Ahal Dugu-ko militantziak baiezkoa eman dio gobernu akordioari

Alderdiaren militanteen %79k babestu dute akordioa eta gobernuan sartzea. EH Bilduko militanteek galdeketa egin dute, eta gaur goizean emango du emaitzaren berri

Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea Ahal Dugu-ko Mikel Buil eta Ainhoa Aznarezekin. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gaur jakingo da Maria Txibite presidente izango den ala ez. Atzo, EH Bilduk militanteen artean galdetu zuen ea zer jarrera hartu behar duen parlamentu taldeak bihar eta etzi egingo den inbestiduran: behar diren abstentzioak eman gobernuari bide emateko, edo ezezkoa. 21:00etan itxi ziren hautetsontziak eta bozketa telematikoa, baina berme batzordeak ziurtatu behar du emaitza, eta, hala, gaurko deitu dute prentsaurrekora. Halaber, herenegun Ahal Dugu-k jakinarazi zuen militanteen %79k baiezkoa eman diotela gobernu itunari.

Ahal Dugu-k hiru aukera eman dizkie militanteei: inbestiduraren alde bozkatu eta gobernuan sartu, baiezkoa eman baina gobernuan sartu gabe, eta abstentzioaren alde egin. Akordioaren arabera, gobernuak izango dituen hamahiru departamentuetatik bat Ahal Dugu-k kudeatuko luke (Migrazio Politikak eta Justizia), eta, gainerakoan, PSNk zortzi departamendu eta Geroa Baik lau lituzkete.

Hala, militanteen %79,4k (597 boto emaile guztira) gobernuan sartzearen alde egin dute; beste 116 militantek (%15,4) inbestidura babestearen alde baina gobernutik at, eta gainerako %5,2k abstentzioa hobetsi dute. Horiek hala, PSNk, Ezkerrak eta Geroa Baik bezala, Nafarroako Ahal Dugu-k ere baiezkoa emango dio akordioari eta inbestidurari .

Dena den, EH Bilduk baldintzatuko du azken bozketa. Atzo, bozketa telematiko bidez eta hainbat egoitzatan, militanteei galdetu zien zer egin. 21:00etan amaitu zen prozesua, eta hamahiru ordu geroago emango du emaitzaren berri Adolfo Araiz parlamentariak: gaur, 10:00etan. Eztabaida handia egon da koalizioan zer egin. Nafarroako EH Bilduko mahai politikoak abstentzioaren alde egin du, baina herenegun bertan Bakartxo Ruiz parlamentariak aurreratu zuen militanteena dela azken erabakia, eta, hartzen den erabakia hartzen dela, hura defendituko dute irmo taldeko zazpi ordezkariek.

Nafarroako biktimen iritzia

Nafarroako ETAren biktima batzuk Anvite elkartean bildu ziren 2018 hasieran. Talde horrek, ohar bidez, gogor kritikatu du PSNk «etikaren marra gorria zeharkatu izana». Anviteren arabera, EH Bilduren babesarekin gobernatuko du PSNk, eta horren aurrean «ezintasuna, etsipena eta lotsa» sentitzen dute. Elkarte horrek aurreko gobernuari leporatu zion «Bilduren presentzia zuritu izana» eta biktimen alde lan ez egitea. Salaketa horretan PSN alboan izan dutela diote oharrean, eta horregatik ez dute ulertzen zergatik «Arnaldo Otegik eragingo duen politiketan». Bidegabetzat jo dute.

Iaz, Alfonso Sanchez AVTko presidenteak berak salatu zuen elkarte horretako biktimak «alderdi baten zerbitzuan» daudela. «Hildakoak botatzen dizkiote elkarri, alderdi batzuk edo besteak boteretik kentzeko».

Atzo, Javier Esparza Navarra Sumako hautagaiak elkartasuna adierazi zion Anviteri: «Ulertzen dugu zuen haserrea. Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik. Ez zaituztegu bakarrik utziko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.