Maite Esporrinen aulki jokoa

Asironek «indar aurrerakoien arteko» akordioa lortzeko hiru formula proposatu ditu, baina funtsezko ikusten du «kanpotik» betorik ez ezartzea. Maiak PSNri eskatu dio ez dezala hautagaitzarik aurkez

Enrique Maia Navarra Sumako alkategaia, Maite Esporrin PSNko hautagaia eta Maria Txibite PSNko presidenteagaia, atzo, Navarra Capital aldizkari ekonomikoaren ekitaldi batean. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Beste alderdiak mugitu dira, baina PSNk geldi jarraitzen du. Herenegun gauean, Joseba Asiron EH Bilduren alkategaiak negoziatzeko proposamena egin zion Maite Esporrini, eta hark ezezkoa eman zion. Asironen ustez, sozialisten jarrera horrek «moral bikoitza» islatzen du, Ferrazek ezarritako irizpideari men egiten diolako baina gero koalizio abertzaleari Esporrinen alde bozkatzeko eskatzen diolako. Bestalde, Enrique Maia Navarra Sumako hautagaia atzo goizean Navarra Capital aldizkariaren ekitaldi batean Esporrinen alboan eseri zen, baina ezin izan zuen lotu hitzordurik elkarrekin biltzeko: «Harremanetan jarri gara, eta agindu dit gero erantzungo didala», esan zuen Maiak eguerdian. Esporrinen eta PSNren doinuaren araberakoa izango da azken finean, Iruñeko aulki jokoa.

Atzo, EH Bildu zein Navarra Suma PSN mugiarazten ahalegindu ziren. Bietatik erosoen Enrique Maia dago, nahikoa baitu gainerako hiru alderdiek bat ez egitea, berriro alkate izateko. Alta, Navarra Sumako hautagaia ez da fio. Ez du gustuko Esporrin alkategai gisa aurkeztea, atea irekita uzten duelako EH Bilduk haren alde egin dezan: «EH Bilduren babesa espero duelako egiten du hori; bestela, ezinezko luke alkate izatea. PSNk txuri bozkatu beharko luke, eta aukerarik txikiena ez utzi EH Bilduren botoen bila ari den susmorik izan dezagun».

Asironen hiru formulak

Joseba Asironek zailago du, baina atzo berretsi zuen «azken egunera arte, azken minutura arte» ahaleginduko dela akordioa erdiesten. Asironek azpimarratu zuen «indar aurrerakoien artean» lehen indarra EH Bildu izan zela. «Guri dagokigu neurriak eta pausoak emateko ardura». Beste behin, eskua luzatu zien Geroa Bairi eta PSNri lau ardatzen inguruan akordioa heltzeko: elkarbizitza eta memoria historikoa, neurri sozialak eta etxebizitza, mugikortasuna eta jasangarritasuna eta berdintasun politikak.

Horretarako, hiru formula proposatu ditu Asironek. Lehenik eta behin, udal gobernua osatzeko akordio programatiko bat lortzea, «indar bakoitzaren lehentasunak bateragarri eginez eta amankomuneko lan ildoak indartuz». Asironen arabera, indar bakoitzak aukera luke «ardura kuotak» izateko udal gobernuaren kudeaketan.

Bigarren formula litzateke inbestidura arloko akordio bat lortzea: kasu horretan, EH Bilduk konpromisoa hartuko luke, Asironen alde bozkatuz gero, «modu bertsuan erantzuteko bestelako udal eta erakundeetan». Formulazio horrekin, Maria Txibiteren inbestidura posible bat babesteko proposamena ote den galdetu zitzaion. Asironek erantzun zuen bi prozesuen artean ez dagoela erlazio zuzenik, «egoera desberdinak direlako eta, batez ere, epe desberdinak dituztelako». Hala ere, nabarmendu zuen lotura bat badagoela: «Argi dago, dudarik gabe, oraingo PSNren jarrerak oztopatu egiten duela beste akordio batzuk lortzeko aukera, noski».

Hirugarren bidea litzateke «gobernu aurrerakoi bat» ahalbidetzea boto puntual baten bidez, «etorkizuneko ildoak baldintzatu gabe». Asironek azaldu zuen, edonola ere, bera aurkeztuko dela alkategai gisa, eta baldintza bakarra dela «ezein indar aurrerakoi ez baztertzea». Horretarako Ferrazek ezarritako betoa kendu egin behar lukete sozialista nafarrek. «Politika sektario bati baino ez dio erantzuten. Aditzera eman nahi dute iruindarrak zein nafarrak heldugabeak garela. Madrilen zenbaitek uste dute zilegitasuna dutela gure ordez erabakiak hartzeko». Larunbatean, 18:00etan, izango da Iruñeko osoko bilkura, eta ordu horretarako EH Bilduk jakingo du PSNk zer egin duen gainerako udaletan.

Navarra Suma, urduri

Enrique Maiak ez du ustekabekorik nahi. Ez du ulertzen zergatik PSNk hautagaitza aurkezteko asmoa duen. Maiak ohartarazi die sozialistei eurekiko jarrera aldatuko dela aurrera jarraituz gero. «Lau urte eman ditugu oposizioan, laukoaren aurka eta ETA gaitzesten. Sinestezin deritzot orain Bilduren babesa lortu nahi izatea alkatetza lortzeko». Aldiz, hautagaitza ez aurkeztuta, negoziazioan ez du mugarik jartzen: «Akordio bat balego, hiriak arnasa hartuko luke. Aldiz, halakorik gertatuko ez balitz, aukera handi bat galduko genuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.