Albistea entzun

Biharko lurraldeaz, gaurtik

Joera demografikoen jatorriaz eta ulertzeko moduez aritu dira Usurbilen Imanol Esnaola eta Marta Luxan, Jakinen eta UEUren jardunaldian. Zaintza sistema egituratzeaz gogoetatu du Felix Arrietak. Bideoa, albistearen barruan.

Marta Luxan EHUko irakaslea eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, atzo, Usurbilen.
Marta Luxan EHUko irakaslea eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, atzo, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko uztailak 8 - Usurbil

Prospektiba egiteak gehiago duela egitetik eta eragitetik, iragartzetik baino. Ideia hori erator daiteke Imanol Esnaola Gaindegia behatokiko zuzendari ohi eta demografia analistak atzo Usurbilen (Gipuzkoan) emandako azalpenetatik, eta garden azaldu zuen Esnaolak berak ere: «Etorkizuna prestatu egiten da». Jakinek eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak atzoko eta gaurko antolatutako EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza jardunaldiko lehen hitzaldia eman zuen Esnaolak, eta egungo joera demografikoen jatorriari erreparatu zien. Arrazoitu zuen horiek ere diseinatuak izan direla.

Ikusi gehiago: Ikusi azken saioa

Frankismoak diseinatuak, hain justu, Esnaolak modu probokatiboan baina ziurtasun osoz adierazi zuenez: «2022ko demografia nolakoa izango zen Francok erabaki zuen». Frankismoaren bueltako eliteek «irtenbide ekonomiko» bat bazutela azaldu zuen, industria astunean oinarritua, energetikoki oso intentsiboa eta formazio handirik gabeko eskulan merkea behar zuena. Eredu hark egun lurraldeak duen egitura, urbanizazio maila eta desorekak, besteak beste, zeharo baldintzatu dituela azaldu zuen.

«Orduko suak, egungo hautsak», adierazi zuen Esnaolak. Su berriak pizteko aukera badagoela argudiatuta, unearen garrantzia nabarmendu zuen: «Aukera historiko bat daukagu azken 80 urteetan izan ez duguna, zeren urte horien hondarretan bizi izan gara. Baina orain guk aukeratu behar ditugu erantzunak, eta guk aukeratzen ditugun erantzunek, agian, ekarriko dituzte guk nahi ditugun ondorioak». Zer aldatu badagoela erakutsi zuen, datuez lagunduta. Besteak beste, biztanleriaren saldo naturala negatiboa dela azaldu zuen, eta hazkunde puntuak lauzpabost baino ez direla. Landa eremuen hustea ere nabarmena dela azaldu zuen, landa eremuen kaltetan: biztanleen %55 hiriguneetan bizi da, eta, horiei bitarteko zonatzat deitutakoak gehituz gero, %80 baino handiagoa da proportzioa.

Euskal Herriaren urbanizazio mailari ere erreparatu zion Esnaolak, eta galdera bat aireratu zuen: «Euskal Herria gehiago urbanizatzerik ba al dago?». Izan ere, desoreka eta segregazio maila handieneko eremuak urbanoak direla azaldu zuen. Halaber, hedatutako zenbait uste okerrak direla ere erakutsi zuen: hala nola migratzaile gehien hirietan pilatzen direla. Batez ere Nafarroa hegoaldean kontzentratzen direla azaldu zuen, landa lanei lotuta, eta horkoak direla «prekarizazio agertoki larrienetakoak» ere. Hiriguneen eragin esparrua ere zenbaterainokoa den azaldu zuen. Iruñeak, esaterako, egunero Urdazubitik Larragara arteko herritarrak jasotzen dituela erakutsi zuen.

Datozen urteetan joera horiei eta beste hainbati erreparatu eta heldu beharra egongo dela azpimarratu zuen Esnaolak. Eginda ere, aldaketak eta «tentsioak» izango direla zehaztu zuen: hala nola zahartze tasa handieneko zonatan bakardadea areagotuko dela, hiriguneetako segregazio ekonomikoaren ondorioz arazoak sortuko direla kotizazioetan eta eremu batzuk hustuko direla, horrek dakarren «kapital kulturalaren galerarekin».

