Noiz sortua: 2019-09-05 00:30:00

EAJren oniritzia du Sanchezek

Bi ordu eta erdiko bilera egin dute EAJk eta PSOEk. Ortuzarrek azaldu du «dezepzioa» hartu duela PSOEren neurriekin, baina erantsi jeltzaleek ez dutela inbestidura oztopatuko
Pedro Sanchez, Andoni Ortuzar, Jose Luis Abalos, Idoia Mendia eta Aitor Esteban, atzo, bilera hasi aurretik.
Pedro Sanchez, Andoni Ortuzar, Jose Luis Abalos, Idoia Mendia eta Aitor Esteban, atzo, bilera hasi aurretik. KIKO HUESCA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2019ko irailak 5

«Dezepzioa» baina oniritzia. Bi hitzetan laburbildu liteke EAJk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentegaiaren inbestiduraren aurrean duen jarrera. Atzo, jeltzaleen eta PSOEren ordezkaritzak batzartu ziren inbestidurari buruz mintzatzeko, eta EAJren posizioa laburbildu zuen Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak: neurri «ausartagoak» espero ditu, baina jeltzaleak ez dira «oztopo» izango Sanchez presidente izendatzeko.

Bilera PSOEren egoitza nagusian egin zuten, Madrilgo Ferraz kalean, 18:00 pasatxotik 20:25 ingurura; EAJren izenean, Ortuzarrek eta Aitor Esteban diputatuak hartu zuten parte; PSOErenean, Sanchezek, Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkariak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Bilera osteko agerraldian, Ortuzarrek nabarmendu zuen EAJk «dezepzioz» hartu duela PSOEk herenegun aurkeztutako proposamena; batetik, «proposamen ausartagoa» espero zutelako, baina, bestetik, «kezka» sortu die ikusteak 370 neurrien artean erkidegoen eskumenak diren hainbat daudela: «Dokumentua ez zen EAJ konbentzitzeko, Podemos limurtzeko baizik».

Edozein gisara, Ortuzarrek azaldu zuen EAJk «arduraz» jokatuko duela, eta PSOEri eta Podemosi eskatu zien ados jartzeko, baina baita jabetzeko ere ez dutela gehiengoa eta beste alderdi batzuk beharrezkoak direla: «Negoziatzera eser daitezela eta pentsa dezatela adosten dutenak euskal autogobernuarekiko errespetuzkoa izan behar duela».

EAJk «lehenbailehen» nahi du gobernua osatzea, bozak berriro egitea «porrot izugarria» litzatekeela eta «panorama politiko zailagoa» sortuko lukeela iritzita. Sanchezek Ortuzarri esan zion ez duela hauteskunderik nahi, eta «dena» egingo duela bozak saihesteko. Irailaren 23rako presidenterik izendatu ezean, azaroaren 10ean egin beharko lirateke Espainiako Gorteetarako bozak.

Abalosek, berriz, azaldu zuen «bilera atsegina» izan zutela EAJrekin; «aliatu estrategikotzat» jo zituen: «[Espainiaren] gobernabidearekin engaiatuta daude». Bileran, «euskal agendari» errepasoa egin zioten —ez zuen zehaztu zer gai landu zituzten—, eta Abalosek ziurtatu zuen PSOEk ez duela hauteskundeak berriro egiterik nahi: «Gu oso itxaropentsu gaude egin dugun proposamenarekin; horrela, lehentasuna eman nahi izan diogulako politikari». Era berean, Abalosek adierazi zuen PSOEren proposamena «zabalik» dagoela eta egungo estatutuekiko konpromisoa duela, eta, beraz, ez duela asmorik erkidegoen eskumenak urratzeko.

EAJkoekin ez ezik, PSOEko ordezkariak Kantabriako PRCko eta Kataluniako ERCko kideekin ere batzartu ziren atzo, eta horiek jada esana dute onartu egingo dutela Sanchezen inbestidura. «Guregatik ez da izango», nabarmendu zuen bileraren ostean Gabriel Rufian ERCko diputatuak.

Ezta EH Bildurengatik ere. Sanchez ez da indar subiranistako ordezkariekin batzartu, baina Mertxe Aizpurua diputatuak atzo berretsi zuen EH Bilduren lehentasuna dela «eskuinari bidea moztea», eta, horretarako, «indar progresistei eta ezkerrekoei» eskatu zien gobernuaren xehetasunak adosteko. Aizpuruaren arabera, PSOEk 370 neurriz osatu duen agiria «bete gabeko promesen bilduma» bat da, «marketin operazio bat», «hauteskunde programa bat, eta ez hainbeste inbestidura akordio baterako dokumentu bat». Gainera, kritikatu zuen 370 neurri horietan ez dela Euskal Herriari buruzko erreferentziarik egiten, eta EH Bildu ez «mespretxatzeko» eskatu zion Sanchezi: «Gurekin hitz egin nahi izan edo ez, kontuan hartu beharko gaitu gobernu aurrerakoi bat osatzeko».

PSOEko eta Podemoseko negoziatzaileak gaur arratsaldean batzartuko dira inbestidurari, programari eta gobernu egiturari buruz hitz egiteko. Beste indar batzuen oniritzia jasota, PSOEk presio egin nahi dio Podemosi Sanchezen inbestidura babestu dezan, baina bi alderdiek katramilatuta jarraitzen dute. Atzo, Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak esan zuen ez dagoela «konfiantzarik» bi indarrek koalizio bat osatzeko, eta beste erakunde batzuetan karguak eskaintzeaz mintzatu zen Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea: esaterako, CIS Ikerketa Soziologikoen Kabinetean, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean edo Arartekoan.

Edukien garrantzia

Sanchezek gobernua osatzeko aukeraz baikorrago mintzatu zen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Efe berri agentziari atzo eginiko adierazpenetan, esan zuen akordiorako tartea dagoela Sanchezek «keinuak» egin eta gero: «Garrantzitsuena ez da nor dagoen gobernuan, zer egin nahi dugun baizik». Ildo horretan, Nafarroako Gobernua osatzeko elkarrizketak jarri zituen adibide gisara: «Dena negoziatu dugu, baita desadostasunak nola kudeatuko ditugun ere». Halere, ezinbesteko jo zuen gobernukide diren edo gobernu programa adosten duten alderdien artean «konfiantza» izatea.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak, ordea, «hauteskunde programaren» tankera hartu dio Sanchezen testuari: «Negoziazioak hasi zirenetik ikusi duguna hauteskunde programen lehia bat da». Edukiari erreparatuta, agiria beste hainbeste iruditu zitzaion Ione Belarra Unidas Podemoseko diputatu eta bozeramaileari ere: «Lehen bistadizoan, PSOEren proposamenak hauteskunde programa bat dirudi».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. / ©Jon Ruiz

PCR probak egiteko gune bat jarri dute Ordizian, taberna batean foku bat agertu dela eta

Jon Ordoñez Garmendia

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada. Bertan behera utzi dituzte gaur hastekoak ziren udalekuak. Hori kontuan hartuta, ekainean zortzi foku sortu dira Euskal Herrian.

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna