Transferentzien lehen akordioa «izugarri» ontzat du Jaurlaritzak

AP-68-ko kudeaketaren eskumena jaso du Jaurlaritzak Transferentzien Batzorde Mistoan. Negoziazioak «bide onean» doazela diote

Transferentzien Batzorde Mistoko Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, atzo. BERRIA.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Atzo egin zuten ofizial Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak AP-68 autobideko Arabako eta Bizkaiko zatien kudeaketaren transferentziaren eskualdatzea, Eskumenen Batzorde Mistoan. Horrela, Jaurlaritzak bere egin du Euskal Autonomia Erkidegoko errepide sare osoaren kudeaketa. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramialearen esanetan, «izugarri positiboa» da akordioa, eta «autogobernuan aurrera» egiteko urrats «garrantzitsua» da. Astelehenean jarri ziren ados Madril eta Jaurlaritza, eta atzo egin zuten batzarra, bideokonferentziaz.

Azken asteetan arlo ekonomikoaren inguruko «negoziazio biziak» izan ostean, Espainiako Gobernuarekin adostu dute kupotik bi milioi euro gutxiago ordainduko dituela urtero Jaurlaritzak, errepide horien kudeaketari dagozkionak, alegia. Izan ere, Jaurlaritzak joan den ostegunean nabarmendu zuen «oinarrizko desadostasunak» zituztela Madrilekin, kontzertu ekonomikoaren inguruko akordioak zalantzan ipintzen zituelako Espainiako Gobernuaren balorazio ekonomikoak. Adostasuna lortuta, Espainiako autobideak finantzatzeko aurrekontuaren %6,24 kenduko diote urtero kupoari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideen kudeaketarako.

1979an Gernikako Estatutuan onartutako eskumenen transferentziak eskualdatzeko egutegi bat adostu zuten Madrilek eta Jaurlaritzak urtarrilean, eta, AP-68-koa lotuta, 32 dira orain eskualdatu beharrekoak.

Lotzeko dauden eskumenak

Epe laburrean eskualdatu beharreko beste hiru eskuduntzen negoziazioarekin ere «baikor» dagoela nabarmendu du Erkorekak, nahiz eta aitortu duen urtarrilean adostutako egutegiarekin aurrera egiteko «zailtasunak» daudela. Batzorde Mistoa baliatu dute produktu farmazeutikoen legeen aplikazioaren, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzaren eta eskola aseguruaren eskumenez ere aritzeko.

Erkorekaren esanetan, atzoko Batzorde Mistoak ahalbidetu zuen urratsak egitea Gernikako Estatutua «bere osotasunean betearazteko», eta «autogobernua legez aitortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.