Eskola publikoa eta nazio-eraikuntza

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Harriduraz ikusten ari gara hizkuntza-aferaestaltzen ari dela sistemaren egituraketaren afera. Izan ere, azken asteetan albo batera geratu da Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurrean euskal hezkuntza lege proiektuak proposatzen duena, hau da, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa (EHZP), ikastetxeen titulartasunak lausotzen dituena, doakotasun sinesgarri (?) baten truke finantzaketan berdintzen dituena eta baldintza zehaztugabeak eta betetzeko eperik gabekoak itunpeko ikastetxe guztiek bete ditzaten jartzen (ez) dituena, oso lege irekia izan nahi delako aitzakiarekin.

Gauza bera al da titulartasun desberdineko ikastetxeekin bateratutako sare publikoa (Irlandan moduan) eta funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek emandako hezkuntza-zerbitzua? Honetan datza trikimailua: lehenengora iristea, bigarrena dela esanez. Hezkuntza Akordioak, Eskola Publikoaren etengabeko aurrerapenaren zerumugan, interes publikoko ikastetxe itundu batzuk egotea onartu zuen, gizarte-konpromiso argi batekin. Herrialdeko indarren korrelazioa ikusita, adosteko eta giza-aliantzarako puntu errealista zen. Baina Hezkuntza Sailak —beste indar politikoen isiltasun edo konplizitatearekin— egin duen garapenak ituntze unibertsalaren kontsolidazioren norabidea hartu du. Kataluniako Hezkuntza Legearekin gertatutakoa errepikatzera kondenatuta gaude?

Gauzak horrela, epelkerietan erori gabe, hainbat gauza esatea komeni da:

· Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa (EHZP) ez da ertaineko urrats bat izango sare publikoa osatzeko ikastolen eta eskola publikoen ekarpen onenekin. Ez da kristalezko bolarik behar. Saiakerak saiakera, eta asko egon dira, azken berrogei urteko historiak garbi frogatzen du. Ikastolek hegemonikoak izateko nahia eta euskal eskola berengandik abiatuta eraikitzeko asmoa ez dute inoiz alboratu. Eta aurrerantzean bateratze prozesurako ez dago ez asmorik ez ibilbide-orririk. Gutxibalitz, Kristau Eskola eta elizbarrutiko ikastetxeak, beraiek ere, EHZPn sartzeko nahia disimulu barik adierazten ari dira.

· EHZP ikastolek eta hainbat hezkuntza eragileek bultzatzen duten eredu publiko berri baten diskurtsoan oinarritzen da, nahiz eta lasai asko segituan ikastetxearen aukeratzeko eskubidea lehenetsi. Irtenbide bat izango litzateke, euskal eskola eraikitzeko erakunde publikoetara joko balute, adibidez nazionalismoak joan den mendean Bizkaiko Auzo Eskolak sortu zituenean. Baina ikastolei ez zaie inoiz heltzen titulartasuna partekatzeko une egokia. Herri ekimena izan eta antolakuntza komunitarioa edukitzearen epika elikatzen dute, baina aurreko garaietan hala izan bazen, oraingo egoera bestelakoa da. Gizarte-saretzea eta antolatzea oso ahulduta dago orokorrean, ikastoletan barne, nahiz eta bere kudeaketa-gaitasuna Administrazioaren titulartasuneko ikastetxeena baino askoz handiagoa izan, besteak beste, kooperatibisten ahalmen ekonomikoari esker.

· EHZPk titulartasun diferenteenarteko sinergiak ez ditu garatuko. Alderantziz, lehiakortasuna areagotuko da, eskola publikoaren kalterako.

· EHZPk euskal jendartearen sailkapena sendotuko du. Publiko-pribatuaren dialektika ideologiak oso kutsatuta dagoela esan liteke, agian arrazoiarekin. Baina datu enpirikoa da berrogei urteko ituntze unibertsalaren ondoriorik nabarmenetariko bat desberdintasuna izan dela.

Beste behin, aspaldi ebatzita egon behar zen hautu baten aurrean kokatzen gara: eraikitzen al dugu nazioa Eskola Publikoaz jabetuz, prestigioa emanez eta kualitatiboki eta kuantitatiboki handituz?, ala ikastetxe itunduen artean bereizi barik pot-pourri publiko-pribatua gure egiten dugu eraikuntza nazionalaren berme gisa? Askoren lehentasunetan ez dira aldaketak egon: euskal eskola eraikitzea sustantiboa da; publikoa izatea, adjektiboa. Alabaina, kontrajarriak ez lirateke izan behar.

Estatu zentralisten menpe gaudelako diskurtso antzuak saihestu beharko genituzke, egia gehiago edo gutxiago izan arren, sentsibilitateen arabera. Ezin ditugu gainetik pasatu Eskola Publikoak eraikuntza nazionalean dituen aukerak. Jakina, Eskola Publikoak eraldaketa garrantzitsuak behar ditu, inertzia burokratikoak—baita inertzia korporatiboren bat ere— gainditu, eta haien parte-hartzea eta tokiko sustraitzea hobetu. Baina, horretarako, curriculum-, antolamendu- eta kudeaketa-aukera guztiak aprobetxatu behar dira hezkuntza propioa sortzeko edo delako eskola komunitarioa eraikitzeko.

Nire irudiko, nazionalismoak eta sozialistek kale egingo dute Hezkuntza Legearekin. Nazionalismo eskuindarrak, ekimen pribatuak finkatzeko eredu neoliberalaren alde egiteagatik. Eta ezkertiarrarenak, esparru hori bere gain hartzeagatik, bere hezkuntza-kolektiboak kohesionatuta mantentzeko, nazio-eraikuntza hobekien bermatzen duen aukera delakoan. Baina ez gaude frankismo garaian bide pribatuak jorratu behar izateko. Sozialistek, berriz, beren burua kontserbatzeko joerak bultzatuta, amore emango dute Euskal Eskola Publikoaren Legearekiko atzerapausoak onartuz, beren ondarea traizionatuz.

Legea edozein dela ere, bidea, orain arte bezala, Eskola Publikoa gero eta gehiago gure egitea da. Administrazioa noraino iristen den ikusita, gizartearen (herriaren) ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.