Koronabirusa munduan

«Egonkorra» da Johnsonen osasun egoera

Erresuma Batuko Gobernuak adierazi du ez duela arnasgailurik behar izan. Raab Atzerri ministroak hartu du gobernuaren gidaritza

Boris Johnson, agerraldi batean, joan den martxoaren 20an. JULIAN SIMMONDS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ZIU zainketa intentsiboetako unitate batean dago astelehenaz geroztik,COVID-19 gaitzak jota. Haren osasun egoera «egonkorra» dela jakinarazi zuen atzo Down Streetek. Johnsonen bozeramaileak azaldu zuen lehen ministroa gai dela bere kabuz arnasteko, eta medikuek ez diotela arnasgailurik jarri behar izan. Hori bai, ohiko oxigeno tratamendua ezarri zioten astelehenean. Gobernuak ukatu egin zuen Johnsonek pneumonia duenik, eta «aldarte onean» dagoela gaineratu zuen.

Erresuma Batuko lehen ministroak 55 urte ditu, eta positibo eman zuen joan den martxoaren 27an. Hamar eguneko berrogeialdia egin zuen etxean, baina ez zituen uxatu COVID-19aren sintomak. Sukar handia izan zuen egun horietan, eta ondoeza areagotu zitzaion astelehenean. Hala, Londres erdialdeko erietxe batera eraman zuten arratsaldean, eta ZIU batean ospitaleratu zuten.

Dominic Raab Atzerri ministroak hartu du gobernuaren gidaritza Johnson osatu bitartean, Erresuma Batuko Estatu idazkari nagusia ere badenez. Raabek zuzendu zuen atzo astearteetako ohiko gobernu bilera, eta datozen egunetan harena izango da gobernuaren norabidea ezartzeko ardura, koronabirusak eragindako krisi betean. Hala ere, Raabek mugatuta izango ditu zenbait eskumen, eta gobernuak zenbait erabakitan esku hartzeko gaitasuna izango du.

Hartu beharko dituen neurrien artean izango da konfinamenduarekin zer egin erabakitzea. Gobernuak datorren astean aztertuko ditu aukerak.

Johnsonek martxoaren 23an ezarri zuen konfinamendua, neurri zorrotzagoak ez ezartzeagatik jaso zituen kritikek eta birusaren hedatzeak behartuta. Hiru asteko konfinamenduaren ostean, neurria laxatu ala luzatu erabaki beharko du gobernuak. Johnsonek iragarri zuen kontrol neurriak malgutuko zituela «ebidentzia zientifikoek» hala baimenduz gero.

Azken asteetan, baina, okerrera egin du egoerak Erresuma Batuan. 55.200 koronabirus kasu baino gehiago atzeman dituzte, eta gaitzarekin hildakoak 6.100 baino gehiago dira. Atzo, 786 lagun zendu ziren koronabirusarekin. Eguneko hildako kopururik handiena herrialde horretan.

Atzotik, bakartuta dago Michael Gove kabinete ministroa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.