Begi bat Poliziaren jardunari

Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordea eratu du Jaurlaritzak, Ertzaintzaren jarduna auzitan dagoela. 2019ko Polizia Legearen erreformaren berritasun nagusietako bat da

Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordea eratzeko bilera, urtarrilaren 26an. IREKIA.
jon olano
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ertzaintzaren hainbat jokabide eztabaidagai izan dira urteko lehen asteetan. Zenbait udalerritan liskarrak izan dira polizien eta herritarren artean, eta, Donostian esaterako, Ertzaintzak matrailezurra apurtu zion gazte bati foam bala batekin. COVID-19aren izurria apaltzeko neurrien testuinguruan kokatu dira nagusiki Ertzaintzaren esku hartzeak, baina ez soilik; otsailaren 1ean, ertzain batek sudurra apurtu zion Javi Gomez CCOO sindikatuko industria arloko arduradunari, ITP Aero Castingseko langileen kaleratzearen aurka protestan ari zela, Muskizen. Kasu horretan, barne ikerketa bat zabaldu du Ertzaintzak, jokabide okerrik egon ote zen ikertzeko.

Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordea sortu zuen Jaurlaritzak urtarrilaren 26an. Polizia Legearen azken erreformaren berritasun nagusietako bat da batzorde horren sorrera, eta helburua da «aztertzea eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza». Horrekin, xedea da «polizia jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzea».

Haren eginkizunak eta esku hartzeko eskumenak Polizia Legearen erreforman daude jasota, eta batzordeak kasu bakanetan izan dezake ofizioz esku hartzeko aukera: «Poliziaren esku hartze edo operatiboen testuinguruan edo polizia zaintzak dirauen bitartean, norbait hiltzea edo larriki lesionatzea» gertatzen bada. Kasu horietan, Ertzaintzak edo Udaltzaingoak, «nahitaez, berehala jakinarazi beharko diote batzordeari zer gertatu den». Ofizioz, batzordeak aukera izango du «jardunbide onak gomendatzeko», «poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide patroiak edo jardunbideak identifikatzeko» nahiz «neurri zuzentzaileak edo prebentziozkoak proposatzeko», baina, kasu larrienak alde batera utzita, enkarguz jardungo du batzordeak: Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, dagokion udal agintaritzak edo arartekoak eskatuta.

Eusko Jaurlaritzak 2018ko ekainaren 26ko Gobernu Kontseiluan onartu zuen Polizia Legea aldatzeko proiektua, eta Eusko Legebiltzarrak 2019ko ekainean eman zion oniritzia; 1992koa da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu zen lehen Polizia Legea, eta bosgarren aldaketa izan zen duela ia bi urtekoa. Besteak beste, bi aldaketa jaso zituzten arau berrian: emakumezkoak polizien %33 izatea gutxienez—2019an %12 ziren— eta Ertzaintzara sartzeko gehienezko adina 35 urtetik 38ra igotzea. Andreen presentzia handitzeko, legeak ezartzen du hautatze prozesuetan kontratatutakoetatik gutxienez %25ek emakumeak izan behar dutela.

Polizia sindikatuen artean, ordea, eztabaidagai nagusietako bat izan zen batzordearen sorrera. Esaterako, legea onartu aurretik, 2012ko apirilean Ertzaintzaren pilotakada batek jota hildako Iñigo Cabacas Bilboko gaztearen auziarekin lotu zuen Ernek taldea eratzeko asmoa, eta nabarmendu lehendik ere badirela «nahikoa» kontrol neurri, berririk sortzeko beharrik gabe: «Hor dago botere exekutiboa Segurtasun Sailak bere esku dituen tresnekin; hor dago botere legegilea ere, Jaurlaritzako Batzorde desberdinekin, eta hor dago justizia. Zertarako behar ditugu tresna gehiago?».

Lau gizon, bi emakume

Jaurlaritzak abenduaren 22ko Gobernu Kontseiluan izendatu zituen kideak. Batzordeburu batek eta beste bost kidek osatuko dute taldea; lau gizonezkok eta bi emakumezkok: Javier Hernaez, Estefania Ocariz, Jose Antonio Nieto, Miren Ortubai, Joaquin Gimenez eta Ricardo Egigurenek. Hernaez Legelarien Euskal Kontseiluak proposatu du, Ocariz Gasteizko Udalak eta gainerako laurak Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak.

Jaurlaritzaren hitzetan, batzordekideek «prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia» dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan. Kideen herena Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan egon diren eta orain dauden eta kidegoan gutxienez hamabost urteko esperientzia duten pertsonen artetik aukeratu dituzte, eta beste herena, berriz, arlo horietan «prestigio akademiko aitortua» duten langileen artetik.

Batzordekideak bost urterako izendatu dituzte, eta ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Halere, Jaurlaritzak diru sail bat gorde beharko du aurrekontuan, «batzordeak bere lanak egin ahal izateko». 2021erako aurrekontuetan, 30.000 eurokoa izan da sail hori.

Bestalde, Polizia Lege bateratuaren 20. artikuluaren arabera, Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordeak bere jarduerei buruzko txosten bat egingo du bi urtetik behin, eta Eusko Legebiltzarrari bidali beharko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.