Emakumeek oztopo gehiago dituzte adikzioen tratamenduak jasotzeko

Adikzioak dituzten andreen tratamenduak ikertu dituzte, eta elkarrizketak egin dizkiete zenbait andre eta profesionali. Emakumeek «lotsa» sentitzen dute, eta laguntza prozesuak luzatzen dituzte

Nagore Oroz, Izaskun Landaida eta Yolanda Cervero atzo, ikerketaren aurkezpenean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Emakumeek gizonezkoek baino oztopo gehiago dituzte adikzioei aurre egiteko tratamenduak jasotzeko. Hala ondorioztatu dute atzo Emakundek Gasteizen aurkeztutako ikerketan. Tratamenduan egon diren, dauden eta ez dauden andreak elkarrizketatu dituzte, baita haiekin dabiltzan profesionalak ere. Egileek jakinarazi dutenez, hainbat dira sendatzeko bide horretara ez joateko hautua egin duten emakumeak, besteak beste «lotsa» sentitzen dutelako eta ez dutelako beraien egoera ikusgai egin nahi. Tratamendua jaso dutenek, ordea, aitortu dute «ahaldunduago» sentitzen direla, aurrerapausoak ematen ari direla nabaritzen dutelako, eta osasun egoera ere «hobea» delako.

Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek ondu dute lana, Goretti Soroaren laguntzarekin. 129 emakume eta 96 profesional elkarrizketatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikuspegi orokorra jaso ahal izateko, Aurkitzen al dute emakumeek oztoporik adikzioak tratatzeko baliabideetan sartzeko eta mantentzeko? Egungo egoeraren azterketa izenpean eginiko ikerketan. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, horrelako ikerketak «beharrezkoak» dira etorkizuneko politika publikoak «hobeto» diseinatzeko, eta «generoaren ikuspegia osasun eremuan ere» txertatzeko. «Emakumeen eta gizonen lan eta bizi baldintzak eta gure gain dauden agindu sozialak ez dira berdinak; horrek eragina du andreen osasunean, eta baita adikzio bat izateko duten arriskuetan, zein horri aurre egiteko baliabideetara heltzeko eran».

Ikerketaren helburu nagusienetako bat adikzioak dituzten emakumeen bizi esperientziak jasotzea izan da, eta beraien ahotsa entzutea. Inkestak, elkarrizketak eta eztabaidak egin dituzte horretarako, eta egileek azpimarratu dute «oso interesgarriak» izan direla. Esate baterako, Cerveirok adierazi duenez, andre batzuen artean «kontrolaren» eta «motibazio faltaren» sentsazioa nabarmentzen da, hau da, uste dute egoerari bakarrik egingo diotela aurre; beste batzuek, berriz, ez dute horretarako beharrik ikusten. Ondorioz, egileak ohartarazi du laguntzak eskatzeko prozesuak luzatu ohi dituztela.

Jaso, baina uzteko nahia

Tratamendua jasotzea erabakitzen dutenei dagokienez, Cerveirok adierazi du «motibazioa» sentitzen dutela, baina uzteko nahia ere bai. Haren arabera, zentroetako funtzionamendua sarri ez dator bat andreen beharrekin, eta ez dira taldearen parte sentitzen. «Haiek egokitu behar izaten dira, ingurunea egokitu baino». Beraz, egileek azpimarratu dute, profesionalak elkarrizketatu ostean, tratamenduetan beharrezkoa dela soilik emakumeez osatutako espazioak sortzea, berariaz eragiten dieten gaiak landu ditzaten. Ingurukoen babesa ere garrantzitsutzat jo dute.

Nagore Orozi elkarrizketa: «Adikzioa duten emakumeak, babestu ordez, zigortu egiten dira»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.