Hezkuntza Legea langileekin batera adosteko eskatu dute sindikatuek

ELAren, LABen eta Steilasen arabera, %60ko parte hartzea izan du Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurkako bigarren grebak. Jaurlaritzaren esanetan, irakasleen %32,7k egin dute

Atzo goizean Gasteizen egindako manifestazio jendetsua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Arrakasta handia» izan zuen atzo ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan egindako bigarren greba deialdiak. Sindikatuek emandako datuen arabera, hamar langiletik seik egin zuten bat grebarekin ( %60k), eta bereziki sumatu zen haurreskoletan, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lantzen ari den Hezkuntza Legearen aurreproiektuari «ezezko borobila» emateko eta «hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa» aldarrikatzeko deitu zuten lanuztera; bigarren greba izan da hilabete bakarrean. Unibertsitatez kanpoko sare publikoko langile oro deituta zegoen deialdiarekin bat egitera: irakasleak, Haurreskolak partzuergoko langileak, hezitzaileak, sukaldariak eta garbitzaileak. 30.000 behargin baino gehiago denera.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuak, berriz, askoz apalagoak izan ziren. Jakinarazi zuenez, ikastetxeen %96ren datuak bildu zituen, eta horietan irakasleen %32,7k egin zuten greba.

Sindikatuak pozik azaldu ziren grebaren erantzunarekin, eta hezkuntza publikoko langileak zoriondu zituzten «haurreskola eta eskola publiko andana itxi» eta kalera ateratzeagatik. ELAren, LABen eta Steilasen ustez, azaroaren 30ean bezalaxe berriro ere «argi» geratu da hezkuntza publikoko langileek ez dutela babesten Jaurlaritzak prestatu duen Hezkuntza Legearen aurreproiektua. Eta euren eskaerak aintzat hartzeko eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari eta legebiltzar taldeei: hala nola eskola publikoa «erdigunean» jartzeko eta langileen eskubideei heltzeko. Era berean, zera ohartarazi zieten: Hezkuntza Legea egongo bada, langileekin adostua izango dela.

Sindikatuek goizez eta arratsaldez antolatu zituzten mobilizazioak. Goizean, manifestazioa egin zuten Gasteizen, Bilbo plazatik abiatuta. Arratsaldean ere mobilizazioak egin zituzten Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Langileen ahotsa entzuteko

Goizean, Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez. Legea langileokin eraiki leloa zuen pankartaren atzean milaka lagun batu ziren Gasteizko manifestaziora.Sindikatuetako bozeramaileek martxa hasi aurretik adierazi zutenez, grebaren erantzun zabalak erakusten du hezkuntza langileak ez daudela ados Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin, eta premiazkoa dela haien iritzia aintzat hartzea.

Steilas sindikatuko Nagore Iturriotzek ideia hori nabarmendu zuen: «Jaurlaritzari eta alderdiei eskatzen diegu gure ahotsa aintzat har dezatela eta moldatu dezatela orain arte egindakoaren norabidea». Izan ere, salatu zuen aurreproiektuak «sistema duala betikotu» egiten duela eta ez duela neurri «zehatzik» aurreikusten hezkuntza publikoa indartzeko.

ELAko Miren Zubizarretak gogora ekarri zuen legearen tramitazioa hasi zenetik sindikatuek ekarpenak egin dizkiotela testuari, baina ez dituztela kontuan hartu. Haren hitzetan, aurreproiektuan ez dago aldaketarik murgiltze ereduaz eta curriculum propioaz, eta aterabiderik ez du proposatzen langileen lan baldintzen inguruko «egiturazko arazoen» inguruan.

Hezkuntza publikoko langileen «ahotsa» entzuteko deia egin zien LABeko bozeramaile Irati Tobarrek Jaurlaritzari eta legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei. Hain justu ere, manifestariak haserre agertu ziren Eusko Legebiltzarraren paretik igaro zirenean, txistuka eta oihuka.

Amaierako ekitaldian, hiru sindikatuek gogora ekarri zuten grebaren atzean hamar aldarrikapen daudela: «publikoa» ardatz izatea, segregazioari aurre egitea, publifikazio markoa ezartzea, Hezkuntza Lege propioa sortzea, inbertsio nahikoa egitea, euskara lehentasuna izatea, kontrol mekanismo zehatzak ezartzea, langileen lan baldintza egokiak bermatzea, interes pribatutik aldentzea eta langileen parte hartzea sustatzea. Sindikatuek ohartarazi zuten legeak euren aldarrikapenak jaso ezean mobilizatzen jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.