Erabaki nahia, sendotzen

Naziometroaren bigarren neurketa argitaratu dute Parte Hartuz taldeak eta Telesforo Monzon laborategiak. Bost herritarretik bakarrak dauka ontzat egungo estatus politikoa

jon olano
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun

2020. urtearen hondarrean, Naziometroa euskal burujabetzari buruzko barometroaren lehen neurketaren emaitzen berri eman zuten Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak. Asmoa zen neurketa horiei jarraipena ematea, bilakaerari erreparatzeko, eta bigarren neurketaren emaitzak argiratu dituzte orain. Besteak beste, ondorioetako bat da erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak areagotu diren neurri berean murriztu direla euskal estatuaren aldekoak: hiru puntu handitu dira lehenak, beste hainbeste txikitu bigarrenak. Edonola ere, euskal herritarrek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dutela uste dutenak bi heren dira, eta, erreferendum adostu batean, euskal estatu baten aldeko botoa emango lukete hamar herritarretik lauk.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, hamarretik zazpik babesten dute Hego Euskal Herrian, eta kontrakoak bostetik bat baino gutxiago dira eremu guztietan. Atal horretan, eta erabakimenarekin lotuta, adierazgarriak dira galderetako bati emandako erantzunak; Next Generation diru funtsari buruz galdetu dute Naziometroaren bigarren neurketan, eta hegoaldeko hiru herritarretik bik nahiago dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak negoziatzea Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako dirua; aldiz, bostetik batek (%19) uste du Espainiako Gobernuak negoziatu behar duela.

Lehen Naziometroan agertutako joera bat berresten du bigarren neurketak: ez dela gauza bera independentziaz bere hutsean galdetzea edo erreferendum adostu batean euskal estatuari buruzko boto asmoaz itauntzea. Izan ere, independentziaren alde daude galdetutakoen %27, eta kontra %42, baina bestelakoa da indar korrelazioa erreferendum batean euskal estatu bati buruzko iritzia emateko aukeraz galdetzean; kasu horretan, gehiago dira aldekoak (%39,5) kontrakoak baino (%29,5). Haatik, udazkeneko neurketan %42,5 ziren aldekoak.

Ez da aurreneko iritzi bilketak azaleratu eta bigarrenean berretsitako hipotesi bakarra. Izan ere, iazko abenduan zabaldutako datuek adierazten zuten euskal estatuaren aldeko eta kontrako jarrera dela, eta a priori alde edo kontra agertzen direnak prest daudela beren iritzia aldatzeko euskal estatu horren nolakotasunaren arabera; adibiderako, kontra daudenen %45-50 euskal estatu baten alde leudeke horrek eragingo balu «enpresa handiak erakartzea», «egungoa baino pentsio sistema hobea» izatea edota «egungo politika ekologikoak baino hobeak» garatzea —%31,5ek babestuko lukete euskal estatu bat euskara gehiago babestuko balu—. Kontrakoa ere gertatzen da; euskal estatuaren aldekoak desados leudeke horrek eragingo balu «enpresa handiak deslokalizatzea», pentsio sistema okertzea, ingurumen politikak okertzea edo euskararen suspertzean pausorik ez ematea.

Izan ere, zer sentimendu sorrarazten du euskal estatuaz hitz egiten entzuteak? Galdera hori egin diete 1.200 herritarri, eta ziurgabetasuna da erantzun ohikoena; lautik batek (%24) adierazten du sentipen hori. Haatik, baikorragoak dira gehien errepikatzen diren hurrengo aukerak: interesa (%21,9), ilusioa (%21,8) eta itxaropena (%19,9).

Ikusi gehiago:Independentziaren alde %21 leudeke, Jaurlaritzaren inkestaren arabera

Nolanahi ere, herritar asko konforme daude egungo estatus politikoarekin, inkestan adierazten denez. Galdetutakoen %58,2k diote pozik edo oso pozik daudela Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak daukaten autogobernu mailarekin, nahiz eta, lurralde antolaketa desberdinez galdetuta, aukera gustukoena duten autonomia erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien estatu eredu bat. %28,7 herritarrek nahiko lukete eskumen gehiagoko estatus bat, eta soilik bostetik batek jotzen du ontzat gaur egungo eredua.

Etxebizitza, arazo

Parte Hartuz taldeak eta Telesforo Monzon laborategiak beste gai batzuk ere aztertu dituzte bigarren inkestarako; esaterako, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan etxebizitza eskuratzeko dauden arazoen inguruko iritziak jaso dituzte. Horren arabera, Iparraldean galdekatutako hamarretik zazpirentzat «arazo handia» da etxebizitzarena, eta soilik %3,9rentzat ez da arazo. Are gehiago, lautik hiruk (%74,3) uste dute urtebeteko epean zaildu egin dela etxebizitza bat alokatzea nahiz erostea. Hori dela eta, hamarretik seik (%59,1) uste dute Euskal Hirigune Elkargoan bigarren etxebizitza bat erosteko tasak emendatu beharko liratekeela.

Bestalde, beste aztergaietako bat izan da nafarrek zer iritzi duten beren lurraldeak gainerakoekin izan beharreko harremanen inguruan, harreman ekonomikoak, osasun arlokoak, kulturalak, euskararen sustapenari buruzkoak eta hezkuntzari buruzkoak bereizita. Guztietan, multzo bat da nagusi: harreman horiek indartzeari «garrantzi handia» ematen diotenak. Handienetik txikienera ordenatuta, ordea, osasun zerbitzuetarako harremanak indartzea da lehentasuna —%57,2k ematen diote horri garrantzi handia edo erabatekoa—, eta, hurrenkeran, harreman ekonomikoak, hezkuntza arlokoak, kulturalak eta euskara sustatzeari lotutakoak.

Harremanei erreparatuta, Hego Euskal Herrian erantzun dutenen artean, zera da beste ondorioetako bat: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak autonomia erkidego bakarra osatzea nahi dutenak gehiago dira —%54,7 daude alde, eta %30,3 kontra—, baina babes askoz zabalagoa dauka bi erkidegoek harreman handiagoa izatearen aldeko aukerak: %83,2. Ehuneko hori sei puntu apalagoa da Ipar Euskal Herrian ere galdetuta.

Guztira 1.201 inkesta egin zituzten, martxoan: 589 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 405 Nafarroan; eta 207 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Datuak ondoren haztatu dituzte, lurraldeen araberako biztanleriaren banaketa errealaren arabera eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko eta herriko etxeko lehen itzuliko hauteskundeetako bozka oroitzapena kontuan hartuta.

Ikusi gehiago: Hiru herritarretik bi, selekzioak ofizial izatearen alde

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.