Espetxe politika. Jaurlaritzaren proposamena

Formak, edukiei itzal egiten

Mendiak esan du presoen Euskal Herriratzea eta gerturatzea Fernandezen «proposamen pertsonal bat» dela, eta PSEk ez daukala berririk asmoaz. Otegik «propaganda politikoa» uzteko eskatu du

enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiaren proposamen iragarpenak, euskal presoak Euskal Herriratzeari eta hurbiltzeari buruzkoak. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak esan du hedabideen bitartez izan duela haren asmoaren berri; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak «propaganda politikoa» ez egiteko eskatu dio; eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak dio planteamendua ez dela berria.

Mendiak premiazko prentsaurreko batera deitu zuen atzo, Bilbon. «Argi eta garbi, Jonan Fernandezen proposamen pertsonal bat da; Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak ez du proposamenaren berririk, inola ere, eta PSE-EEk ere ez». EAJ eta PSE 2016 bukaeratik elkarrekin daude Jaurlaritzan, eta gobernu programan jasoa dute bestelako espetxe politika baten beharra. Mendiak azaldu du proposamena jasotzean aztertu eta iritzia emango dutela. Dena dela, nabarmendu du euskal presoen gerturatzeak banakakoa izan behar duela, eragindako mina aitortu behar dutela, eta beharrezkoa dela instituzioek adostasuna lortzea ETAren biktimen elkarteekin. Haren arabera, Pedro Sanchezen gobernuak politika eredu horri jarraitu dio PSOE 2018ko ekainean Moncloara heldu zenetik.

Erkorekak ETB1eko elkarrizketa batean gogoratu du Iñigo Urkullu lehendakariak 2017an azaldu ziola planteamendu hori Mariano Rajoyri, Espainiako orduko gobernuburuari, eta 2018an Sanchezi. Urkulluk iazko urrian jakinarazi zuen hori, Lehendakaritzak gatazkaren ondorioei buruzko dokumentu batzuk kaleratu zituenean —Espetxe politika birbideratzea partekatzeko akordio proposamena eta Euskal presoak presondegietan birkokatzeko irizpide proposamena idatzietan zekarren planteamendua—. Fernandezek herenegun ETB1en iragarri zuen Moncloari proposatuko diotela Espainian dauden 210 euskal presoak Hego Euskal Herriko lau kartzelatara ekartzeko eta Duesokora (Kantabria), Burgosekora eta Logroñokora gerturatzeko. «Planteamendua ez da berria», esan du Erkorekak. «Lehendakariak orain zazpi urte Rajoyri planteatu zion, eta Sanchezi ere jarri izan dio mahai gainean. Nahi izanez gero, gauzatu daiteke [bestelako espetxe politika bat]. Espainiako Gobernuak bere esku du urratsa egitea. Erabaki politiko bat baino ez da behar; mahai gainean daude espetxe politikaren eraginkortasuna eta presoen eta familien eskubideak».

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko eledunak azaldu du Jaurlaritzak «beti» eskatu izan duela hurbilketa, «nahiz eta eskakizuna beti ez den izan publikoa».

Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak iragarri du «datozen egunetan» elkartuko dela Espainiako Gobernuko ordezkariekin. Fernandezen esanetan, «etengabeko komunikazioa» dute Moncloarekin eta Espetxe Zuzendaritzarekin. «Normala da proposamenak trukatzea». Euskadi Irratian adierazi du Jaurlaritzak ez duela planteamendua aldatu. «Ez dugu inoiz iraganaren kritika hurbilketarekin lotu». Haren esanetan, «gizarteratzeko beharrezkoa» izango da presoak egindako minaz «gogoeta kritikoa» egitea. Dena dela, berriro esan du kontzeptuan dagoela aldaketa; hau da, gizarteratzea gertatu aurretik presoak Euskal Herriratu edo hurbildu behar direla; izan ere, aipatu du hainbat ikerketak erakutsi duela urruntzeak ez duela gizarteratzean lagundu. Frantziako Gobernuaren gauza «berdin-berdina» proposatu dutela adierazi du.

Otegik formak kritikatu ditu

Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Herri Irratiko elkarrizketa batean azaldu du bere taldea «eduki aldetik gertu» egon ahal dela Jaurlaritzaren proposamenetik, «urruntze politikak bukatu egin behar duelako eta kito», baina «formei» kritika egin die, esanda Bizikidetza idazkari nagusiak ez duela hitz egin euskal presoekin eta haien senideekin, ezta ezker independentistarekin ere. «Beraz, zeinekin hitz egiten dute proiektuok egiten dituztenean?». Otegiri iruditzen zaio jarduteko era hori «kezkagarria» dela. Gai delikatutzat jo du presoena, «haien senideen artean espektatibak sortzen dituelako», eta uste du beste era batera jorratu behar dela; «diskrezioa eta seriotasuna» galdegin ditu, eta «propaganda politikoa» egiteari uzteko eskatu dio Urkulluren gobernuari. Fernandezi eskatu dio EH Bildurieskatzen diona egiteko: «Gehiago egin eta gutxiago hitz egin».

Otegik Espainiako gobernuburuari ohartarazi dio EH Bildu prest dagoela babesa emateko, betiere espetxe politika aldatzen badu; esan du bestela aurrean izango duela EH Bilduren talde parlamentarioa. «Euskal presoek berehala egon behar dute euskal kartzeletan, edo ingurukoetan. Erabaki politiko bat izan zen urruntzea, eta orain haren bukaera beste erabaki politiko batekin egin beharko da. Urrundu egin zituzten, eta orain hona ekarri behar dira», adierazi du Herri Irratian.

Halaber, «salbuespen» legeak ez aplikatzeko eskatu du. «Espetxe politika arrunta da eskatzen duguna, normaltasunera eramatea». Hala galdegin du, urruntzea amaitzea ez ezik, gaixorik diren presoak eta 70 urtetik gorakoak ere askatzea. «Humanizazioaren lehen partea da hori, eta bigarrengoak egon behar du: nola adostu denon artean plan eta bide orri bat presoak etxera itzul daitezen?».

PP, baldintza eske; EP, ez

Carmelo Barrio EAEko PPko legebiltzarkideak PSEri eskatu dio «ahal den argien baztertzeko» Fernandezek iragarritako proposamena. PPko eledunak esan du Justiziarekin kolaboratu gabe eta 300 hilketa argitzeke ezin direla euskal presoak gerturatu. Proposamena «oso larria, kezkagarria eta tamalgarria» da, haren iritziz.

Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta EPren parlamentariak esan du presoek «eragindako min injustuaz autokritika» egin behar dutela, baina zehaztu du hori ez zaiela «baldintza gisa ezarri behar» Euskal Herriratzeko edo inguratzeko.

Sarek ohar baten bidez esan du ez zuela Lehendakaritzaren proposamenaren berri, eta Jonan Fernandezi bilera bat eskatu diola. «Gaur egungo espetxe politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean adostasun zabalak lortu dira, eta, gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu». Era beren, ordea, Sarek dio diskrezioa izan beharko dela.

Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko eledunak Euskadi Irratian ontzat jo du Jaurlaritzak euskal presoak gerturatzea proposatzea, urruntzearen amaierak «mesede egiten diolako euskal gizarteari, elkarbizitzarako pausoa delako».

Covite elkarteak txio batean adierazi du Espainiako Estatuak, «ETAko» presoak gerturatzeko, «gutxieneko zoru etikoa» ezarri behar duela, «terrorismoaren errefusean oinarritua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.