Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Maddalen Iriartek EH Bilduren «zintzotasuna» hitzeman du

Uste du EAJ «ustelkeria kasu ugarirekin zipriztinduta» dagoela. Otegik EH Bilduren aldeko botoa eskatu du, «aldaketan sendotzeko»

EH Bilduko alderdikideak batu ziren ekitaldian. J. F. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak alderdiaren «zintzotasuna» izan zuen hizpide atzo eguerdian Bilboko Plaza Berrian eginiko ekitaldian, hauteskunde kanpaina barruan, zenbait alderdikiderekin batera. Hain zuzen, adierazi zuen EAJ «ustelkeria kasu ugariz zipriztinduta» dagoen alderdia dela. Horri irtenbide bat emateko asmoz, erantsi zuen EH Bilduren «nortasun ikurra» dela zintzotasuna, eta hori jarri zuen erdigunean: «EH Bildun esaten duguna egiten dugu, eta egiten duguna esaten dugu. Hitza eduki behar da. Fidatzekoa izan behar da. EH Bilduk dozenaka erakundetan gobernatu du, eta inoiz ez du eskua kutxa batean sartu, baina beste batzuek ezin dute gauza bera esan».

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari ere mintzatu zitzaion Iriarte. Jakinarazi zuen gaur egun EH Bildu 120 udaletan baino gehiagotan dagoela lehen lerroan, eta ez dagoela «ustelkeria kasu bakar bat ere» alderdiarekin lotuta: «Zero ustelkeria kasu, Urkullu jauna, zero kasu». Horren aldean, Iriartek jeltzaleen egoera izan zuen gogoan, eta zenbait kasu gogora ekarri; esate baterako, De Miguel auzia. Beraz, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan bi aldeak gogoan izango dituen hautu bat egitera deitu ditu herritarrak: «Uztailaren 12an zintzotasunaren eta gezurraren artean aukeratu behar da, enpatiaren eta apatiaren artean».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ere bertan izan zen. Haren arabera, astebete barru egingo diren hauteskundeetan bi aukera daude mahai gainean: «Batetik, aldaketari uko egin eta etsipena besarkatzen duen espazio bat dago; bestetik, gauzak aldatzea eta subiranotasuna berreskuratzea lortu nahi duen aukera bat». EAJk izandako jarrera kritikatu du, besteak beste, subiranotasun nazionalari uko egin diola eta estatuen aldeko erreforma babestu duela iritzita: «Espainiako Estatuan autonomia izaten jarraitzeko egiten du». EH Bilduko koordinatzaileak ere alderdiaren aldeko botoa eskatu zuen, «aldaketaren inertziak» sendotzeko.

ERCko kideak, alboan

Marta Vilalta ERCko bozeramailea ere ekitaldian egon zen, eta aukeratzeko abaguneak daudela aldarrikatu zuen: «Euskal errepublika ekarriko duen proiektu aurrerakoi eta independentista batean aurrerapauso irmoak emateko aldaketen garaia da». Are, egungo gizarte krisiaren berreraikuntza egitea ere beharrezkoa dela uste du, eta, horretarako, trantsizio berri batetik igaroko den aukera jarri du erdigunean. Haren ustez, subiranotasunik gabe ez dago berreraikuntzarik eta etorkizunik, eta, beraz, eskumen eta tresna guztiak izatea funtsezkotzat jotzen du. Hala, nabarmendu zuen EH Bildu dela hori lortzeko aukerarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.