Noiz sortua: 2020-02-12 00:30:00

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Hiru aurrerapen, hiru arrazoi

1986an, EAJk barne krisia izan zuen bozak aurreratzeko zio; 2001ean, egoera politikoa; orain, gestioa
Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu, 2013an, Bilbon, EAJren Aberri Batzarrean.
Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu, 2013an, Bilbon, EAJren Aberri Batzarrean. JON HERNAEZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko otsailak 12
1986an, alderdiaren zatiketagatik. 2001ean, Lizarra-Garaziko Akordioaren hausturaren osteko egoera politikoagatik. Eta orain, parlamentua kudeatzeko zailtasunengatik. Horiek izan dira EAJren Jaurlaritzako lehendakari batek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gutxienez urte erdi aurreratzeko hiru arrazoiak —Patxi Lopez sozialistak 2012an ere aurreratu zituen pixka bat: lau hilabete—. Hurrengoak apirilaren 5ean izango dira, astelehenean Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi zuenez. Atzo argitaratu zen, EAEko Aldizkari Ofizialean, legebiltzarra desegiteko dekretua, eta hasi da bozetako prozedura.

1986
EAJren zatiketagatik legealdia eten behar


1980ko hamarkadaren erdian, Xabier Arzalluzen eta Carlos Garaikoetxearen ildoen desadostasunen ondorioz, EAJ barne krisi handi batean zegoen, eta Garaikoetxeak 1985eko martxoan Jaurlaritzako lehendakari izateari utzi zion —bost urte lehenagotik zegoen karguan—. EAJren EBBk Jose Antonio Ardanza Gipuzkoako ahaldun nagusia jarri zuen haren partez lehendakaritzan. Garaikoetxea buru zela, hainbat lagunek EA sortu zuten 1986ko irailean, eta Ardanzak urte hartako azaroaren 30era aurreratu zituen EAEko bozak. Bi urte eta bederatzi hilabete lehenago izan ziren legebiltzarrerako aurreko hauteskundeak; irabazle, EAJ, 32 eserleku lortuta (451.000 boto, %42ko babesa). 1984ko hartan, 13 aulkiko eta 203.000 botoko aldea atera zion bigarren indarrari: PSEri. Aldiz, 1986koan, PSEk eskuratu zituen legebiltzarkide gehien: aurreko bozetan bezala, 19 aulki lortu zituen, lau mila boto gehiagorekin (252.000), eta portzentajean puntu bat egin zuen behera.

1986ko bozetan, EAk boto poltsa puska kendu zion EAJri: Garaikoetxea lehendakarigai zuen hautagaitzak 13 aulki, 181.000 boto eta %15eko babesa erdietsi zituen; eta, Ardanzarenak, 17 aulki, 271.000 boto eta %23ko babesa. Baina PSEk baino bi legebiltzarkide gutxiago eskuratu arren, EAJk segitu zuen lehendakaritzan, 1987an, sozialistekin itun bat eginda. Ardanzak 1999 arte jarraitu zuen Ajuriaenean, PSE beti bazkide zuela, eta, sarritan, EA. 1990eko eta 1994ko bozetan, EAJk 22 aulki lortu zituen; 300.000 botoren bueltan bietan. 1998ko urrikoetan, lehendakarigai Juan Jose Ibarretxe zutela, 21 aulki (350.000 boto, %28). 5 eserlekura eta 98.000 botora gelditu zen PP, bigarren.

2001
Egoera politikoa irauli ostean, bozak berriro


Arzalluz EBBko presidentearen oso gustuko politikaria zen Ibarretxe —urteetan Jaurlaritzako lehendakariorde izana zen—, eta EAJk ez zeukan arazorik bere buru biko eskema klasikoan. 1999an, EAJk koalizio gobernua egin zuen EArekin —6 aulki—, eta, Lizarrako Akordioa (1998ko iraila) zela bide, bi alderdiek itun parlamentarioa sinatu zuten EHrekin, legealdiaren hasieran. ETA su-etenean zegoen 1998ko irailetik, baina, 1999ko ekaineko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAJ barruan kide esanguratsu batzuk ezbaian jartzen hasi ziren abertzaleen arteko elkarlana, horrek mesede elektoral handiagoa egiten ziolakoan ezker abertzaleari, EAJren kaltetan.

