Ohar egin du EH Bilduk: estatutu zirriborroaren atalik ez da osatu

Testu artikulatua idazteko eginkizuna duten adituek ekain arteko epea dute. «Ahal duten neurrian» lanak «azkartzeko» eskatu du Iriartek

jon olano
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berriari testu artikulatuaren forma emateko ardura duen adituen taldeak iazko urrian ekin zion zeregin horri. Adituek —Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok— mandatu bat jaso zuten hilabete lehenago, irailaren 12an: «indarrean dagoen autonomia estatutua erreformatzeko lege proposameneko testu artikulaturako hasiera» idaztea, «Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko lantaldeak onartutako oinarri eta printzipioekin bat». Zortzi hilabeteko epea eman zion horretarako; ekain artekoa, beraz. Eta, ekainerako sei aste falta direla, EH Bilduk salatu du testu artikulatu horren «atal bakar bat» ez dela osatu oraindik.

Ezer gutxi zabaldu da publikoki aditu talde horrek hilabeteotan egindako lanaz, eta EH Bilduk hautsi zuen gaiari buruzko isiltasuna, atzo. Prentsaren aurrera irten ziren Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Pello Urizar legebiltzarkideak, lanak ez atzera ez aurrera daudela ohartarazteko. Iriartek nabarmendu zuen legebiltzarraren agindua «argia» dela edukiei eta epeei dagokienez, eta, beraz, adituei eskatu die «ahal duten neurrian» lan horiek «azkartzeko».

Hala ere, itxaropentsu agertu zen Iriarte, «borondate politikoa» dagoela iruditzen baitzaio: «Uste dut posible dela. Gehiengo politiko zabal batek adostutako akordioa izan zen». Iazko uztailean amaitu zuten estatus berrirako oinarriak adosteko prozesua, eta EAJren eta EH Bilduren artean adostu zituzten kapitulu guztiak. Horiei Elkarrekin Podemos batu zitzaien eskubideen atalean. EH Bilduk «historikotzat» jo zuen akordioa, eta adjektiboari eutsi zion atzo Iriartek: «Historikoa, aukera bat delako Espainiako Estatuarekin beste harreman bat izateko, berdinetik berdinera». Era berean, Espainiako Estatutik etor daitekeen «inboluzioaren» aurrean, akordioak «sekulako balioa» dauka, Iriarteren esanetan.

Aurrerapen «batzuk»

Ez dator bat, ordea, Eusko Jaurlaritza. EH Bilduri gobernu kontseilu osteko agerraldian erantzun zion Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: esan zion adituek «aurrerapen batzuk» lortu dituztela «testu batzuen idazketan». Erkorekak zehaztu zuen Jaurlaritzak «interesarekin» jarraitzen duela gaia, baina aditu batzorde horrek Eusko Legebiltzarrari eman behar dizkiola eman beharreko azalpenak, ez Jaurlaritzari: «Iristen zaidan informazioa ez da ez dela ezer egin. Lan egin da, aurrera egin da testu batzuen idazketan. Mundu guztiak zekien egitekoa ez zela erraza izango». Erkorekak Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin lotu zuen EH Bilduk ohar hori publikoki egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.