Erabaki eskubidearen hiru bertsio jasoz bukatu du aditu taldeak lana

Testu nagusiak bi formulazio bilduko ditu: EAJ «erabaki eskubideaz» mintzo da; Elkarrekin Podemos, herritarrek «beren borondatea» adieraztekoaz. EH Bilduk, berriz, oinarrietan jasotakoari eutsi dio

Joseba Egibar (EAJ) hizketan, atzoko osoko bilkuran, ezkerrean EH Bilduko legebiltzarkideak zituela. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoari testu artikulatuaren forma eman behar dion aditu taldeak amaitu du bere zeregina. Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatutako batzordeak atzo egin zuen azken bilera, eta, zereginak amaituta, datorren astelehenean utziko du txosten osoa Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiaren esku, hark Parlamentuko Mahaira eraman dezan asteartean. Atzoko bilkuran, adituek mahai gainean izan zuten erabakitzeko eskubidea, eta, BERRIAk jakin duenez, legebiltzarraren esku geratuko den txostenak hiru eratara jasoko du kontzeptua: hiru formulazio proposamenekin.

Testuaren bizkarrezurra Legardak (EAJ), Elizondok (Elkarrekin Podemos) eta Lopez Basagurenek (PSE-EE) eginiko ekarpenek osatuko dute, baina, erabakitzeko eskubidearen atalean, testu nagusi horrek bi formula jasoko ditu. Bat, EAJk proposatutako adituarena: «Euskal Populuaren Eskubide Historikoak guztiz eta erabat betetzea da herri horren autogobernuaren adierazpide instituzional bat, eta herritarren erabakitze eskubidearen bitartez plazaratzen da; libreki eta demokratikoki adierazten da erabakitze eskubide hori, eta Estatuarekin hitzartzekoa da erabakitze eskubidearen erabilera». Bestea, Elkarrekin Podemosekoarena: «Eskubide Historikoak guztiz eta erabat betetzea da Euskadiren autogobernuaren adierazpide instituzional bat, eta herritarrek beren borondatea libreki eta demokratikoki adierazteko duten eskubidearen bitartez gauzatzen da; legezkoa da erabakitze eskubidea erabiltzea, eta Estatuarekin hitzartzekoa».

Horrez gain, Urrutiak (EH Bildu) testu artikulatu propioa aurkeztuko du, eta hark ere jasoko du erabakitzeko eskubidea, Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarrietan jaso zen formulazioari eutsita: «Herritarren erabakitzeko eskubidea babeste eta betetze aldera, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz».

Hori horrela, adituak erabaki eskubidearen atalean bat etorri ez badira ere, legebiltzarreko taldeek hiru proposamen izango dituzte lantzeko estatutua berritzeko prozesuaren fase berrian. Orain, lege proposamen gisa tramitatu beharko da testua, ohiko prozedura jarrai dezan.

Osoko bilkuran, ados

Aditu taldea bileran zegoela, osoko bilkura egiten ari ziren Eusko Legebiltzarrean, eta, hain zuzen, autogobernua izan zuten eztabaidagai. Zehazki, Eusko Legebiltzarrak ezinbestekotzat jo zuen Espainiako Estatuarekiko «harreman eredu berri bat» eratzea, «elkarrenganako errespetuzko kultura zintzoa eta erakunde arteko leialtasuna finkatu ahal izateko, legea eta lortutako akordioak ez betetzeko aukerarik emango ez duena eta, ondorioz, ez-betetze horien erabilera politikoa egitea eragotziko duena». Eredu hori «aldebikotasunean eta itunean oinarritu beharko da, eta dagokion berme erregimena edo sistema jaso beharko du, autogobernu lantaldean adostutako oinarri eta printzipioetan jaso bezala».

PSE-EEk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatzeko. EAJk eta EH Bilduk, ordea, zuzenketa bat adostu zuten, eta bien babesarekin —eta Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearenarekin— egin zuen aurrera testuak. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak esan zuen ez dutela onartzen «mendekotasun eskemarik»: «Indarrean dagoen estatutua berretsi eta osatu nahi dugu. Murrizketak izan dituen arloetan, saioa egin behar da betetzeko». «Berritu» egin behar da testu hori, Egibarren iritziz: «Eraikitakoa errespetatuz, babestuz, betearaziz». Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen arabera, berriz, EH Bilduk «ezin dio uko egin agerikoari»: «Herri hau existitzen da, nazio bat da, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du».

Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos), berriz, azaldu zuen bi aukera daudela soilik: «Edo ados jarri estatutua berritzeko, edo zaharrarekin geratu. Batzuek sokatiran ibili nahi duzue, baina guk lan egingo dugu korapiloa desegiteko, aurrera egiteko». PSE-EEk, legez besteko proposamena aurkeztuta, «lortutakoa aldarrikatu» nahi zuen. Jose Antonio Pastor bozeramailearen hitzetan, estatutua da «euskal herritarrek aurrera egiteko topatu dugun tresnarik onena». Azkenik, Borja Senper PPko bozeramaileak adierazi zuen popularrek ez diotela «uko egiten» estatutua moldatzeari: «Baina ez dugu okerrera egin nahi. Okerrera garamatzazue, gure historiaren parte bat anputatu nahi duzuelako».

Independentzia nahia: %20

JaurlaritzakoProspekzio Soziologikoen Kabineteak 71. Euskal Soziometroa argitaratu du. Ohi bezala, independentziari buruzko jarrerez ere galdetu du Jaurlaritzak, eta, horren arabera, independentziaren aldeko babesa azken hogei urteetako apalena da: %20. Independentziaren aurka daudenen portzentajea %34 da orain, inkestan jaso dutenez. Azkenik, gora egin du «egoeraren arabera» alde edo kontra egongo liratekeenen ehunekoa: %31 dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.