Albistea entzun

Artearen lekuak. Art Box galeria

Artearen kutxa hibridoa

Pintura klaseak emateko eremu gisa zabaldu zuen Jorge Lopezek Art Box gunea, duela hamabost urte. Hiru urte baino ez dira obrak bertan erakutsi eta saltzen hasi zela.
Bi erakusleiho handi ditu Art Boxek, eta barrura sartu gabe ere ikus daitezke margolanak, erakusketa gunea txikia baita.
Bi erakusleiho handi ditu Art Boxek, eta barrura sartu gabe ere ikus daitezke margolanak, erakusketa gunea txikia baita. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko abuztuak 5 - Gasteiz

Kamiseta zuridun haur maskaratu bat hara eta hona dabil, jolasean, Gasteizko Vicente Goikoetxea kaleko jolas parkean, platanondoen gerizpean. Oasi txiki bat da kalea, uztaileko astelehen goiz batez, bero galdatik ihesean ari direnentzat. Artean oasi txiki bat da Art Box ere, apenas arte galeriarik geratzen ez den hiri horretan artelanak sortu, erakutsi eta saltzeaz arduratzen den gune bakanetako bat baita. Kalearen izkina batean dago lokala: bi erakusleiho handi ditu alde banatan, eta ate txiki bat erdian. Argitasun izpi bat da itzalaren iluntasunean.

Sarrerako burdina hesia erdi itxita dauka goizeko lehen orduan, baina bi emakume gerturatu dira ezkerreko leihora, bistara dauden lanak ikustera. Askotariko paisaien leiho txikiak dira koadroak bere horretan: Gasteizko katedral berria ikus daiteke horietako batean, tranbia gorri zahar bat Lisboako karriketan, gondolak Veneziako kanaletan, eta udazkena hor nonbaiteko baso batean. Jorge Lopezen, Ricardo Azkargortaren, Javier Zorrillaren eta Anna Grasseten koadroak dira, akuarelaz margotutakoak gehien-gehienak.

Dozena bat margolan daude gehienez ere, ez gehiago. Txikia baita erakusketa gunea; sei metro zabal eta beste hainbeste luze izango ditu denera. Kristalezko mahai bat ere badago, eta lore sorta koloretsu batek apaintzen du erdi ezkutuan dagoen bezeroen arretarako gunea, gelaren eskuineko aldean. Erakusketa gunearen atzean beste gela bat dago; hura handiagoa da, zuriagoa, hotzagoa, eta ez du aurrekoaren edertasunik. Baina kanpotik ikusezina den leku hori da Art Box mugiarazten duena. Han dabil, hain zuzen ere, Jorge Lopez margolari eta Art Boxen arduraduna, elkarren segidan jarrita dauden mahaien artean, ordubete barru emango duen pintura klasea prestatzen.

Art Box ez baita arte galeria konbentzional bat; aitzitik, «soilik arte galeria izan nahi ez duen espazio berri bat da», Lopezek azpimarratu duenez. «Pintura klaseak ematen diren estudio bat da oinarrian, baina erakusketa gune bat ere baduena. Beraz, espazio hibrido bat da», zehaztu du ondoren. Sorkuntzaren eta erakusketaren arteko bidegurutzean kokatzen da gunea. Biak ditu ezinbesteko eguneroko jardunari eutsi ahal izateko: batak bestea elikatzen du.

Duela hamabost urte zabaldu zuen gunea Lopezek. Pintura klaseak emateko eratu zuen hasieran, margolaria baita bera, eta «margolari batek bere bizimodua ere atera behar baitu». Asmo horrekin ekin zion klaseak emateari. Astean lau egunetan ematen ditu eskolak orain. Duela hiru urte, ordea, erabaki zuen gutxi batzuen begiradapean egiten zen jarduerari ikusgarritasuna ematea. Lokala egokitu zuen horretarako, eta ikusezin egiten zuten hormen ordez bi leiho garden jarri zituen; kanpotik barrukoa ikusi ahal izateko, eta barrutik kanpokoa. «Arte galeriek gune esklusiboen itxura izan dute beti, eta askori beldurra eman izan die barrura sartzeak. Kasu honetan, ordea, erakusleiho handi banarekin barrura sartu gabe ikus daiteke erakusketa, eta horrek ahalbidetu die askori astero osteratxoa egitea hemendik, zer topatuko ere».

Izan ere, Lopezek uste du arte galerien formatua «zaharkitua» geratu dela, eta formatuak ez duela «zentzurik» Gasteizen moduko hiri txiki batean. «Gaur egun, instituzioek erabat hartua dute arte modernoaren edo argazkilaritzaren esparrua, eta nahikoa baliabide dituzte erakusketa gune irekiak egokitzeko. Partikular batentzat, hori oso zaila da, baita hiri handienetan ere». Horregatik erabaki zuen erdibideko zerbait egitea Art Boxekin. «Irakaskuntzan aritzen naiz gehienbat, eta galeriarena nire koadroei edo beste pintore ezagunen lanei irtenbide bat emateko modu bat da».

Margolanak soilik

Ez du inoiz beste diziplinekin probatu: margolanak erakutsi eta saltzen ditu soil-soilik. «Horrek betetzen nau bereziki». Eta obrak «artista profesionalek» egindakoak dira, batez ere. Bertakoak dira batzuk, kanpokoak beste batzuk: Myriam de Miguel, Eduardo Alsasua, Carlos Espiga, Aitor Sarasketa, Carlos Marcote, Blanca Basabe, Idoia Lasagabaster... Bere lanak ere badira horien artean. «Baina akuarelarekin egindako lanetan zentratu naiz, batez ere».

Hainbat artistaren lanak tartekatu ohi ditu erakusketa guneko hormetan normalean, nahiz eta «behin edo behin» artista bakar baten obrarekin osatu duen erakusketaren bat ere. «Biltegi txiki bat dut, eta aldatuz joaten naiz. Aste batzuk eman ditzaket aldaketarik egin gabe. Bestela, momentuaren arabera zerbait jarri edo kentzen dut. Saiatzen naiz askotariko lanak erakusten».

Bi gela nagusien artean dago biltegi txikia; ez ditu bi metro ere izango zabaleran. Apalategi moduko batean ditu koadroak sailkatuak, hamarnaka lan denera. Lurrean ere baditu koadro batzuk, biltegian kabitzen ez direnak. Zergatia azaldu du Lopezek: «Pandemian, erakusketa gunea egokitu behar izan dut, biltegia txikitu eta barruan distantzia handiagoa izateko. Horregatik mugitu nituen barruko hormak. Eskerrak erraz mugitzeko modukoak genituen». Artearen kutxa hibridoa baita fisikoki ere.

ART BOX
Irekiera urtea: 2017.
Lekua: Vicente Goikoetxea kalea 1, Gasteiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Billy Bragg kantari ingelesa, 2018an, Londresen egindako kontzertu batean. ©FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE / EPA

Pandemiak musikaturiko lana

Ainize Madariaga

'The Million Things That Never Happened' disko berria kaleratu du Billy Bragg kantari ingelesak

Jorge Diaz, Antonio Mercero eta Agustin Martinez idazleak, aurtengo Planeta sariaren irabazleak. ©QUIQUE GARCIA / EFE
Laugarren kanporaketa, atzo, Mungiako Olalde aretoan. ©BERTSOZALE ELKARTEA

Oihana Bartra Arenas nagusitu da laugarren kanporaketan, Mungian

Berria

479 puntu eskuratu ditu bertsolari bilbotarrak. Paule Ixiar Loizagak egin du bigarren. Elorrion eta Getxon izango dira hurrengo kanporaketak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.