrekin egindako akordioari: «Ezker subiranistak ordezkapen handia izango du Madrilen, eta erabakigarria izango da euskal herritarrek bizitza duinak izan ditzaten». Azken inkestek emandako emaitzen datuak oinarri hartuta, Matutek nabarmendu du Orain Errepublikak taldearen rola «ezinbestekoa» izango dela.

«Bizi baldintza duinak» bermatzeko, EH Bildurentzat«lehentasuna» izango da Gizarte Segurantzaren eta pentsio sistemaren eskuduntzak eskuratzea, Matutek jakinarazi duenez.

Esteban ere aritu da transferentzien inguruan. EAJren lehentasuna izango da espetxe transferentzia eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eskuratzea. Gainera, espero du PSOErekin adostutako egutegiarekin aurrera egitea, betiere «esparru juridikoa errespetatuz». EH Bilduk jokatuko duen rolaren inguruan, berriz, ohartarazi du ez dutela «oztoporik» jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.