Suizidioa

Suizidioaren osteko bizitza

Adiskide baten suizidioa gertuan izan duten lau gazte dira Del Eguido, Abizkuri, Rueda eta Lucas. Halako heriotzen osteko doluaz mintzatzea garrantzitsua dela nabarmenduta, ahotsa ozendu dute: erantzunik gabeko galderetan, estigmatizazioan, emozioetan eta harremanetan jarri dute arreta.

Ezkerretik eskuinera, Asier Del Eguido, Julia Abizkuri, Ivan Rueda eta Leire Lucas, Cascanten, Nafarroan. IÑIGO URIZ /F OKU.
Olaia L. Garaialde.
Cascante
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun

Uste dut gehiegi sartu naizela doluan, sufritu dudala, eta egin behar nituen negarrak egin ditudala; horregatik, uste dut nahiko ondo nagoela, eta hitz egiteko gai naizela». Julia Abizkuri Garciaren hitzak dira. Adiskide batek, Mario Carcavillak, 19 urterekin bere buruaz beste egin zuen duela ia bi urte. Lagun kuadrilla berekoa da Leire Lucas Roncal: «Baditut egunak zeintzuetan uste baitudan aurrera egiten ari naizela, eta beste batzuk zeintzuetan ezin baitiodan pentsatzeari utzi eta mundua gainean erortzen zaidan». Asier del Eguido Agerrea ere lagun taldeko kidea da: «Betiko markatzen zaitu halako zerbaitek; bizitza berri honetara ohitu behar duzu». Ondoan du Ivan Rueda Bidaurreta: «Egun txarrak izaten ditut, baina helduagoa izatea eta bizitzari aurre egitea ekarri dit honek». Suizidioaren osteko doluaz hitz egiteko elkartu dira lau adiskideak igande batean. Beren herrian izan da topaketa, Cascanten (Nafarroan), oraindik ere hildako lagunaren memoriaz beteta dagoen eremu horretan. Hein batean, presente egon da hura ere.

Ikusi gehiago:Jezabel Sierra, psikologoa «Suizidioagatik norbait galtzeak dena zalantzan jartzea eragiten du»

20 eta 21 urteko gazteak dira. Suizidioaz ere mintzatu behar dela esan dute. «Garaiz atzemateko lehen urratsa hitz egitea da», ohartarazi du Abizkurik. Doluan sartuta, suizidioaz hitz egiteko askotan nahiago izan ditu ohiko lagun taldekoak ez direnak: «Kuadrillako lagunekin gustuko dut Mariorekin bizitako momentuak gogoratzea, eta kanpoko lagunekin gehiago husten naiz». Lagunek barre artean oroitu dute gauzak ospatzea eta Abizkurirekin «barrabaskeriak egitea» zuela gustuko Carcavillak.

Doluan galdera asko sortzen direnez, kanpoko lagunak izatea garrantzitsua dela esan du Abizkurik: «Lagunak behar dituzu gogoratzeko ez dela zure errua, Mariok zaintzen zaituela, eta aurrera aterako zarela». Ruedak eta Lucasek ere gustuko dute kuadrillakoekin daudenean zendutako lagunarekin bizitako esperientziak gogoratzea. Lucasek onartu du, ordea, sarri ez dela samurra: «Oraino mina ematen dit gertatu denak». Del Egidoren hitzetan, «gehien» lagundu diona izan da solastatzeko era izatea: «Ez zait inporta besteek ezagutzen zuten».

Kuadrillatik kanpoko norbaitekin hitz egitea «hotzagoa» dela uste du Lucasek: «Ez du hori bizi izan, eta hitz egiteko oinarri sendoagoa da; gure artean hitz egitea domino fitxen antzera erortzea izaten da». Abizkurik egoeraren arabera hautatzen ditu solaskideak: «Lagunak ondo daudenean hitz egiten badut, agian gaizki jartzen dira, baina ikusten badut hitz egiteko momentuan daudela, bada, orduan bai». Lagunez gain, Carcavillaren gurasoekin duten erlazio estuak ere lagundu die: esate baterako, hasieran Rueda astebururo geratzen zen haiekin kafe bat hartzeko.

Ikusi gehiago: Adituen ustez, goiz da baieztatzeko izurriak eragina izan duen suizidio datuetan

Rueda eta Carcavilla ostiralero geratzen ziren; Zipi eta Zape esaten zieten. Hutsa sentitzen du Ruedak. Alde horretarik, kanpoan ikasten aritzea ihes egiteko modua da Abizkurirentzat, baina, aldi berean, Cascantera itzultzea «errealitate kolpea» izaten da. Hasieran, kalera ateratzea ere kosta egiten zitzaion: «Prestatzean, banekienez norbait faltako zela, negarrez hasten nintzen». Lucasentzat ere lagungarria da distantzia, ingurukoek ez dutelako bere buruaz beste egin zuen lagunaren berri, eta, hortaz, zer moduz dagoen galdetzeko aukerak urritzen direlako. Erantzuteko galdera «zaila» da: «Ez dakit inoiz erantzuten; ezin dut esan ondo nagoela, ezta oso gaizki nagoela ere». Abizkurik ordea, galdera eskertu egiten du: «Batzuetan denak jai giroan daude, eta gaizki nago, baina ez naiz ausartzen esatera hitz egin nahi dudala». Gertuko baten suizidioa bizi duten pertsonei sortzen zaizkien galderak asko izaten dira, eta buruan maiz izan dituzte gazteok. «Galdera asko dira; errabiatik kulpara, ezer ez ulertzetik zergatia galdetzera», azaldu du Abizkurik. Errabia kudeatzen ikasten dela esan du, eta erabilera bat ematen saiatzen ari da: «Erantzun bat bilatu beharrean, ahaleginduko naiz beste pertsona batzuk laguntzen».

