Itunpekoetako gatazka, datorren ikasturtera luzatzeko zorian

Proposamenik ezean, sindikatuek iragarri dute mobilizazioekin segituko dutela. Patronalak esana du «ezin» duela neurri berririk eskaini

Joan den asteleheneko manifestazioa, Bilboko Kale Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da lau eguneko greba deialdia Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan. Ikasturte hasieratik 22 egunez egin dute greba. Eta gatazka inoiz baino gaiztotuago dago. Patronalak esan du ez duela proposamen berririk egingo, joan den astekoa dela egin dezakeen «azkena». Asteartean ez zen agertu sindikatuek Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan deitutako bilerara. Aurretik akordiorik lortu ezean, maiatzerako dute hurrengo deialdia. Baina sindikatuak dagoeneko hurrengo ikasturtera begira ipini dira. Duela aste bi ordezkarietako batzuek «epe ertainera» akordioa «posible» ikusten bazuten, orain ez dute baztertzen ikasturte berria grebekin hastea. ELA sindikatuko Hezkuntza arloko arduradun Miren Zubizarretak esan du patronalek proposamen berririk egiten ez badute, mobilizazioekin jarraituko dutela: «Greba izango da geratuko zaigun aukera bakarra».

Martxoan Manu Lezertua EAEko arartekoaren babesa ere bazuten sindikatuek. Langileen aldarrikapenak bidezko jo zituen, eta patronal eta sindikatuen artean bitartekari lanak egiteko prest agertu zen. Herenegun, ordea, gatazka «pribatua» dela esan zuen, eta, horregatik, patronalek eta sindikatuek konpondu behar dutela, ez arartekoaren ez Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarik gabe. Zubizarretak erantzun dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen ia erdia dagoela gatazkan. 120.000 bat neska-mutilek ikasten dute zentro horietan.Jaurlaritzak itunpeko sarea «azpikontrata merketzat» duela salatu du: «Hezkuntzan egindako murrizketak itunpekoetan ere aplikatu ditu. Orain ezin du bere erantzukizuna ukatu». Cristina Uriarte sailburuak greba «itunpeko sarearen aurkakotzat» jo du, eta sindikatuak haserrearazi.

Langileen artean nabaritu da nekea. Sindikatuek eurek emandako datuak dira: urtarrileko deialdian langileen %65ek egin zuten bat grebarekin; apirilekoan, berriz, %55ek. Kristau Eskolak urtarrilean irakasleen herenak greba egin zuela esan zuen; atzo, %16k. Dena den, Zubizarretak uste du parte hartzea «handia» izan dela orain ere. Salatu du langileek nekea ez ezik zentroen «presioa» ere sentitu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.