Arrakala handituz doa EA barruan

Berme Batzordeak arrazoia eman dio Ramirezi, eta hilaren 24an bozak egitea nahi du hark orain. Blancok ez dio zilegitasunik aitortu ebazpenari
Maiorga Ramirez, abalak aurkeztu zituen egunean.
Maiorga Ramirez, abalak aurkeztu zituen egunean. IÑIGO URIZ / FOKU

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2019ko azaroak 1
Arrakala lehendik dator, eta handituz doa. Eusko Alkartasunako Berme Batzordeak arrazoia eman dio Maiorga Ramirezi, eta ebatzi du Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak «bidegabeki» bota zuela atzera haren hautagaitza. Ildo kritikoaren ustez, ebazpen horrek bidea irekitzen du EAko militanteek erabaki dezaten orain nor izango den idazkari nagusia —Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak joan den astelehenean izendatu zuen idazkari nagusi Eba Blanco—. Hark, ordea, ez dio zilegitasunik aitortu batzordearen ebazpenari: «Berme Batzordea ez da ezeren bermea», adierazi du, eta «sinesgarritasuna eta zilegitasuna» galdu dituela salatu. Ebazpenak «forma akats larriak» dituela dio, batzordea osatzen duten bost kideetatik bi «parte interesdunak» direla eta «inhibitu» egin behar zutela. Aurreratu du Nazio Batzarrak datozen egunetan zehaztuko duela zer-nolako urratsak egin hemendik aurrera.

Arrakalaren alde banatatik ari dira hautagai zena eta idazkari nagusi berria. Errealitate berari buruzko perzepzio erabat ezberdinak dituzte. Maiorga Ramirezek esan du ebazpen hori «aukera bat» dela EArentzat «normaltasun demokratikora» itzultzeko. Eta Eba Blancorekin harremanetan jarri dela, «hautaketa prozesua gardentasunez egin ahal izateko baldintza egokiak jartzeko». Dena dela, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak amaitu arte EAren barne kanpaina albo batera uztearen alde agertu da Ramirez, eta proposatu du azaroaren 24an egitea idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketa.

Eba Blancok ez du horretarako batere asmorik. Salatu du Berme Batzordeak ez diola erantzunik eman berak egin zituen alegazioei, eta gogora ekarri du eskatu zuela batzordeko bi kide behintzat prozedura horretatik kanpora uzteko, «parte interesdunak» direlako —bost kidez osatuta dago batzordea, eta haren ustez talde hori «sistematikoki» ari da ildo kritikoaren aldeko ebazpenak ematen (3-2), bost horietako batek abala eman ziolako Ramirezen hautagaitzari eta bestea sektore kritikoko kide ezagun baten senarra delako—. Hori gutxi ez, eta Blancok gogorarazi du Berme Batzordeko beste bi kidek irregulartasunak salatu dituztela, haren funtzionamendua okerra dela iritzita. Idazkari nagusiak «forma akats larriak» ere ikusi ditu, batzordea biltzeko «deialdirik ere» ez delako egin, eta «batzartu gabe» osatu dutelako ebazpena. «Batzordeak bost kide dituen arren, ebazpena hiruk bakarrik sinatzen dute; horien artean, inhibitu beharko liratekeen biak. Eta beste biei ez zaie praktikan iritzia emateko aukerarik eman, ez eta boto partikularra aukezteko ere. Pena da, gauzak ez direlako horrela egiten».

Lehen aldia da EAk hauteskunde primarioen prozesu bat abiatu duena alderdiko arduradun nagusia aukeratzeko, eta bidea erabat katramilatu da azken asteetan. Urriaren 4an, alderdiko Berme Batzordeak moldatu egin zuen alderdiko Nazio Batzarrak ekainean onartutako araudia, primarioen prozesua zuzendu behar zuena; moldaketa horren arabera, hautagaiek nahikoa zuten gutxienez 50 abal aurkeztea, herrialde bakoitzean gutxienez bost abal jaso beharrik gabe. Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak, ordea, ekaineko araudia hartu zuen aintzat, eta ebatzi zuen Ramirezek ez zituela baleko bost abal bildu Iparraldeko afiliatuen artean. Horrela, prozesutik kanpo utzi zuen Ramirezen hautagaitza, 400 abal baino gehiago eskuratu arren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna