Kristau Eskoletan hilabeteko grebari ekingo diote gaur

Sindikatuek eta patronalak ez dute akordiorik lortu, baina «urrats garrantzitsuak» egin dituzte. Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak gehitu ditu

Haur batzuk ikastetxe baten atarian,sindikatuek aurten eginiko greba egun batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuak eta Kristau Eskola patronala azken unera arte aritu ziren atzo negoziatzen, aurrenekoek deitu duten hilabeteko greba saihestuko lukeen akordioa lortzeko. Ez zen halakorik egon, eta lanuzteak hasiko dituzte. Gaur bilduko dira berriz bi aldeak.

Astelehenean eta asteartean ez zuten adostasunik lortu, eta atzo arratsaldean elkartu ziren berriro LHK Lan Harremanen Kontseiluan. Gauean amaitu zuten. Bilera iluntzera arte atzeratu zuten, aurretik, LHK-ko bitartekariak eskatuta, ELAko kideak —sindikatu nagusia— eta patronalekoak bilera bat egin zutelako.

Sindikatuek azaldu dutenez, azken hartu-emanak ez dira nahikoak izan greba bertan behera uzteko. Ez dute baztertzen, baina, akordioa egitea mobilizazioak iraun bitartean. Kristau Eskolako Mikel Ormazabalek adierazi du «urrats garrantzitsuak» egin dituztela, mahai gainean dituzten «gai guztietan» egin dutela aurrera eta «xehetasun txiki» batzuk baino ez zaizkiela geratzen.Sindikatuen aurretik irten zen bileratik, eta ordu erdi geroago langileen ordezkariak atera ziren. ELAko Miren Zubizarretaren arabera, ez dago ezer itxita, «zuhur» jokatuko dutela ohartarazi du, etapatronalarekin adostu dituztenak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak berretsi behar dituela azpimarratu du.

Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago Lan eta Justizia Sailakjakinarazi zituen gaur hasiko den grebarako gutxieneko zerbitzuak. Nabarmen handitu ditu: aurreko grebetakoak bikoiztu ditu. Haur eta Lehen hezkuntzako ikastetxeetan bi irakasle egongo dira ehun ikasleko; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, hiru irakasle ehun ikasleko.

Jaurlaritzarentzat «neurriz kanpokoa» da greba deialdia, eta ikasleen familiekiko begirunerik eza leporatu die sindikatuei. Lanuzteakhilabete betez eta jarraian egitearen arriskuaz ohartarazi du. «Hezkuntzarako eskubidea arriskuan jar dezake eta eragina izan dezake ikasleen errendimenduan». CCOO sindikatuak adierazi du «gehiegizkoak» direla gutxieneko zerbitzuak, eta salatu du Jaurlaritza patronalarekin «lerratu» dela. «Greba eskubidearen aurkako eraso argi bat da».

Hezkuntza Sailak ez du lan gatazkan zuzenean esku hartu orain arte, sindikatuen eta Kristau Eskolaren artekoa delakoan. Sindikatuek uste dute, ordea, ardura banatua dela, Jaurlaritzaren itunpeko eskolak daudelako tartean.

100.000 ikasleri baino gehiagori eragingo die lanuzteak. Itunpeko zentroetako 9.000 langile deitu dituzte grebara, eta gaur eguerdian Bilbon egingo den manifestaziora ere. Luzatzen ari den gatazka bat da; 27 greba egun egin dituzte azken bi ikasturteetan; horietatik 24, aurrekoan.

Akordiorako gakoak

Lan hitzarmen berria eskatzen ari dira, urteetan sinatu gabe dagoena, baina Kristau Eskolak dio ez daukala baliabiderik sindikatuen eskariei erantzuteko. Hamar urte dira azken ituna sinatu zutela. Orain arteko negoziazioetan, baina, konpromiso batzuk hartu ditu patronalak. Hala nola, matrikulazioen beherakadaren ondorioz lanik gabe geratuko diren beharginentzat lanpostua bermatzeko plan zehatz bat egingo duela hitzeman du, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen soldatak parekatzeko asmoa agertu du, baina ez du zehaztu nola.

Horrez gain, langileek hitzarmena berritu gabe egon den hamar urteetan galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dute. Sindikatuak prest daude KPI gehi %3ko igoerarekin akordioa ixteko. Patronalaren eskaintza ez da kopuru horretara iristen. Halaber, eskolak prestatzeko ordu osagarriak aitortzeko eta urtean osoan ikastetxetik kanpo 70 lanordu aitortzeko eskatzen dute sindikatuek. Publiko eginiko azken proposamenean, patronala 40 ordu onartzeko prest agertu zen. Lanbide Heziketan jarduten duten beharginen lanaldia erregulatzea ere galdegin dute sindikatuek. Halaber, Hezkuntza Bereziko eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen lanaldia erregulatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.