Transferentziak «alderdi gisa» negoziatzea egotzi diote EAJri

Jeltzaleek eskumenekin «salerosketa» egiten dute, Martinezen eta Otegiren ustez. EH Bilduren arabera, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko harremana eraldatu behar da

Joan den urrian bildu ziren Meritxell Batet Espainiako Administrazio Publikoko ministroa eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«EAJk lan egiten du Euskal Autonomia Erkidegoa berea izango balitz bezala». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak EAJri egotzi dio transferentzien negoziazioa egitea Eusko Legebiltzarrarekin informazioa partekatu gabe. Gauza bera leporatu dio alderdi jeltzaleari Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak ere: «Herri hau beraiena izango balitz bezala jarduten dira jeltzaleak». Bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Podemosek ohartarazi dute EAJ transferentzien negoziazioa bere kasa egiten ari dela, «Eusko Legebiltzarrarekin kontsultatu gabe». «Alderdi gisa» jardutea leporatu diote, legebiltzarrarekin gaia landu beharrean.

Joan den asteazkenean akordio bat egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo gobernuak, eskumenen inguruko Batzorde Mistoa egiteko. Akordioa, ordea, Pedro Sanchezen gobernuak proposatutako dekretuak diputazio iraunkorrean onartu ostean itxi zuten. Horrek eragin du bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Podemosek EAJri egoztea eskumenekin «salerosketa» egitea.

«EH Bildu erabakigarria izan da Pedro Sanchezen neurri sozialen dekretuak aurrera ateratzeko; horregatik, EAJk behar izan du zerbait irabazi, gurekin lehian baitago», adierazi du Otegik. Martinezek ere lotu du EAJk Sanchezi emandako babesa transferentzien negoziazioarekin: «EAJk dekretu sozialei emandako babesa baldintzatu du Euskadirentzat eskumenak lortzearekin». Horregatik, «guztiaren gainetik» transferentzien «salerosketa» lehenetsi du EAJk, Martinezen iritziz.

Are gehiago, EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak esan du EAJk «performance bat» egin duela aurreko astean, eta «txiklea gehiegi luzatu» duela, hasieratik baitzekiten «denek» dekretuak babestu eta transferentziak negoziatuko zituztela ondoren. Hain justu, horregatik egotzi dio Otegik EAJri alderdi gisa negoziatzea «herri gisa» negoziatu beharrean: «Zein transferentzia negoziatu ez da ez Ajuriaenean eta ez Sabin Etxean erabakitzen, parlamentuan baizik».

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, «jokabide horrek» adierazten du «EAJren izaera demokratiko pobrea». «Ez dute legebiltzarra informatzen negoziazioez, ez dakigu zertaz hitz egiten duten, ez dakigu zergatik jartzen dituzten gauza batzuk eta beste batzuk ez». Gainera, Otegik nabarmendu du eskumenen eskualdatzea ez dela arazo bakarra: «Harrigarria da nola garaipen baten gisan erakutsi nahi duten hau, 40 urteren ondoren».

Estatutua «gutxiestea»

Izan ere, Otegiren eta Martinezen ustez, EAJk «gutxietsi» egiten du Gernikako Estatutua. Hala ohartarazi du Martinezek: «Salerosketaren bitartez, EAJk debaluatu egin du berriz ere estatutua». Otegik ere gaitzetsi egin du eskumen batzuk negoziaziotik kanpo utzi izana: «Hasieran espetxe eskumena eta Gizarte Segurantza mahai gainean zeuden, baina, bat-batean, norbaitek erabaki zuen horrek ez zuela lehentasunik. Nork erabaki zuen hori?».

PSOE gobernuan izan, edo beste edozein alderdi egon Madrilen, Otegik uste du EAJk «azoka baten gisan» egiten duela lan eskumenekin. Edonola ere, transferentzietatik harago, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azpimarratu du Espainiaren eta Euskal Herriaren harremana dela aldatu beharrekoa.

Hauteskundeak jomugan

Espainiako Gorteetarako hauteskundeek afera honetan izandako garrantzia ere nabarmendu dute bi indarretako buruek. Otegik EAJri leporatu dio EH Bilduren aurka «tonua igo» izana: «Ez gara EAJren etsaiak. Zikindu eta lokaztu egin gaituzte».

Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak, berriz, EH Bilduri eta EAJri, biei egotzi die hauteskundeetara begira egotea: «EH Bildu eta EAJ antzezten aritu dira azken egunetan, erakusteko nork duen pisu handiagoa diputazio iraunkorrean». Ordea, gaitzetsi du Espainiako aurrekontuen negoziazioan ez zirela egon ez koalizioa ez eta alderdi jeltzalea ere. Lan horretan Elkarrekin Podemosek egindako lana ere goretsi du.EH Bilduk, berriz, esan du dekretuetan babes eman izanak ez duela esan nahi PSOEk orain «musu truk» izango duenik babesa: «Tentuz arituko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.