Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Demokraziak ETA garaitu zuen?

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Askotan, gehiegitan, esaten da ETA «garaitua» izan zela, hain zuzen ere Estatu demokratikoa haren aurkako borrokan gailendu egin zelako. Baina hori ez da guztiz egia. ETA bezalako talde terroristaren aurkako politika kriminal sendoa egon behar zen zalantzarik gabe edozein demokraziatan. Ezin da onartu ideia jakin batzuen izenean hiltzea, bahitzea, mehatxatzea eta bestelako delitu larriak egitea. Artikulu honetan nabarmendu nahi dudana, aitzitik, zera da: halako politika kriminala, beharrezkoa, estandar batzuen arabera aurrera eraman behar dela zilegia izan behar izatekotan. Alegia, demokrazia bati dagokion politika hura inongo ezbairik gabe zilegitzat jo ahal izateko, giza eskubideen zuzenbidearen estandarrak ere errespetatu behar dira.

Halako kontrapuntua jartzen denean, batzuetan ulertzen zen —eta oraindik ere ulertzen da— ETArekiko konplizitateren bat egon litekeela tartean. Inolaz ere ez. Polarizazio politikoan mailarik gorenean geundenean, gure Herrian egun batean bai eta hurrengoan ere bai indarkeria nagusi zen aldian hain justu ere, ez zegoen gauzak lasai eztabaidatzeko modurik. ETAren kontra edo alde, ñabardurarik gabe, nahi zuten eragile politiko gehienek eta lerratutako komunikabideek dena izatea: zuri ala beltz; nirekin edo nire aurka; haiekin edo gurekin. Gaur egun ere halako dinamikari eutsi nahi zaio, baina giro sozial eta politiko berriak tartea zabaldu du eztabaida helduago bat, taxuzkoago bat egiteko.

Izan ere, beste aldi batean baikaude. Sufrimendu asko eta asko ez dira desagertu baina pixkanaka gizartearen gorputza errekuperatzen ari da, eta horrek balantze kritiko eta eraikitzailea egiteko beta zabaltzen du. Balantze kritikoa demokrazia sendotzeko, giza eskubideak hobeto eta sakonago gure Herrian sustrai daitezen.

Horregatik, esan daiteke lasai baina irmo ETAren aurkako borrokan bai bide demokratikoak baina baita bide ez-demokratikoak ere erabili zirela. Noraino, ordea, ETAren aurkako borrokan, politika kriminalean, biktimen politiketan, alderdien legean, makrosumarioetan... onargarriak ez ziren —eta ez diren— bide eta neurriak erabili ziren nahiko eztabaidatu, argitu eta aitortu gabe jarraitzen du. Segituan abusu batzuen sintesia egiteari emango diot.

Estatu demokratikoetan pertsona guztiak hiritar gisa izan behar dira tratatuak. Terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, ordea, etsaiaren moldeak erabili ziren sistematikoki funtsezko eskubide ugari suspendituz. Adibide garbiak: terrorista ia edonor izan zitekeen, mugarik gabeko definizioan, inkluso terrorista zela jakin gabe (dolo eta zuhurtziagabekeria nahasteraino); makrosumario ugari eta sistematikoen bitartez ETAko kide zirenak zein ez zirenak, denak batera, sarekada indiskriminatuetan, ehunka hiritar atxilotu eta prozesatuak izan ziren, abusu prozesalaren bitartez; tortura eta tratu txarrak modu (ia) sistematikoan erabili ziren itxura guztien arabera, ETA bera desagertu arte; presoaren birgizarteratzeko funtsezko eskubidea suspenditu egin zen eta horrekin batera tratamendua bera: horren ordez, zuzenbidea eta etika nahastuz, proportziorik gabeko zigorra ezarri nahi izan zen, gaur arte.

Aipatu bortxaketa eta abusuak diagnostiko diskurtsibo bikoitzaz baliatuz aurrera eraman egin ziren: batetik, dena da ETA izenekoaz, eta bestetik, terrorismo ez ezik, hura gizateriaren aurkako delitu gisa kalifikazioaren abusuaz. Azkenekoak errealitateari bira eman zion: Estatua kontrolatua izateko subjektu bezala desagertu egiten zen, eta horren ordez ETA, inguruko jendarte guztia (entorno izenekoa), alderdi abertzaleak, euskal erakundeak (Ertzaintza barne askotan)... batasun moduan aurkeztuak izaten ziren, ETAren konplizeak balira bezala. Euskal lurraldean garbiketa etnikoa omen zegoen abian (Garzon epailearen autotan azaltzen zen moduan), nazismoaren holokaustoa eta euskal terrorismoa parekatzeraino!

Aurreko diagnostikoa biktimen legeetara eramana izan zen. Eta horregatik, biktimen beraien inongo kulparik gabe, lege-mailaketa bati ekin zion legegileak: biktima batzuk primerako estandarren arabera terrorismo-legeetan sartuko ziren. Estatuarenak, ordea, edo bigarren mailakoetan sartzen ziren (hala nola, memoria historikoaren kasuan frankismoaren biktimekin) edo zuzenean desagertu egiten ziren (1978tik aurrerako biktimak kasu): ez zegoen torturarik, ez eta polizien giza-eskubideen urraketa larririk (judizioz kanpo exekuziorik, talde pribatuen bitartez aurrera eramandako terrorismorik...). Biktimen mailaketa eta hierarkia botere legegilearen bitartez gauzatu egin da, errealitate ofizial bat sortzeko, ETAk egindakoaren ondoan itzalik egon ez dadin, Estatuak egindako urraketa oro desager zedin: izan ere, biktima ofizialik ez badago, ez baitago estatu-deliturik, ez eta giza-eskubideen bortxaketarik ere.

Deigarriena bada Estatuak erresistentzia ankerrari ekin diola giza-eskubideen estandarretatik kontrolatua izateko (horra hor, esaterako, botere judizialaren kontrolik eza, Estrasburgok ordeztu behar izan duena), baina, aldi berean, giza-eskubideen hizkuntza eta kategoriez baliatu izan dela ETAren aurka eta inkluso euskal gizartearen (gizarte gaixoaren) eta abertzaletasunaren aurka egiteko.

Estatuak egindako abusu eta bortxaketen tamaina ez dago begi-bistan: ezkutatu egin da diskurtso triunfalista baten azpian, eta errealitate gordin hura zatitu ere bai, lege desberdinetan lausoturik, gutxietsita. Bada garaia hori guztia ateratzeko. Eta ez alderdi bati edo beste bati komeni zaiolakoan, baizik eta denok horretarako egia-eskubidea dugulako. Ez bada jakiten Estatuak zein molde ez-zilegi erabili zituen (urraketa-patroiak), zein delitu egin zituen, nola saihestuko dugu berriro ere errepikatzea? Bidean horrek guztiak utzitako biktimak nola integratu beharko dira ba sistema demokratikoan, egindakoa aitortzen ez bada? Nola aterako dugu gai hau politizazio hutsetik, lan profesional serio baten bitartez egiteko aukera ematen ez bada?

Aitzakiak bukatu dira. Estatu-krimenak azkeneraino ikertu eta bere osotasunean argitara ematea Estatu demokratikoaren obligazioa besterik ez da, giza-eskubideen kultura indartu eta sustraitu nahi izanez gero. ETAren aurkako borroka eredugarri gisa aurkeztu nahi izanez gero, lehenago argitu eta garbitu beharra dago, adabakirik gabe, beldurrik gabe. Biktimek eta gizarteak merezi dute!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.