Ezinbestekoak ikusezin

Greban daude Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak, eta atzo mobilizazioak egin zituzten zenbait ospitaletan. Homologazio printzipioari eutsi nahi diote.

Azpikontratatutako garbiketako langileak, protestan, Galdakaon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Galdakao
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Osakidetzako garbiketa zerbitzuan diharduten azpikontratatutako langileak greban daude. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, mobilizazioak egin zituzten atzo, Donostiako ospitalean, Arabako Unibertsitate Erietxean eta Galdakaokoan (Bizkaia), eta apirilaren 2ra arte borrokan jarraitzeko asmoa dute. Homologazioari eustea da haien aldarrikapen nagusia, hots, langile publikoen baldintza berak izatea, eta ez daude horretan amore emateko prest.

Dozena pare bat langile elkartu ziren Galdakaoko erietxeko sarrera nagusiaren aurrean, protesta egiteko. Bi izan ezik, den-denak emakumeak: «Gurea oso sektore feminizatua da, eta susmoa dugu horrek baduela zerikusia gatazka konpontzeko erakusten duten axolagabekeriarekin», azaldu zuen Kontxi Saez de Egilaz Izaola Basurtuko ospitaleko garbiketako langileak. «Metaleko langileek lortu dute azkenean hitzarmena sinatzea, eta hor Jaurlaritzak eskua sartu zuen. Guri, berriz, bitartekari bat jarri digute, baina gutaz paso egiten du erabat».

Mobilizazioa hasi eta gutxira, eskuorriek eta paper xehatuek zorua estali zuten. Bi ertzain gerturatu ziren: batez ere, langileei ospitalera sartzea galaraztea zuten helburu. Langile batek eskukada bat paper xehatu bota zuen ospitaleko sarreran, eta hor hasi zen eztabaida ertzainekin eta zinpeko zaindariekin, grebalariak atea zeharkatu ote zuen edo ez.

Tirabirak ez zuen aparteko ondoriorik izan: «Aurreko greba deialdian oso gogor aritu ziren», esan zuen Galdakaoko ospitaleko garbitzaile Pili Bolañok. «Lotsagarria izan zen. Ertzainak bidali zizkiguten, gu gaizkileak bagina bezala, eta Gurutzetako ospitalean bi lagun atxilotu zituzten, beste bati ubeldurak eragin zizkioten indarrez zorutik altxatzen saiatu zirenean eta abar. Oso giro txarra egon zen. Hortik aurrera, ertzainak ospitale guztietan egon ziren, guri sartzen ez uzteko».

Sarrera nagusiaren aurrean protestak jarraitu zuen: «Garbikuntza borrokan», «Garbialdi errudun, Osakidetza arduradun», «Lehen txaloak, orain zartakoak», «Sailburua, dimisioa» eta antzeko oihuak egin dituzte grebalariek. Ospitaleko leiho batetik, bi erizainek eskuz agurtu zituzten behean protestan zeudenak.

Bolañok azaldu zuenez, homologazioari eustea da haien eskakizun nagusia. 2007an lortu zuten haien lana Osakidetzako zerbitzuetako langileenarekin parekatzea. Horrek ekarri zien gainerako langileen eskubide berak izatea, adibidez, garapen profesionalari dagokion ordainsaria jasotzea, baina betebehar berak ere ekarri zizkien: «2012ko krisian murrizketak iritsi zirenean, inork ez zigun esan guri ez zizkigutela aplikatuko Osakidetzako langileak ez ginelako; murrizketak ezarri zizkiguten, eta guk onartu egin genituen».

Garapen profesionalaren saria ere galdu zuten murrizketa garai hartan, baina orain 2022ko deialditik kanpo utzi nahi dituztela salatu zuten grebalariek: «Ogi apurrak eman nahi dizkigute, baina garapen profesionala izendapena kenduta; hori homologazio printzipioa urratzea litzateke, eta atzetik datozen langileentzat eskubide bat galtzea».

2018tik ari dira hitzarmen kolektiboa negoziatzen, eta orain arte 50 bilera baino gehiago egin dituzte, baina ez dute lortzen ados paratzea, eta garapen profesionalaren auzi hori da oztopo handienetako bat: «Garbialdi enpresa ezezkoan dago, eta hura denez enpresa nagusia, ez dugu aurrera egiten. Enpresek ez dute konpromisorik hartu nahi Osakidetzak dirua jarriko ote duen jakin gabe».

«Lehen, ezinbestekoak omen ginen, eta txalo egiten ziguten», esan zuen Bolañok, pandemiaren garairik gogorrena gogoan; «orain, txaloak desagertu dira, eta ikusezin bilakatu gaituzte».

ELAren salaketa

ELAk greba mugagabera deitu zuen Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuan joan den otsailaren 27an, eta orain salatu dute Osakidetzak agindu duela Donostiako ospitalean «ohiz kanpoko garbiketa nagusia» egitea. Sindikatuaren ustez, greba eskubidea urratzen du erabaki horrek.

«Ohiz kanpoko garbiketa honen helburu bakarra da grebalariak zigortzea», esan du ELAk: «Gatazka ez da konponduko ohiz kanpoko garbiketekin edo gutxieneko zerbitzuak handituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.