Zortzi urtez zuzendari izanda, urtebetez ez dute eskolarik eman beharko

Eusko Jaurlaritza ontzen ari den dekretuak eskola publikoetan izango du eragina. Bi agintaldiren ostean kargua utzitakoek lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko

Ikasleak Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ez da erabaki finkoa; erakusten du asmo bat, ordea. Ikastetxe publikoetako zuzendaritza eginkizunetarako sarbidea, prestakuntza, ebaluazioa, aintzatespena eta kargu uzteak arautu asmo ditu Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, eta horren zirriborroa eskuratu du BERRIAk. Zenbait berrikuntza jaso dituzte testuan, baina bat da bereziki aipagarria: zuzendari postuan zortzi urte igarotzen dituzten ikastetxe publikoetako zuzendariek urtebetean ez dute irakaskuntzarik eman beharko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzoko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu zuenez, «funtsezkoa den figura baten lana aitortzea» dute xede.

Dekretuak bide eman diezaioke arazo historiko baten konponbideari, eta zuzendaritza postuetara irakasle gehiago anima ditzake. Hala izan dadin, Jaurlaritzak neurri sorta bat proposatu du. Esaterako, eskola publikoetan bi agintaldi bete dituzten zuzendariek, hau da, zortzi urtez postuan egon direnek, urtebetean ez dute eskolarik eman beharko, balorazio positiboa izaten badute. Bildarratzen hitzetan, baina, ez da atsedenerako urtea izango, eta beste lan batzuk egin beharko dituzte. Hala jaso dute dekretuan ere. Bertan ageri denez, «hobekuntza profesionaleko ikasketak» egiteko edota hasiberriak diren zuzendaritza taldeak prestatzeko erabiliko dute urte hori. «Irakaskuntza kargarik gabeko» urtea izan arren, ordainsaria jasoko dute.

Beste pizgarri batzuk ere aipatzen ditu dekretuak. Esaterako, jarraian egindako bigarren agintaldia amaitzean ebaluazio positiboa jaso duten zuzendariek ikastetxez aldatzea aukeratzen badute, lehentasuna izango dute beste eskola publiko bat aukeratzeko, «Eusko Jaurlaritzak egindako deialdiko lehenengo bi lehiaketetan, libre dauden lanpostu hutsen arabera». Eta zuzendaritza karguan daudenentzat ere badago aipamenik: jaso dutenez, ikastetxean nahitaez egon beharreko egutegia eta ordutegia malgutu ahal izango dute. «Karguari dagozkion zereginak egiteko ikastetxearen ohiko ordutegi eta egutegitik kanpoko jardueretan emandako denbora konpentsatzeko». Gainera, Hezkuntza Sailak sariak eta aipamen espezifikoak sortzea sustatuko du, eta, orain arte bezala, zuzendaritza kargua dutenek ordainsariak jasoko dituzte.

Prestakuntzari ere erreparatu diote. Dekretuaren arabera, Hezkuntza Sailak zuzendaritza funtzioarekin, hezkuntza kudeaketarekin eta hezkuntza lidergoarekin lotutako formakuntzak eskainiko ditu, eta, zuzendaritza funtzioa betetzen hasteko, beste ikastaro bat ere gainditu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.