«Urrun» dago akordioa

Kristau Eskolaren proposamenak «dezepzionatu» egin ditu sindikatuak. Soldatak finantzaketari lotzea gaitzetsi dute. Lau eguneko greba dute apirilaren 1etik

Kristau Eskolako eta IZEAko langileen manifestazioa, joan den urtarrilaren 25ean, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan patronalek ezusteko proposamenik egin ezean, atzo mahai gainean ipinitakoak ez du balio izan Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan datorren astelehenean hasiko den lau eguneko greba deialdia saihesteko. «Dezepzionatuta» irten ziren ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak Kristau Eskolako ordezkariekin atzo goizean izan zuten negoziazio mahaiaren bilkuratik. Bukatutakoan, ezkor egin zuen berba Miren Zubizarretak, ELAko Hezkuntza arloko arduradunak, beste laurak alboan zituela: «Urrun dago akordioa; epe laburrera ez da posible izango».

Urtarrilaren 11n bildu zen azkenekoz negoziazio mahaia. Harrezkero, patronalak banakako bilerak egin ditu sindikatuekin. Tartean bi greba deialdi izan dituzte, urtarrilean bertan eta martxoan. Zubizarretaren esanetan, atzoko mahaian banakako bilera horietan aipatutakoa idatziz aurkeztu zieten. Aurreko egunetan, sindikatuek aitortu izan dute «urrats» batzuk egin izan dituela patronalak, baina «eskasak» zirela; ez zietela erantzuten langileen eskariei. Hala, atzokoari ere ezezkoa eman zioten bost sindikatuetako ordezkariek.

Erabateko adostasuna agertu dute bostek. Patronalak esan die ez duela proposamena hobetzeko aukera handirik, «muga-mugan» dagoela. Atzo aurkeztutakoari ikusten dizkioten hutsuneak idatziz bidaltzeko eskatu diete sindikatuei. Elkarrekin egingo dute idatzia, eta osteguna baino lehen bidaliko diote. Baina, seguruenik, berandu izango da datorren asteleheneko greba saihestuko duen akordio bat lortzeko.

Bereziki soldatei dagokien proposamenak eragin du sindikatuen haserrea. «Onartezintzat» jo dute. Baina ez diru kopuruagatik, nahiz eta salatu duten patronalak egindako proposamenarekin ez dutela erosahalmena berreskuratuko. Azken urteetan langileekin hartutako zorra kitatzeko, aparteko ordainsari bat proposatu du Kristau Eskolak: behin ordainduko litzateke, eta ez lukete langile guztiek jasoko; irakasleentzat litzateke. Sindikatuek uste dute soldataren parte izan beharko lukeela, eta guztientzat.

Hainbat sindikatuk esana dute soldaten zenbatekoa ez dela negoziazioko ardatzetan garrantzitsuena. «Patronalak Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari lotu nahi dizkio soldatak, eta, gainera, epe luzerako izatea nahi du, 2023ra bitartean»; horrela azaldu du Zubizarretak gatazkaren oinarria. Ohartarazi du soldatak negoziazio mahaian eztabaidatu behar direla, bestela sindikatuei negoziatzeko eskubidea urratzen zaiela. «Negoziazio kolektiboa erabat suntsitzen du», salatu du LABeko ordezkari Aitor Nuñezek.

Bereziki, datozen urteetan etor daitekeen matrikulazio jaitsierak kezkatzen ditu langileak. Enpleguak ez kentzea da haien aldarrikapen nagusienetakoa, lan kargekin batera. Kristau Eskolak «sobran egon daitezkeen langileen %100» beste postu batean jartzeko konpromisoa hartu du, baina atzoko proposamenean ez du zehazten nola. «Konpromisoak oso ondo daude, baina neurri zehatzak falta dira, hitzartutakoa beteko den berme mekanismoak eta kronograma bat behar dira».

«Birformulazio» premia

Nuñezek baikor begiratu nahi izan dio bilerari: «Edukiak egon dira, eta egon daitezke, baina badira birformulazio bat behar duten puntu batzuk. Datozen asteetan berri hobeak jasotzea espero dugu». Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabal, ordea, ezkorragoa da. Ohartarazi du ez dela bideragarri atzoko proposamenari hobekuntzak gehitzea. Beraz, proposamen horretan egin beharko dira akordioa ahalbidetu dezaketen aldaketak. Gurasoen kezkarekin bat egin du; esan die euren «esku dagoen guztia» egin dutela greba saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.