Albistea entzun

Adingabeen nutrizio eta bizi ohiturak, okerrera

Pandemiak 16 urtetik beherakoen gehiegizko pisuan eta osasunean izan duen eragina aztertu du Save the Childrenek. Erakundeak ondorioztatu du elikadura ohiturek okerrera egin dutela.
Nutrizio txarra ez ezik, sedentarismoa ere kaltegarria da.
Nutrizio txarra ez ezik, sedentarismoa ere kaltegarria da. ELÍAS L. BENARROCH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez -

2022ko maiatzak 3

Pandemiak kalte egin die haurren eta nerabeen osasunean eragiten duten ohitura guztiei», adierazi du Charo Arranz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save The Childreneko zuzendariak. Erakundeak Agur dieta mediterraneoari: nutrizioa eta ohitura osasungarriak Euskadiko haurren artean txostena aurkeztu du: pandemiak 16 urtetik beherakoen gehiegizko pisuan eta osasunean izan duen eragina aztertu du hartan.

Arranzek BERRIAri azaldu dionez, lortutako datuak «kezkagarriak» dira. Izan ere, 16 urtetik beherako lau haur eta nerabetik batek gehiegizko pisua edo obesitatea du. Txostenean azaltzen denez, nutrizio ohitura txarrak dituzten haurrek etorkizunean obesitate arazo larriagoak eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoa dute, baita elikadura portaerako edota buru osasuneko nahasmenduak izatekoa ere.

Pandemiak ez du askorik aldatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehiegizko pisua edo obesitatea duten haur eta nerabeen kopurua. Erakundeak egindako konparazioaren arabera, 2017an %25 ziren; eta, alarma egoera ezarri eta urte eta erdira, %24,7. Arranzek azaldu duenez, datuak, berez, ez du adierazten aldaketa «handirik», gorputz masaren indizearen aldaketak ez direlako ikusten epe laburrean. Hala ere, «oso argi» dauka COVID-19arekin ohitura batzuk aldatu direla, eta horiei bere hartan eusteak ondorioak izango dituztela haur horien etorkizunean.

Itxialdiarekin batera, murriztu egin da haurrek kirola eta aisialdiko jarduerak egiten ematen duten denbora, baita fruta eta barazkien eguneroko kontsumoa ere. 2017an, %75ek baino gehiagok jaten zuten fruta egunero; pandemiaren ondoren, berriz, %40k. Horrez gain, 16 urtetik beherakoek denbora gehiago pasatzen dute pantailaren aurrean; horrekin, lo egiteko denbora murriztu da, eta loaren kalitatea okertu: itxialdiaren ondoren, haur eta nerabeek batez beste 37 minutu gutxiago lo egiten dute. Aldagai horiek guztiek elkarren arteko lotura dute, eta denek eragiten dute osasunean.

Dirua eta osasuna

Aldaketek familia guztiei eragiten dieten arren, pobrezia jasaten dutenengan «modu nabarmenagoan» eragin dute. Arranzek azaldu duenez, familia horiek «zailtasunak» dituzte kalitatezko elikagaiak lortzeko, eta euren seme-alabek ezin dute izena eman eskolaz kanpoko ordainpeko jardueretan: «Maila sozioekonomikorik apaleneko familiek maila altuagoko familiek baino hiru aldiz gutxiago egiten dute kirola».

Gaur egun, pobrezia jasaten duten haur eta nerabeen ia erdiak bi ordu baino gehiago egoten dira pantailen aurrean. Horrek lotura zuzena du kirolari eskaintzen dioten denborarekin: «Zenbat eta denbora gehiago egon pantaila baten aurrean, orduan eta denbora gutxiago ematen duzu kirola egiten».

Nola bermatu osasuna

Haurrek eta nerabeek ohitura osasungarriak dituztela bermatzeko, Arranzek uste du adingabeak prestatzea eta informatzea dela gakoa, eta, horrekin batera, pobrezia jasaten duten familiei kalitatezko elikagaiak eskuratzeko aukera ematea. Arranzen arabera, «osasuna ez da argaltasunaren sinonimoa, eta osasuna ez dago neurri jakin batekin lotuta».

Itxialdiak eragindako aldaketa guztiak kontuan hartuta, Save the Childrenek zenbait gomendio egin ditu. Besteak beste, osasunarentzat kaltegarriak diren elikagaiei zerga sistema gogorragoa aplikatzea proposatu dute, eta, horrekin batera, elikagai osasungarriei nolabaiteko onura ezartzea.

Gainera, maila sozioekonomiko apaleko familiei janari txartel batzuk ematea ere planteatu dute, elikagai osasuntsuak eskuratzeko aukera izan dezaten. Proposatu dute elikagai kaltegarriei jarritako zergekin ateratako diruarekin finantzatzea txartel horiek.

Ikastetxeetan aplikatzeko proposamen batzuk ere egin dituzte: eguneroko otorduen eskaintza zabaltzeko eskatu dute, eta gosaria ere eskaintzeko. Horrekin batera, haurrei, familiei eta langileei ohitura osasungarrien inguruko informazioa eta prestakuntza ematea proposatu dute.

Osasun zentroetan ere egin nahi dituzte aldaketak: dietistak eta nutrizionistak jarri nahi dituzte, haurren osasuna «osotasunean» ikusteko, eta ez bakarrik haien pisuari erreparatzeko.

Neurri horiek ezartzeaz gain, publizitatea arautzea ere garrantzitsua da, Arranzen ustez: «Ez ditzagun sustatu osasungarriak ez diren ohiturak, ez elikagaiei dagokienez, ezta osasun mentalari dagokionez ere. Ez dezagun sustatu gorputz perfektua gorputz argal bat delako ustea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitziber Sarobe eta Ainara Kaltzakorta, atzo, Ekotopaketen lehen mahaietako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kolektiboki ekiteko dei ozena

Maite Asensio Lozano

Krisi ekosozialari nola erantzun aztertzeko, Ekotopaketak egiten ari dira asteburuan Portugaleten, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean

Los Arcos zirkuituaren inaugurazio ekitaldia, 2010eko ekainean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Los Arcos kostatu zenaren %10ean saldu du Nafarroako Gobernuak

Joxerra Senar

Gobernuko arduradunak pozik agertu dira salmentarekin, urtero lau milioi euroko gastua baitzuen zirkuituak. Zazpi milioitan saldu dute
Ikoitz Arrese, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

EH Bilduk harreman fase bat hasiko du eragileekin hezkuntza legeaz aritzeko

Irati Urdalleta Lete

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak «patxada eta ausardia» eskatu dizkio Jaurlaritzari. Bildarratzek eragileekin mintzatzeko prestasuna erakutsi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...