1999ko abenduan, ETAk su-etena utzi zuen; 2000 hasieratik berrekin zien hilketei, Lizarrako hitzarmenaren sinatzaile nagusien artean desadostasun handiak zeuden, eta Ibarretxek hautsi egin zuen EAJk eta EAk EHrekin legebiltzarrean zuten ituna. Lehendakariak 2001eko otsailean iragarri zuen maiatzaren 13an izango zirela hauteskundeak. Kasik urte eta erdi aurreratu zituen, beraz.

Aritmetikak ahalbidetuz gero, PP eta PSE-EE 2001ean prest zeuden hauteskundeen ostean indarrak batu eta lehendakaritza hartzeko, Donostiako Kursaaleko ekitaldian aitortu zutenez, eta, arrisku hori ikusita, Ibarretxe EAJ-EAko koalizioko hautagaiak lortu zuen hautesle abertzaleak eta abstentzioa —bederatzi puntu igo zen parte hartzea— asko mobilizatzea: 604.000 boto, %42ko babesa, 33 aulki. PP-PSE batura legebiltzarkide batera geratu zen. EB (3 aulki) Ibarretxeren gobernuan sartu zen, eta hiruko horrek segitu zuen 2009ko hauteskundeak arte.

Bitartean gertatu zen EAJren EBBko aldaketa: Arzalluz erretiratu ostean, afiliatuek Josu Jon Imaz hautatu zuten presidente, 2003ko hondarrean. Ibarretxeren ildoak eta Imazenak talka egin zuten, EAEko 2004ko estatutu politiko berriaren eta 2008ko Galdeketa Legearen egitasmoetan ikusi zen moduan. Gainera, 2009an Jaurlaritza galdu zuten lehenengo aldiz —Lopez ipini zen lehendakari, bozak EAJk irabazi zituen arren—.

2020
EAJren zailtasunak eta arazoak kudeaketan


2012 amaieran berreskuratu zuen EAJk erkidegoko gobernua (27 aulki), Urkullu EBBko presidente ohiarekin. Trankil ziren buru biko eskeman ere, alderdiko zuzendaritzan Andoni Ortuzar jarri baitzen haren partez; belaunaldi, eremu geografiko eta ildo politiko berekoak biak. Geroztik, EAJren botere instituzionala sendotu eta zabaldu egin dute, eta 400.000 botoen langara iritsi dira EAEko bozetan.

Urkulluk lehen legealdian EAJ baizik ez zuen izan Jaurlaritzan; oraingoan, PSE-EE ere bai —bi alderdiek erakundeen «egonkortasunerako» ituna sinatu zuten 2013an—. Dena dela, EAJk (28 aulki, botoen %37) eta PSEk (9) ez dute gehiengo osoa izan legebiltzarrean —eserleku batera geratu ziren—, eta lehendakariak joan den astelehenean esan zuen horrek zaildu egin diela lege proiektuak eta proposamenak onartzea. Ezintasun politikoaren isla ere izan ahal da hori, kontua baita oraingo Jaurlaritza hau izan dela 1980tik lege gutxien onartu dituena. Urkulluk iradoki du gehiengo osoa nahi duela hurrengorako, hartara «erosoagoa» izango luketelako kudeaketa lana.

EAJk bere buruari aitortu ohi dion gobernu edo kudeaketa ona aldez edo moldez belztu duen auzirik ere izan da azkeneko urteetan —batzuk, berriki—, ustelkeriarekin lotutakoak: Balenciaga, Irungo eta Gipuzkoako Ogasuna, De Miguel... Orain, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren auzia lehertu zaio.

Apirilean 5ean, bozak. Duela lau urteko emaitzei erreparatuta, EAJk koltxoi handia dauka, 10 aulkira eta 173.000 botora utzi baitzuen EH Bildu bigarren indarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna