«Ezohiko egoera bati» erantzuteko kontuak nahi ditu EH Bilduk

Aurrekontuez hitz egiteko bilera sorta hasi du Jaurlaritzak. Iriartek esan du «proposamen politiko oso bat» aurkeztuko dutela, baina Azpiazuk ohar egin dio: ez da «aldaketa iraultzailerik» egingo

Eusko Jaurlaritzako eta EH Bilduko ordezkariak, atzoko bileran. IREKIA.
jon olano
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
2021erako aurrekontuak onartzeko bilera sorta abiatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak oposizioko talde politikoekin. Aurreneko bilkura EH Bildurekin izan zen, 12:00etan Bilbon, eta bertan elkartu ziren, batetik, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, Hernando Lacalle Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea, Josu Iñaki Garai Aurrekontu zuzendaria eta Yurdana Burgoa Kabineteko eta Komunikazioko zuzendaria, eta, bestetik, Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Batzarrean, indar subiranistako ordezkariek Azpiazuri eskatu zioten «ezohiko egoerari ezohiko erantzunak» emateko, ez baitute usteaurrekontu proiektua «eginda dagoen moduan» «ezohiko egoera bati erantzuten dionik».

Bilera «oso adeitsua» izan zen formen aldetik, Iriartek irteeran azaldu zuenez. Hala ere, edukiari dagokionez «hankamotz» geratu zela erantsi zuen: «Aurreko hilabete hauetan guztietan gobernuak erakutsi du zein den bere jarrera, eta EH Bilduk behin eta berriro proposamenak egin dizkionean ez dugu inolako erantzunik jaso. Gaur ere proposatu digu dagoen aurrekontuari gure baiezkoa besterik gabe ematea». Iriarteren esanetan, «zero elkarrizketa» izan du orain arte Jaurlaritzak EH Bildurekin. «Iruditzen zaigu ezohiko egoera honetan ezohiko erantzunak eman behar direla, eta ezohiko erantzun horiek etorriko direla proposamen politiko oso batetik», esan zuen Iriartek, eta iragarri hori dela EH Bilduk egingo duena: «Proposamen politiko oso bat, jendearen beharrei erantzuteko».

Bilkurari buruzko balorazioa egin zuen Azpiazuk ere. Nabarmendu zuen «aurrekontuen negoziazio mahaiak ondo definitutako ekonomia eta eskumen esparrua» hartzen duela, eta proiektuan ez dela «aldaketa iraultzailerik eta ezin kuantifikatuzko aldaketarik» gertatuko, EH Bildukoen hitzei erreferentzia eginez. Gainera, balioa eman zion aurrekontu proiektuari, esanaz «anbiziotsua» dela, «Jaurlaritzak inoiz izan duen indartsuena, ahalbidetzen duena urteari ekitea krisi ekonomikoari eta osasun krisiari aurre egiteko nahikoa indarrekin». Azpiazuren arabera, EH Bilduk ez du «proposamen zehatzik» egin: «EH Bilduren proposamenaren zain geratzen naiz gaurko bileran planteatutako gaiak aztertzeko».

Lehen bilera izan zen atzokoa, baina Iriartek ere ez zuen argitu beste bat egingo ote duten: «Gobernuaren jarrera zein zen jakin nahi genuen. Ahotik auzolan hitza kentzen ez duen gobernu batek ahalegina egin beharko luke jokaleku bat eraikitzeko, gainerako talde politikoek eta EH Bilduk, oposizioko lehen indarrak, ekarpenak egin ahal ditzaten, jendearen bizi baldintzak hobetzeko aurrekontu hauetaz harago».

Jaurlaritzak bermatuta dauka aurrekontuak aurrera aterako dituela, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitute legebiltzarrean. Halere, epeekin ere kexu azaldu da Iriarte: «Egutegia oso laburra da gobernuak hala nahi duelako. Aurrekontu honek onartuta behar zuen abenduaren 31n, baina gobernuak aurrekontu proiektua aurkeztu zuen, eta oporretara joan zen».

Gorrotxategi, «eraikitzaile»

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Radio Euskadin azaldu du jarrera «eraikitzailearekin» joango direla asteazkeneko bilerara, «marra gorririk» ezarri gabe negoziatuko dutela eta dokumentu bat eramango diotela Azpiazuri: «Ez dugu uste Euskadik behar dituen aurrekontuak direnik, oso kritikoak gara edukiarekin, baina hitz egin eta ados jarri nahi dugu, gure proposamenak aurrekontuan jaso daitezen». Erantsi du Elkarrekin Podemos-IU«gobernatu nahi duen eta EAJren alternatiba izan nahi duen» koalizioa dela: «Baina horrek ez du esan nahi akordioak lortu ezin ditugun indarra denik».

Gorrotxategik iragarritako proposamenetako bat izango da«gas putzuak esploratzeari eta ustiatzeari uko egitea». Gaia eztabaidagai izan da azken asteetan, baita Jaurlaritza osatzen duten alderdien artean ere; izan ere, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ohartarazi zuen ez dutela gas ustiapena gehiago egiteko baimenik eskatuko, baina indarrean daudenekin aurrera segituko dutela. Sozialistek, ordea, aitortu dute gaia berriro eztabaidatuko balitz iritzia aldatuko luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.