Hasieran Ruedak etengabe lagunaren suizidioaren zergatia bilatzen zuen, eta bere buruan etengabeko kolpea ziren hitzok: «Baldin eta... Baldin eta...». Horrez gain, bere buruaz beste egin zuen lagunak egindako keinu guztiak behin eta berriz gogoratzen zituen: «Azkenean, pikutara bota nituen, eta neure buruari esan nion: 'Utzi galderak egiteari, soilik zeure burua zigortzen ari zara'». Lucasek ere mugak jarri behar izan zizkien pentsamenduei, baina «frustrazio handia» sentitzen zuen hasieran: «Etengabe esaten nion neure buruari esan zidala ondo zegoela, baina argi dago ez zegoela ondo».

Horiek horrela, erruduntasunaz ere mintzo da Del Eguido: «Errudun sentitzea saihetsezina da, denbora asko egon zarelako pertsona horrekin, eta ez duzulako seinalerik ikusi». Gertutik konektatzen du suizidioaren gaiarekin, bere buruaz beste egin nahi izan baitzuen berak ere: «Eta errabia ematen dit deus ikusi ez izanak, antzina nik ere hori bizi izan nuelako, eta lagungarria izan nintekeelako».

Suizidioaren inguruko jakintza eta heziketa falta salatu dute gazteek. «Errua ez da inorena, baina ardura denona da; hezkuntza eta jakintza egoteko borrokatu behar gara», aldarrikatu du Abizkurik. Ruedak esan du ez dutela izan osasun mentalaren inguruko heziketarik: «Ez badigute inoiz suizidioaz hitz egin, nola jakingo dugu identifikatzen?». Suizidioaren atzean dagoen tabua mahai gainean jarri du Lucasek ere: «Jendeak gertatuko ez balitz bezala egiten du, baina gertatzen dela erakutsi behar da, eta horren ostean zer gertatzen den». Abizkurik esan du ez hitz egiteak estigmatizazioa areagotzen duela.

Galdera minberak

«Jende askok esaten digu: 'Eta ez zenuten deus igarri?'. Nik erantzuten diet: 'Ez duzu uste sumatu izan bagenu zerbait egingo genukeela?'», kritikatu du Lucasek. Horri lotuta, Abizkurik argi adierazi nahi du ez dutela horrelako galderarik nahi: «Ez dugu behar besteek galdetzea, gu baikara lehenak geure buruari galdera hori egiten diogunak». Galdera batzuen atzean «morboa» dagoela salatu dute gazteek.

Abizkurik adierazi du doluan laguntzeko bideak beharrezkoak direla, eta gertuko pertsona bat galdu dutenen edo bere buruaz beste egiten saiatu direnen bizipenak entzutea «oso lagungarria» dela: «Bidean kokatzen laguntzen dizute, eta indarra ematen dizute. Besteak gai badira horrekin bizitzeko, gu ere bagara». Del Eguidorentzat ere lagungarriak dira halako esperientziak: «Ez da normala gure adinean lagun bat lurperatu behar izatea; besteak entzuteak laguntzen du, ulertzen dutelako nola zauden».

Del Eguidoren hitzak entzutean, tristeziarekin konektatu du Ruedak, baina adierazi du gehienetan tristezia bainoago oroimina sentitzen duela: «Nire bizitzako unerik onenak igaro ditut pertsona horrekin; dena ez da txarra izan». Maitasunez gogoratzen du Abizkurik bere lagun zendua, eta doluan murgiltzeak lagundu egin dio: «Jasangaitza eta kontrolaezina den emozio bat hartu, eta jendeari laguntzeko eraldatu dut». Lucasek korapilo bat sentitzen du gaiaz hitz egiten duenean: «Larritasuna sentitzen dut, baina, gero, astindu izan banindute bezala geratzen naiz». Azkenik «bakea» sentitzen du.

Bakardadearen zama

Azpimarratu dute doluan ingurukoen babesa beharrezkoa dela. Lucasek adierazi du prozesuaren hasieran «jende asko» dagoela, baina gerora urritu egiten direla: «Ahaztu egiten dira, baina hau ez da ahazten: berdin jarraitzen duzu, eta, bat-batean, ondoan jende asko izateari utzi bakarrik sentitzen zara». Horregatik gehien ulertzen dituzten pertsonen bila jardun behar izan dutela adierazi du Abizkurik: «Behintzat, ulertzen saiatzen direnak, ez bazaizu gertatu ezinezkoa baita ulertzea». Kanpoan ikasten, Del Eguidok ez du lagunak egunero ikusterik; bakartze sentimendua areagotzen dio horrek: «Joan den urtean ia egunero bakardadea sentitzen nuen».

Ia bi urte daramatzate doluan, eta hasieran denbora «motelago» pasatzen zen Del Eguidorentzat: «Mariorekin egiten nituen gauza guztiek izua eragiten zidaten, eta etxean geratzen nintzen ezin nielako aurre egin». Beste modu batera bizitzen ikasi du Abizkurik: «Beste balio bat ematen diet gauzei, eta benetan egin nahi dudana egiten dut». Hala ere, lehentasunak daudela argi du: «Ivan [Rueda] ondo badago, eta ni ondo banago, bakoitzak egin dezala nahi duena; baina bera gaizki badago, eta ni ondo, bere babesa izan behar dut». Bat egiten du horrekin Lucasek; galdera batekin biribildu du: «Ondoan egon behar dugu; gu ez bagaude, nor egongo da?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.