Albistea entzun

Findegietako langileen greba dela eta, erregai falta hedatzen ari da Frantzian

Parisko gobernuak Polizia bidali du Bretainiako eta Proventzako gasolio eta ezantza biltegiak desblokeatzera. Erretretaren erreformaren aurkako bederatzigarren protesta eguna izango da bihar
Parisko kaleak zaborrez beteta, biltzaileak greban baitaude pentsioen erreformaren aurka.
Parisko kaleak zaborrez beteta, biltzaileak greban baitaude pentsioen erreformaren aurka. CHRISTOPHE PETIT TESON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 22

Biharko bederatzigarren mobilizazio eguna iritsi bitartean, erretretaren erreformaren aurkako protestaren erdigunea energia hornidurara igaro da. Urtarrilaz geroztik, argindar mozketak izan dira han eta hemen, baina orain erregaien eskasia bihurtu da Frantziako Gobernuari presio egiteko modu nagusietako bat. Asteburuaz geroztik hornidura arazoak hedatzen ari direnez —gutxienez hamar gasolindegitarik batean ez da erregairik—, Parisko gobernuak lehen neurriak hartu ditu: petrolio biltegiak indarrez desblokeatzen hasi da, eta grebalari batzuk lan egitera behartu ditu.

Frantziako zazpi petrolio findegietako langileak greban dira, eta, CGT sindikatuaren arabera, astelehenaz geroztik ez da gasoliorik eta ezantzarik (gasolina) atera handik. Zazpiak daude geldituta edo gelditzeko bidean. Findegietatik erregaia ez ateratzeak eragin du tentsioa banaketa katearen erdiko katebegira igarotzera: biltegietara.

Horietan ere langile asko greban daude, eta beste batzuk blokeatuak dituzte grebalariek. Horrek lehen hornidura arazoak eragin zituen asteburuan, batez ere Proventzan eta Bretainian. Loira Atlantikoan, esaterako, zerbitzuguneen %37k zuten astelehenean erregai eskasia, eta %30,6 ziren haren iparraldera dagoen Ille-et-Vilaine departamenduan. Hornidura handitzeko asmotan, Barne Ministerioak Polizia bidali zuen astelehen gauean Dongesko erregai biltegia desblokeatzera, Sant-Nazer ondoan (Bretainia).

Hexagonoaren beste muturrean, Rodanoaren Ahoak (Okzitania) departamenduan, Trantsizio Energetikorako Ministerioak lan egitera behartu ditu Fos-sur-Mer herriko biltegiko txanda bakoitzeko hiru langile. Sindikatuak mobilizazio hori eragozten eta erregaiz betetako kamioiak gerarazten saiatu ziren atzo, baina aurrez aurre egin zuten talka CRS poliziekin, eta zaurituak izan ziren haien arteko borroketan.

Marseillatik gertu dago biltegi hori, eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina ez ezik, Okzitania eskualdeko ekialdea eta Lyon ingurua ere hornitzen ditu, azken hori oliobide baten bitartez. Inguru horretan ere eskasia zabaltzen ari da: Rodanoaren Ahoak departamenduan gasolindegien erdietan erregai bat falta zen, eta hirutik batean ez zegoen ezer.

Iparraldean, arazo gutxi

Eskasia ez da oraingoz Ipar Euskal Herrira iritsi. Datu ofizialen arabera, Pirinio Atlantikoak departamendu osoan ehun gasolindegitik batek soilik zituen arazoak astelehen arratsaldean. Autobideetan jarri du arreta prefetak: blokeatzea eragotzi nahian, Lapurdiko ordainlekuetan geratzea debekatu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lasarte-Oriako Michelin lantegiko grebalariak gaur arratsaldean egindako manifestazioan. ©Gorka Rubio / FOKU

Gasteizko eta Lasarte-Oriako Michelinen ekoizpena, ia erabat geratuta

Iñaut Matauko Rada

Gasteizko ekoizpen lerroetan %93ko erantzuna izan du grebak, sindikatuen arabera; Lasarte-Orian, berriz, %100ekoa.

Pertsona bat propinen potoan txanpon bat sartzen. ©BERRIA

Propinak: zergatik, nola eta norentzat

Maddi Iztueta Olano

Langileak egindako lana saritzeko, jasotako tratua eskertzeko edo jandakoa txalotzeko ematen dira propinak. Txanpon bat, bi, hiru edo billetea. Norberak erabakitzen du zenbat eman eta nola. Halere, ez dira ez beti, ez edonon ongietorriak. Zer ematen dio propinak langileari, eta zer kentzen dio?

 

Caparrosoko etxaldearen aurkako protesta, martxoan, Iruñean. ©Jesus Diges / Efe

Caparrosoko makroetxaldea handitzearen aurkako helegitea aurkeztu dute ekologistek

Iker Aranburu

Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak gobernuari eskatu dio baimena ukatzeko Valle de Odieta enpresak bere milaka behien ur zikinak arazteko egin nahi duen plantari.

Abdul Aziz Bin Salman, Saudi Arabiako Energia ministroa, larunbatean, LPEE+ taldearen bilerara sartzen. ©Max Brucker / Efe

Petrolioa garestitzen ari da, Saudi Arabiak milioi bat upel gutxiago ekoitziko dituelako

Iker Aranburu

LPEE+ taldeko kideek uste dute oraingo prezioa apalegia dela. Errusiak ere agian murriztu beharko du bere ekoizpena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...