Kezka eragin du haize errotak gune babestuetan jartzeko aukerak

Jaurlaritzari egotzi diote ez duela aintzat hartu zer kalte eragingo dituen Arabako mendietan egin asmo duten proiektuak ingurumenean. EEEk dio «bakar-bakarrik» kokalekuak aztertzen ari direla

Iturrietako proiektuaren aurkako taldea eratu dute hainbat herritarrek. Protesta egin zuten atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Haizearekin aireratu da eztabaida. Ez dute denek begi onez hartu Eusko Jaurlaritzak energia eolikoari bultzada emateko erabakia. Araban, bereziki, kezka eragin dute haize errotak jartzeko aztertzen ari diren kokalekuek. Izan ere, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak sortutako Aixeindar enpresak zortzi gune dauzka begiz jota, eta horietako biren izenak aipatu dira oraingoz, eta biak daude Araban: Iturrietako mendiak, Erroetan, eta Kodesko mendiak, Labrazan. Bi gune horietan parke eolikorik jar daitekeen edo ez aztertzeko neurketak egiten ari dira oraingoz, baina, natura gune babestuak direla eta, proiektuen aurkako jarrerak azaleratu dira.

Erroetaren kasuan, ez da lehen aldia Eusko Jaurlaritzak interesa agertu duena bertan parke eoliko bat jartzeko: 2002ko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean dagoeneko jaso zuen Iturrieta kokapen posible gisa. Erabaki hark hautsak harrotu zituen orduan, eta, herritarren eta ekologisten presioen ondorioz, proiektua etetea erabaki zuten. Orain, aukera berriz hizpidera ekarrita berpiztu da eztabaida ere. Hainbat herritarrek Iturrietako Mendiak Aske plataforma eratu dute, eta salatu Gasteizko gobernuak eta Iberdrolak interes ekonomikoak lehenetsi dituztela naturagunearen babesaren aurretik.

Plataformako kideen ustez, Aixeindarrek «legez kanpo» eta «berme juridikorik gabe» ekin dio parke eolikoak jartzeko proiektuari, eta haizea neurtzeko azterketak ere ez daude plan baten jasota. «Horren ekologikoa den enpresa horrek gune babestuetan haizea neurtzeko dorreak jartzen jarraitu behar al du ingurumen eraginaren txostenik gabe?», adierazi dute, ohar bidez.

Izan ere, Iturrietako azpiegiturari lotuta, taldeak gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak proiektu horren aurkako txosten bat kaleratu zuela 2008an, ingurumen arrazoiak argudiatuta, eta Aixeindarri egotzi dio erabaki hura «lurperatu» nahi izatea. «Aixeindarrek, larrialdi klimatikoaren aitzakian, ingurumen araudi ororen gainetik pasatzeko asmoa al du?».

Iturrietako mendietan jarri zuten neurketak egiteko aurreneko dorrea, baina norbaitek bota egin zuen, eta gaur egun ez dabil. Hura konpontzen ari dira Aixeindarreko arduradunak. Bitartean, Arabako Errioxan, Labrazako Administrazio Batzarrak haizea neurtzeko dorre bat jartzeko baimena eman du.

Inpaktu bisualak kezkatzen ditu herritarrak, eta zaratak. Izan ere, proiektuek aurrera eginez gero, orain arte jarrita daudenak baino haize errota handiagoak jarriko lituzkete inguru horietan. Bertako faunan hegaztietan batez ere izan dezaketen eraginaz ere ohartarazi dute. Jaurlaritzaren iritziz, ordea, haize errotak handiagoak eta indartsuagoak izateak errota gutxiago jartzea ekarriko du, eta, ondorioz, eragina ere txikituko du.

Kosturik gabe, ezin

Aferak sortutako eztabaida dela eta, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak esan du azterketa egite hutsak ez duela zertan baieztatu haize erroten behin betiko kokapena. «Argi eta garbi esan behar dugu oraintxe ez garela hitz egiten ari proiektu jakin baten inguruan. Haizea neurtzen ari gara bakar-bakarrik, gune horietan parke eolikorik jar daitekeen edo ez aztertzeko». Hain zuzen, Erroetako kasua lehena izan bada tramitean izandako azkartasun eta erraztasunei esker izan dela adierazi du Ansolak, eta ez parke eolikoa bertan kokatuko dutelako.

Ukatu egin du, halaber, neurketak legez kanpo egiten ari direla. Izan ere, Ansolaren arabera, 2002ko plan sektoriala indarrean dago oraindik, eta, beraz, eta haren babesean ari direla azterketak egiten. Nolanahi ere, plan berri bat onartzea nahiko luke Jaurlaritzak, eta bertan jasoko lirateke energia berriztagarrien alorrean onartutako konpromisoak. «Ez gaude duela urte batzuetako egoera berean. Esperientzia bat daukagu», adierazi du Ansolak. Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %7 dator parke eolikoetatik, baina 2030erako %21 izatea nahi du Jaurlaritzak. Hori horrela, prest dago energia eolikoaren egungo ekoizpena bost bider indartzeko: 153MWetik 783 MWera.

Aixeindarreko arduradunek ez dute kokaleku bakar bat ere baztertzen. «Kasuan-kasuan» aztertu beharko dela dio Ansolak, eta baldintzak betetzen badira erabakiak hartuko direla. «Legearen barruan aukerarik bada egiteko, saiatuko gara». Urtebeteko epea izango dute azterketek, eta, beraz, lehen haize errotak ez lirateke jarriko2022a baino lehen.

Nolanahi ere, Ansolak gogorarazi du energia berriztagarriek ere ingurumen kostu bat dutela: «Energia berriztagarrien alde egin nahi badugu, gogoan izan behar dugu ezinezkoa dela inolako ingurumen kosturik gabe egitea, gustatu ala ez. Eta, horretarako, haizea dagoen lekuetara joan behar dugu, edo eguzkia dagoen guneetara... Edozein tokik ez du balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.