Epaileak ikerketa hasi du oposizioei buruz, baina ez du bururik inputatu

Fiskalaren salaketaren ondoren, hiru sendagile ikerketapean jarri ditu epaileak. Ez du hartu erabakirik Osakidetzako hiru arduradunei buruz

Galdakaoko ospitalea. Artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Osakidetzako oposizioetan salatutako iruzurra bidea egiten hasi da epaitegietan. EAEko fiskal nagusiak jarritako salaketaren harira, Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak auzibidea zabaldu du. Hiru mediku ikerketapean jarri ditu —inputatu esaten zitzaion lehen—. Delitu zantzuak ikusitako hiru espezialitatetako epaimahaikideak dira: Anestesiologia, Angiologia eta Digestio Aparatua.Bi delitu aipatu ditu epaileak: agirien zaintzan desleialtasuna egitea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea— eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—. Fiskalak Osakidetzako hiru arduradun ere aipatu zituen txostenean, eta epailearen esku utzi zuen haiek ere ikerketapean jarri ala ez. Epaileak oraingoz ez du horri buruz ezer esan, eta hiru sendagile horietara mugatu du auzibidea.

Carmen Adan fiskal nagusiak txosten irmoa egin zuen Osakidetzako mediku espezialisten azterketetan izandako irregulartasunei buruz. Denera 11 espezialitate jarri zituen susmopean, gehienetan azterketetako emaitzak deigarriak zirelako: mediku batzuek oso nota ona zuten, eta beste batzuek, oso txarra; maiz, nota ona zutenen kopurua bat zetorren eskainitako postuenarekin. Fiskalak 11 espezialitate horietatik hirutan egin zituen akusazio zehatzak, gainerakoetan ez zuelako zehazki inor akusatzeko modurik.

Gasteizen aurkeztu zuen salaketa Adan fiskal nagusiak —Osakidetzak bertan du egoitza, eta azterketak ere Gasteizen egin zituzten—. Instrukzioko bigarren epaitegiari egokitu zaio kasua, eta Yolanda Varona epaileak salaketa tramiterako onartzeko autoa sinatu zuen joan den astean. Ordezko epailea da; titularra, Ana Jesus Zulueta, Arabako Probintzia Auzitegira bidalia dute behin-behinean, De Miguel auziak sortutako lan karga arintzeko helburuz.

Auto laburra da Varona epailearena. Fiskal nagusiaren salaketa tramiterako onartu du, eta deklaratzera deitu ditu hiru sendagileak, ikertu gisa. Abokatuarekin joan beharko dute epaitegira. Haiek soilik ez, beste hamar lagunek ere deklaratuko dute epailearen aurrean, lekuko gisara. Maiatzeko azken astean hartuko diete deklarazioa; hau da, udal eta foru hauteskundeak egin eta egun gutxira.

Legebiltzarreko eztabaida

Epaileak, oraingoz, Osakidetzako arduradunik ez du sartu auzibidean. Hiru lagun ageri dira fiskalaren txostenean: Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria—kargua utzi zuen urtarrilean—, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Fiskal nagusiak ez zituen zuzenean akusatu arduradunak, eta epailearen esku utzi zuen ikerketapean jarri edo ez. Hark, ordea, ez du ezer erabaki.

Osakidetzako oposizioen gaia bidea egiten hasi da epaitegietan, baina ez han bakarrik. Arlo politikoan, Eusko Legebiltzarrean datorren astean eztabaidatuko dute Jon Darpon Osasun sailburua gaitzesteko proposamena; Elkarrekin Podemosek aurkeztu du eskaria, eta EH Bilduren eta PPren babesa izango du. Aurrera aterako da, beraz. EH Bilduk beste proposamen bat ere egin du: Iñigo Urkullu lehendakariari eskatzea ken dezala Darpon kargutik. Postuan jarraitzeko asmo irmoa erakutsi du sailburuak orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.