Jupiterren isiltasuna

Jaka Horien mugimendua hazten ari da, eta Frantziako presidenteak ez du hitzik esan auziaz. CGT sindikatuak eta ikasleek ere mobilizaziora deitu dute

Hiru larunbat jarraian manifestatu dira Jaka Horiak. Irudian, duela bi asteko protesta, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako Jupiterrek bere Olinpon jarraitzen du. Erromatarren mitologiako jainkoak bezala, Frantziakoak bere autoritatea inposatzen du, eta gutxitan, beharrezkoa denean soilik hitz egiten du: buruzagitza gogorra, zentralizatua eta pertsonala du oinarri. Emmanuel Macronek «presidente jupitertar» baten beharra aldarrikatu zuen hauteskunde kanpainan, bere burua jainkoarekin konparatuz; hala aritu da herrialdeko presidente karguan, boterera iritsi zenetik urte eta erdi pasatu den honetan. Nazioartean duen ospea ez du etxean aurkitzen, behera besterik ez baitu egin herritarrek harengan duten konfiantzak. Eta horren isla da Jaka Horien mugimendua: haserrea nabaria da, eta erregaiaren zerga izan da gainezka egiteko azken tanta.Hiru larunbat dira Jaka Horiek kaleak eta errepideak hartu dituztela; Macronek, bien bitartean, ez du hitzik esan auziaz.

Hilabeteon sortu eta garatu den mugimendua aurrez inoiz ikusi gabea da, sindikatuetatik eta alderdi politikoetatik at antolaturikoa: espontaneoa, batik bat, bere burua egunetik egunera antolatzen duena. Horregatik, ohiko sistemak eta dinamikak jokoz kanpo harrapatu ditu, eta alderdiek eta sindikatuek bere egin nahi dituzte Jaka Horien erreibindikazioak; erregaiaren zergak piztu du sua, baina horren atzean badaude beste hainbat eskari. Horiek guztiek helburu bakarra dute: herritarren erosteko ahalmena handitzea.

Aldi berean, mugimenduak erakutsi du gai dela beste aldarrikapenak erakartzeko: atzo, Frantziako 100 bat lizeo blokeatu zituzten ikasleek, Jaka Horiekin bat egiteko, eta Macronek hezkuntzarako dituen erreformen aurka egiteko. Herritarren babesa ere badu, atzoko inkesta batek jakinarazi zuenez: frantziarren %72 haien alde daude.

Jaka Horiek mugarri bat ezarri dute Macronen agintaldian: urte eta erdian krisiak izan dituen arren, honek sortu du kezkarik handiena Eliseoan. Hala ere, Frantziako presidenteak isilik jarraitzen du: ohartu da kontuan hartu beharreko gertakaria dela—Poloniara eta Serbiara joatekoa zen, baina bertan behera utzi ditu bidaiak—, baina ez du zuzeneko inplikaziorik nahi. Horren ordez, Edouard Philippe lehen ministroaren esku utzi du krisiari aurre egitea: Asanblean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin batzartu zen atzo, Matignonen, gero Macroni egoeraren berri emateko. Agenda ofizialaren arabera, atzo presidentea ez zen inorekin batzartu, baina Frantziako hedabideek zabaldu zuten larunbatean Parisen izandako iskanbiletan parte hartu zuten polizia batzuekin bazkaldu zuela —682 pertsona atxilotu zituzten, horietako 412 Parisen, Barne Ministerioaren arabera—.

Philipperi proposamen eta ohartarazpen anitz egin zizkioten indar politikoen ordezkariek. Macronen aurkako hirugarren zentsura mozioa aurkezteko aukeraz aritu zen PCF Alderdi Komunistaren idazkari nagusi Fabien Roussel, Eliseoak «beharrezko neurriak» hartu ezean; PS Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi Olivier Faurek gogor kritikatu zuen lehen ministroa, krisiari aurre egiteko proposamen «ez oso argiak» dituelako —«Jupiterrek Olinpotik jaitsi behar du»—; LR Errepublikanoak alderdiko presidente Laurent Wauquiezek erregaiaren zergaz erreferendum bat egiteko eskatu zion Frantziako presidenteari; BN Batasun Nazionalaren presidente Marine Le Penek, berriz, hauteskundeak aurreratzeko eskatu zuen herenegun, eta atzo ideia berari heldu zion.

Elkarrizketaren bidea hartzea erabaki du Frantziako Gobernuak, eta Christophe Castaner Barne ministroa polizien sindikatuekin batzartuko da gaur. Asanblean, berriz, eztabaida izango dute bihar krisiaz, eta etzi Senatuan. Sistema politikoak eta gobernuak bere horretan jarraitzen duten bitartean, Macronek ez die erantzunik eman Jaka Horien aldarrikapenei: gauzak aldatzea, euren egunerokoa aldatzea, zerbitzu publikoak hobetzea, gutxieneko soldata igotzea. Aldarrikapenen zerrenda luzea da, baina, horiei eutsi ezean, mugimenduak elkarrizketarako gogo gutxi izango du.

Bilerarik ez Philipperekin

Horiek horrela, «segurtasun arazoak argudiatuta», mugimenduaren sektore bateko ordezkariak ez dira Philipperekin bilduko gaur, eta Facebook bidez jakinarazi zuten, atzo, datorren larunbateko hitzordua bere horretan mantenduko dutela: «IV. Ekintza, Alde Egin Macron!». CGT sindikatu indartsuak, bien bitartean, «ekintzen jardunaldi handirako» deia egin du, hilaren 14rako, eta ikasleen sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte etziko.

Frantziako presidentea agintaldiko krisirik handienean dago murgilduta. Hasi berria den astea, beraz, erabakigarria izango da. Olinpotik, oraingoz, ez du indarrean jarriko larrialdi egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.