Koronabirusa munduan

Diaz-Canelek Kubaren erantzun «duina» babestu du

Gaixo larrien eta kritikoen %80k gaitza gainditzea lortzen dutela nabarmendu du Kubako presidenteak. Herrialdeak bere txerto propioa ahalik eta lasterren lortzea ezarri du lehentasunen artean

ERNESTO MASTRASCUSA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Amerikako kontinente ia osoan COVID-19 gaitza abiadan hedatzen ari den bitartean, Kuba eusten ari zaio SARS-CoV-2 birusak eragin duen pandemiari. Gaur-gaurkoz, 1.916 kutsatze baieztatu ditu, eta gaitzarekin hildakoak 81 dira. Herrialdeko datuak urrun daude Amerikako batezbestekotik. OME Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, Kubaren erantzuna eraginkorra izaten ari da, eta horretan zeresan handia du irlako osasun sistema sendoak. Horrez gain, gobernuak neurriak garaiz hartzen asmatu duela ere nabarmendu dute. Miguel Diaz-Canel presidentearen esanetan, Kubak «duin» jokatu du pandemiaren aurrean, AEBen blokeoak eragiten dizkion zailtasunen gainetik.

«Pandemiaren aurkako borrokan emaitza duina lortu dugu; are gehiago aritu garen baldintzetan arituta», adierazi zuen herenegun Diaz-Canelek, zenbait zientzialari talderekin egin zuen bilkuran. Presidenteak gogorarazi du Kubak «egoera ekonomiko eta sozial konplexua» zuela koronabirus berria irlara iritsi aurretik ere, AEBen blokeoaren eta Helms-Burton legearen ondorioz.

Datuek baieztatzen dute Kubak bere inguruko herrialdeek baino hobeto erantzun diola pandemiari. Ez da 17 kutsatura iristen ehun mila biztanleko, eta hildakoak 0,71 dira kopuru berarekiko. Aldiz, Kubaren biztanleria antzekoa duten Karibeko beste herrialde batzuek datu kezkagarriagoak dituzte: Haitin 6,6 dira kutsatuak ehun mila biztanleko, baina hildakoen indizea 25ekoa da herritar kopuru bera erreferentzia gisa hartuta; Dominikar Errepublikan kutsatuen proportzioa 128,5ekoa da, eta hildakoena, 4,22koa. Amerika osoari dagokionez, batez beste 229 kutsatu daude ehun mila biztanleko, eta 13,6 hildako.

Jose Moya OMEren Osasunerako Erakunde Panamerikarrak Kuban duen ordezkariaren arabera, Kuban gakoak izan dira «osasun langileen bidez antolatzeko gaitasuna, lehen arretarako duen sarea eta [kutsatuen] identifikazio goiztiarra». Kasu positiboekin nola jokatu zehazteko garatu dituzten protokoloen garrantzia ere nabarmendu du.

Gobernuak medikuntza eta odontologia ikasleen brigadak antolatu ditu, irlako herri eta hirietan barrena kasu posibleen bila aritzeko, eta sakelako telefonorako aplikazio bat jarri du martxan sintomak dituzten herritarrek abisu eman dezaten. Gaitza dutenak bakartzeko prestatu dituzte osasun zentroak. Baina ez hori bakarrik: kasu susmagarriak eta baieztatutako infektatuekin kontaktuan izan direnak ere bakartzen dituzte. Horiek bakartzeko, kanpainako ospitaleak altxa dituzte, eta hainbat ikastetxe eta unibertsitate egokitu.

Kutsatze lokalak atzeman diren zenbait auzo itxi egin dituzte, bestalde. Orain arte, 44 auzotan ezarri dute neurria. Diagnostikoari ere garrantzia aitortu diote: 90.000 PCR test baino gehiago egin dituzte lehen kasua atzeman zutenetik, eta Txinatik inportatutako milaka test azkarrekin osatu dute ahalegina.

Kuban ez dago derrigorrezko itxialdirik indarrean, baina gobernuak herritarrei eskatu die etxetik ez ateratzeko, ezinbesteko jarduera baterako ez bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da espazio publikoetan.

Teknologia subiranotasuna

Diaz-Canelek bi helburu nagusi zehaztu zituen herenegun, datozen hilabeteetarako: birusaren beste agerraldi bat eragoztea eta Kubak bere txerto propioa ahalik eta azkarren eskuratzea. Presidenteak «Kubako bioteknologiaren ekarpena» nabarmendu zuen, eta herrialdean garatu dituzten bi sendagairi egin zien aipamen berezia: Anti cd6 eta CIGB 258 izenekoei.

Lehenengoarekin, 76 gaixo tratatu dituzte, eta, iturri ofizialek adierazi dutenez, gaixo larrien %80k bizirik irtetea lortu dute. Bigarrena, jatorrian artritisaren kontrako sendagai gisa garatu zena, 49 gaixori eman diete, eta larri zeudenen %92k lortu dute gaitza gainditzea. «Munduan, egoera kritikoan dauden gaixoen %80 hiltzen ari dira. Kuban, sendagai horiekin, egoera kritiko eta larrian daudenen %80 osatzen ari dira», adierazi du Diaz-Canelek. Orain arte Kuban atzeman diren 1.916 kasuetatik, 1.631ri sendagiria eman diete infektatuen %85,1i, alegia.

Kubako estrategia farmazeutikoa ahalik eta azkarren erantzutea da. Gaixoen sistema immunologikoa lehenbailehen indartzen ahalegintzen dira sendagaien laguntzarekin. Ospitaletara iristen diren kasu susmagarriei ere ematen diete tratamendua, kutsatuta dauden ala ez baieztatu aurretik.

Gobernuak ohartarazi du «teknologia subiranotasuna» ezinbestekoa duela irlak pandemiari aurre egin ahal izateko, AEBen blokeoak mugatu edo eragotzi egiten duelako sendagaiak, osasun ekipamenduak eta diagnostikorako baliabideak eskuratzea. Hala, Bruno Rodriguez Atzerri ministroak jakinarazi zuenez, medikuak herrialdean bertan ekoitzitako 17 sendagai ari dira erabiltzen koronabirusaren kontra. Horrez gain, Kubak arnasgailuetarako eta diagnostikorako teknologiak ere garatu ditu.

Lortutako emaitzei esker, osasun sistemaren kolapsoa saihestea lortu du irlak. Apirilean pilatu zitzaion kasu larri gehien, eta, orduan, kasu larri eta kritiko guztien arretarako 30 ohe okupatu zituzten ospitaleetan. «Kubako osasun sistemak epidemia kontrolatzea lortu du; ez da kolapsatu, eta hura desagerrarazteko bidean da», adierazi zuen herenegun Raul Guinovart Habanako Unibertsitateko Matematika eta Konputazio Fakultateko dekanoak.

Gobernuak ziurtatu du, irlako egoerari arretarik kendu gabe, Kubako medikuek atzerrian laguntzen jarraituko dutela. 26 mediku brigada ari dira COVID-19aren kontra, 24 herrialdetan. Gobernuaren esanetan, aurretik, 59 estatutan laguntza eskaintzen ari ziren irlako 28.000 mediku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.