Udalen osaketa. Ondorena

Aldaketa nagusia, Nafarroan

Lehen, UPNk ez zuen alkatetzarik udalerririk handienetan; orain, Navarra Suma koalizioak sei ditu

enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko 10.000 biztanletik gorako 56 udalerrietako alkatetzen mapa berrituan, Nafarroan gertatu da aldaketa nagusia: aurreko legealdian, UPNk ez zeukan alkatetza bakar bat ere, eta, orain, maiatzeko bozen eta larunbateko inbestidura saioen ostean, haren koalizio Navarra Sumak sei ditu; erdiak, EH Bilduren kaltetan. Bestela, antzekoa da egoera: EAJ nagusi dago EAEn, EH Bilduk eutsi egin dio alkatetza mota horietako zifrari —EAEko hazkundeagatik—, eta PSE-EEk, aurreko aginte makilei heltzeaz gain, bat irabazi du.

Aurreko agintaldian, talde abertzaleek 56 udalerri horietatik 45etan zituzten alkateak, eta, orain, bost gutxiagotan: EAJk 24—lau gutxiago—, EH Bilduk hamabost —berdin— eta Geroa Baik bat—bat gutxiago—. Kualitatiboki ere indartsu segitzen dute, baina ez lehen bezainbat; adibidez, lau hiriburuetako alkateak estreinakoz abertzaleak ziren lehen, baina, orain, Iruñekoa Enrique Maia da (Navarra Suma); Bilbokoa, Donostiakoa eta Gasteizkoa, EAJko kideak, lehengo moduan.

Nafarroan aginte munizipalean gertatutako aldaketa Iruñean eta haren inguruetan islatu da asko, Navarra Sumak lehen aipatutako sei alkatetzetatik lau eremu horretan lortu baititu: Iruñean eta Barañainen, EH Bilduren kaltetan; Eguesibarren, Geroa Bairen partez; eta Burlatan, independente bati hartu dio lekukoa. Udalerri handienetan Navarra Sumak lortutako beste biak: Lizarrakoa —EH Bilduren ordez— eta Tuterakoa—Ezkerraren partez— dira. Tuteran gehiengo osoa lortu zuen maiatzaren 26an, eta beste bost kasuetan lehen indarra izan zen, gehiengo soilarekin, baina, larunbatean, PSNren konplizitatearekin ere eskuratu zituen alkatetzak, hark talde abertzaleen alde ez egitean.

Nafarroako erkidegoan 10.000 biztanle baino gehiago dituzten beste sei udalerrietan, EH Bilduk lautan segitzen du alkatetzan,Geroa Baik batean, eta independente batek beste batean.

EAEn, EAJk galera handiena

Araban, talde abertzaleek segitzen dute alkatetzan tamaina horretako udalerrietan, baina aldaketa bat gertatu da: Laudion EAJ jarri da, EH Bilduren partez. Amurrion eta Gasteizen, jeltzaleek jarraitzen dute alkate. Bizkaian, lau aldaketa egon dira, eta hirutan EAJk galdu du alkatetza, EH Bilduren mesedetan: Arrigorriagan, Durangon eta Galdakaon. Azken bietan ez zen EH Bildu izan boto gehien jaso zuena maiatzean, baina inbestidurarako babesak lortu ditu. Bermeokoa izan da Bizkaiko beste aldaketa: EH Bilduren partez, EAJ. Gipuzkoan ere, lau aldaketa, eta hirutan kaltetua, EAJ: Bergaran, Ordizian eta Zumaian; Andoainen, PSE-EEk lortu du alkatetza, EAJren sostenguari esker —EH Bildu izan zen lehen indarra bozetan—.

Beraz, EAJk EAEn sei alkatetza galdu ditu, eta seietan EH Bildu jarri da; dena dela, EAJk 24 alkatetza ditu erkidegoan, eta EH Bilduk, 11. 56 udalerri horietan bizi dira Hegoaldeko herritarren %66.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.