Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Lehendakarigaia nola, zerrendakideak hala

David Soto izango da Elkarrekin Podemosen zerrendaburua Gipuzkoan, eta Gustavo Angulo Araban. PPk Urkijo berreskuratu du; apenas utzi duen Alonsoren ildoko hautagaien arrastorik

Carlos Iturgaiz, PPren Portugaleteko egoitzan (Bizkaia), herenegun. MIGUEL TOÑA / EFE.
jon olano
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gauerdian amaitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeetan Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta erregistro horretan isla izan dute azken egunetan Ahal Dugu-n eta PPn izandako erabakiek. Miren Gorrotxategik Ahal Dugu-ko primarioak irabazi eta Lander Martinez idazkari nagusiak dimisioa eman ondoren, Gorrotxategiren ildoarekin bat datozen hautagaiek beteko dituzte Elkarrekin Podemosen zerrendetako aurreneko postuak. PPren kasuan, berriz, Alfonso Alonso presidentearen dimisioaren ondorioek eta Ciudadanosekiko akordioak mamitu dituzte hautagaitzak.

Gorrotxategi izango da Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia eta Bizkaiko zerrendaburua; David Soto Rodriguezek beteko du postu hori Gipuzkoako zerrendetan, eta Gustavo Angulo Garciak Arabakoetan. Soto Irungo (Gipuzkoa) zinegotzia da; han, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk PSEren aurrekontuak babestu dituzte. Angulok Txagorritxuko erietxean egiten du lan, eta Ahal Dugu-ko Koordinazio Autonomikoko Kontseiluko kidea da. Ahal Dugu-k Ezker Anitzarekin osatuko du koalizioa; Equo kanpoan utzi dute, eta, beraz, horrek ere aldaketak eragingo ditu zerrendetan. Equo ere aurkeztuko da; Jose Ramon Becerra izango da zerrendaburua.

PP: zaharrak berri

PPn, berriz, Madrilgo zuzendaritzak erabaki zuen Ciudadanosekin koalizioan aurkeztea eta Carlos Iturgaiz lehendakarigai izendatzea. Hala, Alfonso Alonso PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidentearen dimisioa behartu zuen. Aldaketa, ordea, zerrendaburuaz harago doa.

Iturgaiz Bizkaiko zerrendaburua izango da, eta Carmelo Barrio egungo legebiltzarkidea izango da Arabako hautagaitzaren burua. Araban bertan, Laura Garrido legebiltzarkidea izango da bigarren, eta, beraz, egungo talde parlamentarioaren segida bermatuko dute herrialde horretako zerrendako lehen bi postuek. Laugarren posturako, berriz, PPren sektore kontserbadoreko aurpegi ezagunetako bat berreskuratu dute: Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkari ohia. Garridoren eta Urkijoren artean, berriz, Jose Gil Ciudadanoseko kide eta Donostiako alkategai izandakoak beteko du zerrendako hirugarren postua. PP+C's zerrendetan zazpi hautagai izango ditu Ciudadanosek, eta bi legebiltzarkide izango lituzke PPren 2016ko emaitzei eutsiz gero.

Alonsoren sokakoen artean eginiko garbiketaren adierazle dira Iñaki Oiarzabal eta Amaia Fernandez. Oiarzabal Arabako zerrendan 24. postuan jarri dute—zerrendak 25 hautagaik osatzen dituzte—; Fernandez, berriz, PPren EAEko idazkari nagusi eta behin-behineko presidentea da, eta «zerrendetan ez egotea erabaki du», Raquel Gonzalez Bizkaiko presidenteak azaldu duenez. Anton Danborenea Bizkaiko legebiltzarkidearena da zerrendetako beste hutsune nagusietako bat. Izan ere, Iturgaizek Bizkaiko zerrendan lagun izango ditu Luis Gordillo CiudadanosekoEAEko presidentea eta Raquel Gonzalez. Gipuzkoan, berriz, Muriel Larrea PPren Irungo udal taldeko bozeramailea izango da zerrendaburua, eta Jose Luis Arrue Gipuzkoako behin-behineko presidentea bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.