Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Javier Esparzak esan du PAI hezkuntza eredu bihurtuko dutela

Ikasliburuen gaineko kontrola ezarri nahi du UPNk, «bermatzeko ez dela gezurrik esaten Nafarroako errealitate instituzionalari buruz»

Javier Esparza UPNko lehendakarigaia eta zerrendako kideak, atzo, Iruñean, Monjardin kalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pedagogikoki PAI ingelesez ikasteko programaren egokitasunari buruzko zalantzak badaude ere, Yolanda Barcinaren agintaldian hasitako bidean sakondu nahi du UPNk. Atzo, Iruñean, Bigarren Zabalgunearen eta Mendillorriren artean dagoen pasealekuan, hezkuntza hartu zuen hizpide Javier Esparza UPNko presidentegaiak bere taldeko hainbat kiderekin batera. Bertan, esan zuen PAIk programa bat izateari utzi eta hezkuntza eredu bihurtuko dutela, betiere Nafarroako Gobernura helduz gero. Esparzaren arabera, ingelesezko eredu bat sortuta, «PAI programa ikastetxe publiko guztietan ezartzeko betebeharra egongo da, eta, hala, familia guztiek aukera izango dute ingelesa ikasteko ikastetxe publiko batean».

Liceo Monjardin ikastetxe pribatutik gertu egin zituen adierazpenok. Euskararen irakaskuntzariburuz hitz erdirik esan gabe, Esparzak iragarri zuen PAI programa duten ikastetxeetan matrikulatzeko erraztasunak emango dituztela: «PAI programa ez duten herrietan, doako jangeletarako eta garraiorako laguntzak emango dizkiegu familiei, ingelesa ikasi ahalko duten beste herrietara joan daitezen». Ingelesa ikasteko orduak ugaritzeko asmoa dute, halaber.

Hamarkada bat pasatu da UPNk PAI ezarri zuenetik, eta, denborak aurrera egin ahala, programak ahalegin handiagoa eskatzen dio Hezkuntza Departamentuari.Bada, UPNk proposatutako neurri sortek are esfortzu handiagoa eskatuko diote alor publikoari. Ahalegin handia helburu hau lortu nahi izateko:«Hartara ikasle guztiek ikasketak amaitzean B1 maila izan dezaten gutxienez».

UPNren kritika gobernuari

Iragan berri den legealdiari begira, salatu zuen familiek seme-alabentzako hezkuntza eredua aukeratzeko duten askatasuna «murriztu» nahi izan duela Carlos Gimenoren Hezkuntza Departamentuak. «Eskoletan doktrinamendu ahalegin argi bat egin da, eta gure seme-alabak nola hezi behar ditugun ezarri nahi digute. Skolae programaren adibidea hor dago. Funtsean, pentsamendu bakarra ezartzen ahalegindu dira».

Hori ikusita, UPNk ohartarazi zuen «doktrinamendu hori amaituko» duela. «Itunpeko ikastetxeen eta publikoen artean eskaintza bidezkoa eta orekatua izatea bermatuko dugu».

Bide berean, Esparzak ohartarazi zuen ikasliburuen edukiaren gaineko kontrola ezarriko dutela. «Doktrinamendurik ez egotea ziurtatuko dugu testuliburuen gaineko kontrolak ezarriz. Bermatu nahi dugu ez dela gezurrik esaten Nafarroako errealitate instituzionalari buruz», ohartarazi zuen.

Beste kontu batzuen artean, esan zuen 0-3 adinerako haur eskolak doakoak izatea bultzatuko dutela. Halaber, gaineratu zuen beken eredua aldatu nahi dutela, «familiei gehiago laguntzeko asmoz». Bekek ikasleen emaitzak eta egoera sozioekonomikoa kontuan hartu behar dituztela deritzo.

Esparzaren ustez, Nafarroan ikastetxe batzuek besteek baino emaitza okerragoak dituzte, eta hori tokiko errealitate sozioekonomikoari lotuta egon daiteke. «Ikastetxe horiei lehentasunezko arreta eman behar zaie».

Gainera, landa eremuko ikastetxeei «egonkortasuna» eman nahi diete. «Profesionalei aitortu egin behar zaie esfortzu hori. Ondorioz, soldatak eta lan baldintzak hobetu behar zaizkie, egonkortasuna emateko eta Nafarroan bizi diren haur guztiek eskubide berberak izan ditzaten».

Bakarrik gobernatu nahi du

Agerraldia amaituta, Esparzak Diario de Navarra egunkariak antolatutako eztabaidan parte hartu zuen, beste hautagaiekin batera. Amaieran, lehendakarigai bakoitzak hizpide izan zuen maiatzaren 29tik aurrerako egoera. Adibidez, Esparzak azaldu zuenNafarroako Gobernua aldatu daitekeelabaldin eta UPNk 2019an Navarra Sumari sostengua eman ziotenen botoak eta PSNrekin «atsekabetuta» daudenenak bilduz gero. «UPN da alternatiba. Bakarrik gobernatu nahi dugu, Nafarroa berriro lurralde erakargarri egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.