Ortuzarrek ez du baztertzen hauteskundeak aurreratzea «plantoak» jarraitzen badu

Erkorekak esan du Jaurlaritzan «oraingoz» ez dutela aukera hori kontuan hartzen. EH Bilduk egotzi die «aitzakia» bila ibiltzea bozak aurreratzeko

enekoitz telleria sarriegi
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko aukera mahai gainera bueltatu da berriz —inoiz mahaitik kanpo egon bada, behintzat—. Eta ez du edonork ekarri berriro ere: Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak. Elkarrizketa egin zioten atzo Radio Euskadin, eta han esan zuen udal eta foru hauteskundeen ostean oposizioko alderdiak—EH Bilduri eta PPri buruz aritu zen bera— Eusko Jaurlaritzari egiten ari zaizkion «plantoak» jarraitzen badu, ez duela baztertzen aukera hori. «Deigarria da Bildu eta PP ia denean ados jartzen ari direla; batez ere, hori bai, Jaurlaritzari ezetz esateko izaten da», adierazi zuen Ortuzarrek. Onartu zuen ez duela uste hauteskundeak aurreratzera iritsiko direnik, bi alderdi horiek «estrategia aldatuko» dutelako, baina egin zuen ohartarazpen bat ere: «Beste kontu bat da halako planto bat egotea eta ezinezkoa izatea mahai gainean dauden gaietan aurrera egitea. Kasu horretan, lehendakariak hartuko du herriarentzat onena den erabakia».

Eta goizean Ortuzarrek esandakoak hartuta joan zitzaizkion kazetariak eguerdian Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileari galdezka. Eta hark baztertu egin zuen berriz ere Ortuzarrek mahai gainean jarritako aukera —astearteko ohiko agerraldian ere berdin aritu zen—. Esan zuen Jaurlaritza jada ari dela aurrekontu proiektua lantzen, eta ez dutela buruan hauteskundeak aurreratzea; euren gobernu programa betetzeko asmoz ari direla lanean. «Une honetan, ez dugu beste aukerarik kontuan hartzen».

Itxura batean, kontraesana egon zitekeen EBBko buruak esandakoen eta Jaurlaritzako bozeramaileak berretsien artean, baina egia da Ortuzar bera aritu zela kontraesanean, batean ohartarazpenak egiten eta bestean dena «espekulazioak» direla esaten. «Lehendakaria ikusten dut oso zentratuta gobernatzen eta proiektuak eta proposamenak aurkezten. Seguru nago jada ari dela zifra makroekonomikoetan pentsatzen, aurrekontu proiektua epe barruan aurkezteko. Hori guztia uda baino lehen egin behar baita; hortik aurrerako dena espekulazioa da».

Are gehiago, Ortuzarren iritziz oposizioari «ez zaio komeni» bozak aurreratzea: «Norberekeria alderdikoiz bakarrik pentsatuko bagenu, hauteskundeak aurreratzeak guri egingo liguke mesede, garai gozoan gaudelako, indartsu, baina guk ez dugu sekula abantailakeriaz jardun politikan».

EH Bilduk «pintzarik» ez

Atzo EH Bilduk prentsaurrekoa deituta zeukan legealdian legebiltzarrean izandako aliantza politikoen balantzea egiteko, baina Ortuzarren ohartarazpena eta hauteskundeak aurreratzeko aukera hori izan zituzten mintzagai. Are gehiago, bi gaiak lotzeko aukera izan zuten Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek. Izan ere, ukatu egin zuten «pintza» egiten ari zaienik Jaurlaritzaren egitasmo eta proposamenei, PPrekin batera guztiz. Eta datuak eman zituzten horretarako: Jaurlaritzaren hamalau legeetatik hamar PPren babesean atera direla esan zuten, eta EH Bilduren 226 lege proposamen eta mozioetatik soilik hamar babestu dituztela Elkarrekin Podemosek eta PPk.

Maddalen Iriartek Jaurlaritzaren jarrera «zinikoa» gaitzetsi zuen, benetan gertatzen ari ez den zerbait gertatzen ari dela sinetsarazteagatik, eta egotzi zion hori dena «aitzakia» gisa erabiltzea «hauteskundeak aurreratzeko edo PPrekin akordio bat lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.