Albistea entzun

EAJ, EH Bildu eta EP adostu egin dira Atristainen espetxeratzea salatzeko

Auzitegi Gorenaren erabakiari «arbitrario» iritzi diote. Foro Sozialak txalotu egin du akordioa
Diez, Gorrotxategi eta Arzuaga, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Diez, Gorrotxategi eta Arzuaga, atzo, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko ekainak 4

Espainiako Auzitegi Gorenak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren irizpideak aintzat hartu ez izanak, eta, ondorioz, Xabier Atristain espetxeratu izanak erreakzio soka luzea ekarri du, eta, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko indar politiko nagusiak ados jartzea lortu du. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bateratua izenpetu dute, eta, horretan, «harridura» eta «kezka» agertu dute erabakiaren inguruan. Uste dute Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia «arbitrarioa» dela, eta «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin duela.

EAJko Joseba Diezek, EH Bilduko Julen Arzuagak eta EP-IUko Miren Gorrotxategik aurkeztu dute agiria. Hiru indar politikoen artean, parlamentarien %77 ordezkatzen dituzte Eusko Legebiltzarrean. Gogorarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak plazaratutako epaia «argia, irmoa eta bete beharrekoa» zela, eta, hortaz, harrigarria begitandu zaie Espainiak sententzia hura aintzat hartu ez izana.

«Errespetuz hartu genuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka Atristain auzian emandako epaia, zeinaren arabera Atristaini epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaion, inkomunikazio erregimenaren aplikazioaren ondorioz. Sententzia horri jarraituz, Atristain aske geratu zen», azaldu dute hiru taldeek.

Hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du Estrasburgotik iritsitako epaia aintzat ez hartzea. Erabaki «arbitrario» horrek «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin du, hiru taldeen ustez.

«Kezka» ere adierazi dute hiru taldeek, «alternatibak egonda ere Atristain berehala espetxeratzeko agindua» eman dutelako.

Foro Sozialak «txalotu» egin du adierazpena, eta nabarmendu du «legebiltzarkideen gehiengo zabal batek erdietsitako akordioa» izan dela, «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Atristain auziari buruz emandako epaia betetzeko eskatzeko, eta, aldi berean, Auzitegi Gorenaren azken epaiaren arbitrariotasuna salatzeko».

Foro Sozialak uste du inkomunikaziopean atxilotutakoei abokatu laguntza ematea «oinarrizko eskubidea» dela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsi duen moduan.

Hortaz, Atristain espetxeratu izana «epailetzaren sektore oso ideologizatu baten erabakia» izan dela pentsatzen du Foro Sozialak: «Sektore hori beste esparru batzuetan ere presentzia duen lobby baten parte da, baina sufrimendu gehiago eragitea baino ez dute lortzen».

EArentzat, «kezkagarri»

Eusko Alkartasunak ere «oso kezkagarritzat» jo du Gorenaren erabakia, uste baitu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia «argia» zela. EAren ustez, Gorenak eragotzi nahi du «Espainiari ezarritako zigorra bete behar izatea». Esan duenez, Atristainek ez zuen «epaiketa justurik» izan, eta, ondorioz, Estrasburgok plazaratutako epaia «nahitaez» bete behar da.

Urtarrilaren 18an ebatzi zuen Estrasburgok Atristainen eskubideak urratu zituztela. Otsailaren 17an, Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, epaia nola aplikatu behar zen erabaki bitartean. Gorenaren erabakia asteazkenean iritsi zen, eta, hurrengo egunean, berriro espetxeratu zuten Atristain, Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, joan den abenduan, Baionako Arteen Hirian. ©BOB EDME

Ezinegonak agerian, elkargoko aurrekontuaren eztabaidan

Ekhi Erremundegi Beloki

Martxoaren 4ko batzarrean bozkatuko dute Euskal Hirigune Elkargoko 2023ko aurrekontua. 2026 arte hogei milioi euro emanen dituzte herrientzat. Lurralde desoreka salatu dute hautetsi batzuek

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. ©SORTU

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Gregorio Eskuderoren aldeko manifestazioa, gaur, Orion. ©Gorka Rubio / FOKU

Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratzeko eskatu dute Orion

Berria

Eskuderori hirugarren gradua ezartzeko ere eskatu du Sarek. Orain, Dueñaseko (Espainia) kartzelan dago preso, lehen graduan.

 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Xabier Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...