Kopuruei, bizitza duinak

Egungo erabakiek bihar batera edo bestera joatea determinatuko dutelako ideiarekin bat egin zuen Marta Luxan EHUko Soziologia irakasle eta demografian doktoreak ere, baina, halaber, egungo egoera ulertzeko moduan arreta jarri zuen, eta ezbaian jarri demografiaz egiten diren zenbait irakurketa. Demografia politiken erdigunean «kopuruak» jarri beharrean «bizitza duinak» izateko eskubidea jarri behar dela adierazi zuen.

Azaldu zuen demografiaz aritzean iruditegian iltzatutako eta etengabe sustatutako zenbait «mito» birproduzitzeko joera dagoela. Biztanleriaren zahartzeari begiratzeko modua da horietako bat. Bizi itxaropena luzatu izana «gauza ona» dela adierazi zuen, luzeago bizitzeko aukera dagoelako eta «adinak birdefinitu» direlako.

Horri lotuta, adierazi zuen iruditegi eta desio jakin batzuei lotuta zenbait adin taldek «demonizazioa» jasaten dutela. Jaiotza tasak igotzeaz hitz egiten den arren, hori noren bizkar egingo den ez da aipatzen, salatu zuenez, eta, aldiz, ugalkortasunaz aritzen denean, beti egoera «gaizki» irudikatzen da eta emakumeak horren «errudun» egiten dira. Planteamenduan dago arazoa, haren ustez: «Galdera ez da ea jendeak zergatik ez dituen haurrak izaten, baizik eta noiz erabakitzen duen izatea».

Motiboez aritzean, sarritan aipatu izan dira, Luxanek gogorarazi zuenez, emakumea lan merkatuan sartu izana, indibidualizazioa eta familia egiturak krisian daudelako argudioa. Alabaina, datuen argitan, arrazoi horiek ez dira «sostengatzen», Luxanek zehaztu zuenez. Aitzitik, egiturazkoagoak diren zenbait aldaketa egin beharra defendatu zuen. Horien bidez ugalkortasuna haz litekeela seguru esaterik ez badago ere, «jende gehiagok bizitza duina izateko aukera» irekiko luke, zehaztu zuenez: atzerritartasun legea deuseztatzeak, enpleguaren eta lanaren banaketa hobea egiteak, etxebizitza herritarren beharretara egokitzeak eta familiak «deszentratzeak», besteak beste.

Laguntzetatik zerbitzuetara

Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasleak prospekzio ariketa zaintzaren eremura biratu zuen, batez ere, Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuen sistema aztergai hartuta. Arrietak azaldu zuen administrazioak batez ere gizarte zerbitzuen bidez erantzun izan diola zaintzari, eta zerbitzu horiek «asistentzialismora» dedikatu izan direla, «beste zerbitzuen gabeziak estaltzera».

Oinarritzat Mediterraneoko ongizate estatuaren eredua hartu izanak eragina izan du horretan, haren esanetan: «Familiak zaintzen duen eremuetan erabaki da ez dela zaintza gehiago behar». Hala, laguntza bidez gabeziak estaltzeko joera dagoela azaldu zuen, zerbitzuak indartuta arazoari errotik heldu beharrean.

Zaintza sistema nola egituratu beharko litzatekeen pista batzuk ere eman zituen Arrietak: gobernantza eredua aldatu, behetik gorako egitasmoak zaintza sisteman integratu, «arreta eredua» birpentsatu eta komunitatearen parte hartzea sustatu, besteak beste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. ©Euskalgintzaren Kontseilua

Betetzeke jarraitzen du Espainiako Ikus-entzunezkoen Legeak

Julen Otaegi Leonet

Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina Euskalgintzaren Kontseiluaren ahotan, hizkuntza gutxietuen presentzia biderkatzeko bidean oztopoak daude. Plataformek «Urratsak» eman ditzaten galdegin du.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

LAB, ESA, UGT, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, atzo, otsailaren 15eko greba iragartzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Hiru greba eta hamaika mobilizazio: Nafarroa, marea zuri baten atarian

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, batetik, eta SATSEk, bestetik, lanuzteak antolatu dituzte datozen asteetarako. Sindikatu Medikoa eta Nafarroako Gobernua, ados jarri ezinik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.