Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJren zerrendak

Hautagai bakarra izanik, Urkullu izango da EAJren lehendakarigaia

Jeltzaleen tokiko erakunde guztiek babestu dute. Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentegai

Arrizabalaga, Urkullu eta Tejeria, Sabin Etxearen atarian. BERRIA.
jon olano
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Iñigo Urkulluk Uri Erakunde guztien aho bateko babesa jaso du eta,ondorioz, Lehendakarirako hautagai bakarra da». EAJk hitz horiekin iragarri zuen atzo Urkullu izango dela, berriro ere, Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia. Sorpresa zatekeen bestela izatea, EAJko Euzkadi Buru Batzarrak urtarrilean iragarri baitzuen Urkulluren hautagaitza proposatzeko asmoa, baina egungo lehendakariaren hautagaitzak erabateko babesa jaso du alderdi barruan, eta ez du beste inorekin lehiatu beharko.

Horiek horrela, hirugarren aldia izango da Iñigo Urkullu (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) Jaurlaritzako lehendakarigai aurkeztuko dena. 2012az geroztik gobernuaren buruzagitzan egon da; lehen lau urteetan, kolore bakarreko gobernua osatuta, eta, 2016ko azaroaz geroztik, PSE-EErekin koalizioan. Bi alderdiek formula bera ezarri zuten 2015etik aurrera diputazioetan, eta eutsi egin diote 2019ko udal eta foru hauteskundeen ostean.

Urkulluk eskerrak eman zizkien alderdikideei, babesa emateagatik, eta azaldu zuen Jaurlaritzako lehendakari izatea «abertzale batek izan dezakeen ohorerik handiena» dela, eta, diskurtsoan, ahotan izan zuen Zaldibarren gertatutakoa: «Babesak zeresan berezia dauka. Azken egunak ez dira samurrak izan». Adierazi zuen EAJk defendatzen duen ereduak «emaitza onak eskaintzen» dituela, baina gaineratu ez direla «inkonformismoan eroriko».

Arrizabalaga Bizkaitik

Urkullu izango da lehendakarigaia, baina Eusko Legebiltzarrerako aurkeztuko dituen zerrenda osoak onartu zituen atzo EAJren Aberri Batzarrak. Urkullu bera izango da Arabako zerrendaburua, eta haren atzetik joango dira Jone Berriozabal eta Jose Antonio Suso. Bizkaian, Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide eta Gatikako alkatea izango da zerrendaburu; Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea izango da bigarren, eta Iñigo Iturrate hirugarren. Gipuzkoako zerrendari dagokionez, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria izango da zerrendaburua eta kargu horretan jarraitzeko hautagaia. Bigarren joango da Maria Eugenia Arrizabalaga, eta hirugarren Joseba Egibar. 75 hautagaietatik, 38 dira emakumeak, eta 37 gizonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.