Noiz sortua: 2020-04-15 00:30:00

Krisiari aurre eginez euskaratik

Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal - Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kideak

2020ko apirilak 15

Egoera latza bizi dugu. Gaitzak eragindako kalteak handiak dira, konponezinak horietako batzuk. Horregatik, gure lehen pentsamendua senitartekoren bat galdu dutenengana eta gaitza pairatzen ari direnengana doa. Gure elkartasun guztia zuentzat.

Ziurgabetasunak eta kezkek bizi gaituzte. Baina baita itxaropenak eta etorkizunaren alde lanean tinko jarraitzeko gogoak ere. Halaxe ari gara Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugun pertsona eta elkarte guztiak. Etxetik, baina gure ardurapeko egitasmoak eta hedabideak gera edo gal ez daitezen saiatzen, eta sortzen ari diren arazoei ahalik eta irtenbiderik egokienak aurkitu nahian. Zenbait kasutan, baita oztopoak aukera bihurtzeko zirrikituak bilatzen ere.

Osasun krisiaren ondoren, krisi ekonomikoa etorriko dela ziurtzat ematen da, eta, horrekin batera, herritarren jarreretan eta politika publikoetan norabide aldaketak egon daitezkeela ari gara irakurtzen edo entzuten batean eta bestean.

Gure ustez, euskal gizarteak funtsezko balio sozialak oinarri dituela atera behar du aurrera krisitik, hala nola elkartasuna, berdintasuna, zaintza, gertutasuna eta komunitate zentzua. Eta balio horiekin bat eginez, euskararen biziberritze prozesuak ere aurrera egin behar du, egoera berrira egokituta. Euskarak komunitatea indartzeko eta balio horiek sustatzeko aukera paregabea ematen digu.

Bide hori, baina, une honetatik bertatik jorratu behar da, larrialdi-egoera honetan ere, funtsezkoa delarik herritarren hizkuntz eskubideak babestea eta bermatzea.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi bezala, pozez hartu dugu Europako Kontseiluak, itxialdia hasi zenean, hainbat estatu europarretan zabaldutako ezohiko mezua: pandemiaren inguruan sortutako informazioa tokiko hizkuntzetan ere helarazi behar zela gogorarazi zuen, hizkuntza horietako hiztunen ongizatea bermatzeko.

Osasun erakundeek eta bertako profesionalek, egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrei gertutasunez eta maitasunez eskaintzen ari zaizkien zerbitzua egokiena izan dadin egindako ahalegin ikaragarria azpimarratu nahi dugu, lehenik eta behin. Eta, horrekin batera, gaixoak beraien hizkuntzetan artatuak izateak duen balioaz jabearazi nahi genituzke, berriro ere.

Osasun krisi garai honetan, euskararentzat irabazitako espazioak eta funtzioak baliatzea ezinbestekotzat jotzen dugu gaixo askoren egoera zaurgarria arintze aldera, eta, aukera dagoen guztietan, herritarrak hautatu duten hizkuntzan artatzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke.

Hori dela eta, Topaguneak kezka handiz jaso du hainbat erakunde eta eragileren hizkuntza praktika desegokien berri, euskaldunen eskubideak ahaztuz. Bat egiten dugu, beraz, era honetako egoerak jasan dituztenek egindako salaketekin, eta berauek zuzentzeko eskatzen diegu ardura hori dutenei. Bide batez, dei bat egiten diegu euskaldun guztiei osasun erakundeekin nahiz bestelakoekin harremanak dituztenean euskararen aldeko hautua egin dezaten.

Topagunearen jardunera bueltatuz, beste alor askotan bezala, egoera oso kezkagarria da gurean ere: martxan genituen ekimen asko bertan behera geratu dira, udalekuak eta udako programak arrisku bizian daude, hedabideetan publizitate sarrerak nabarmen murriztu dira, eta asko ezin dira banatu, lantalde batzuk ABEEra jo behar izan dute, aurreikusitako diru laguntzak eta finantziazio bideak ez dakigu zertan geratuko diren... Garai zailak aurreikusten ditugu, egitasmo eta egitura askoren biziraupena bera zalantzan jar dezaketenak.

Egoera hau dela eta, erakunde guztiekin ari gara hizketan, sortuko den kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta euskarak agenda sozio-politikoan jarrai dezan. Horregatik, guztion artean erabaki dugu Euskaraldiari eustea eta prestaketa lanetan jarraitzea, jakinik ere egokitzapenak eta moldaketak egin beharko ditugula. Eta ez hori bakarrik; hilabete honen amaierarako etxealdian burutzeko ariketa masibo bat proposatuko dizuegu Ahobizi eta Belarriprest guztiei: Etxealditik Euskaraldira ekimena. Laster izango duzue horren berri.

Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugunok, beraz, modu aktiboan eta eraikitzailean jarraituko dugu gure hizkuntza eta kultura indartzeko lanean, krisiak gehien kolpatuko dituen sektoreekiko elkartasunetik eta enpatiatik, inor bazterrean utzi gabe. Prozesu honetan, elkarlana eta ilusioa ezinbestekoak izango dira, komunitatea trinkotzea funtsezkoa, eta euskarak ardatz, lotura eta balioen transmisore izan beharko du.

Berriro ere, ezina, ekinez lortuko dugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna