Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

VOX. Orotariko eskuinen aterpe

Nagusiki PPn aritutako hautagaiak aurkeztu ditu Voxek Hego Euskal Herrian, baina alderdi ultraeskuindarrera joandakoen jatorria zabalagoa da: badira UPD, DNE, UPN eta CTCko kide ohiak ere. Abascalek senideak sartu ditu zerrendetan.

Santiago Abascal, bizkarrez, larunbatean Donostian eginiko ekitaldian, hara joandakoak agurtzen. Ondoan, Juan de Dios Davila. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

Duela sei urte eskas sortutako alderdia izanagatik, 2019ko hauteskunde zikloari orain arte izan ez dituen itxaropen eta aurreikuspenekin begiratzen dio Voxek. Hazkundea espero du Espainiako Estatuko hainbat lekutan, eta, gainerako alderdien gisara, zerrendak taxutzen aritu da azken asteetan; Hego Euskal Herrian, ordea, ezein inkestak ez dio Voxi arrakasta handirik iragarri, eta Gipuzkoan, adibidez, lanak izan dituzte hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko beharrezkoak diren sinadurak biltzeko. Hauteskunde legearen azken aldaketaren ondorioz, Gipuzkoako erroldaren %0,1 abal bildu behar dituzte hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko; zazpiehun sinadura hogei egunetan. Kostata, baina lortu dute.

Hori eginda, alderdiak prest dauzka apirilaren 28ko listak; martxoaren 25ean argitaratu ziren izen-abizenak Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta zerrenda horien ondorio nagusia da PPko suminduak direla Voxen hautagaiak; beste hauteskunde batzuetan PPren siglen pean bozetara aurkeztutako pertsonak direla Voxek Hego Euskal Herriko zerrendak osatzeko aukeratu dituenetako batzuk. Hori da Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuen kasua. Juan de Dios Davila ekonomialaria da zerrendaburu Gipuzkoan; Davila PPko zinegotzi izan zen, Hernanin, 2003 eta 2007 artean. Gainera, tradizio militar handiko familia bateko kidea da, militarrak baitzituen aitona (Fidel Davila Arrondo), aita (Fidel Davila Jalon) eta anaia (Fidel Davila Garijo). ETAk hil zion anaia, 1993an; aitonak erretiroa hartu zuen 1931n, Espainiako errepublika sortu berriari fideltasuna ez agintzeko, eta aita Dibisio Urdinean aritu zen, Francoren alde.

Sonatuagoa izan da Nerea Alzola Bizkaiko zerrendaburua fitxatu izana, legebiltzarkide izatera iritsi zelako PPrekin. Maria San Gilek PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruzagitza uztean, protagonismoa galdu zuen Alzolak alderdi barruan, eta 2012. urtean utzi zion PPko kide izateari; gerora azaldu duenez, Mariano Rajoyren gobernuak Josu Uribetxebarria presoa zena aske utzi eta biharamunean erabaki zuen PPtik joatea.

Hala ere, PP ez da izan Voxeko kideen jatorri bakarra, muturreko alderdiak espainolismoaren iturri guztietatik edan baitu Hego Euskal Herriko zerrendak osatzeko orduan; izan ere, UPD, UPN, Comunion Tradicionalista eta Derecha Navarra y Españolako kide eta hautagai izandakoak daude apirilaren 28ko bozetako hautagaitzetan. Arabako bigarrena da adibideetako bat: Jonathan Romero Gamiz Voxekin aurkeztu zen 2015ean Arabako Batzar Nagusietara eta Gasteizko Udalera, baina UPDren listetan joan zen, ordea, 2012an.

Nafarroan ere, beste alderdi batean esperientzia duen hautagai bat lehenetsi du Voxek zerrendaburu izateko. Adolfo Alustiza Romerok beteko du postu hori, eta 2008ko bozetan Comunion Tradicionalista Carlistako zerrendaburu izan zen Espainiako Kongresurako. Alderdi berarekin aurkeztu zen Europako bozetara, 2004an.

Alustizak Emilio Jimenez dauka zerrendakide, eta hura ere aritu izan da beste indar politiko batzuetan. Jimenez Barañaingo poliziaburu izan zen, baina kargua utzi zuen, hogei Poliziako lantaldetik hemezortzik idatziz eskatu eta gero hura kargutik kentzea, zeregin horretarako gaitasunik ez zuela eta. 2009an izan zen hori. Bi urte geroago, Barañaingo Udalerako zerrendaburu aurkeztu zen, Derecha Navarra y Españolaren hautagaitzan. 2007an, ordea, Altsasuko Udalera aurkeztu zen: UPNko zerrendan seigarrena izan zen.

Senideak ere hautagai

Gertutasun politiko eta ideologikoaz harago, senideei ere lekua egin die Santiago Abascal alderdiko buruak; ama, Isabel Conde, Arabako zerrendan jarri du, laugarren postuan, eta Iria Abascal, arreba, senaturako Arabako zerrendan sartu du, ordezko. Ama-alabak ez dira iritsiko Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortzera, baina samurrago izan dezake Begoña Condek, Santiago Abascalen izebak: Ourenseko (Galizia) zerrendaburu izango da. Begoña Condek ere badu harremanik Euskal Herriarekin: PPko kidea izan zen, eta, alderdi horrek proposatuta, EiTBko Administrazio Kontseiluko kide da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.