AHTaren atzerapenak iritzi kontrajarriak eragin ditu Jaurlaritzan

Arriolak esan du iragarpenak ez duela «ezustean» harrapatu. Azpiazuk, berriz, «40 urteko atzerapena» salatu du. Espainiak 24,1 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoan espetxe berria eraikitzeko

gotzon hermosilla
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du, eta dokumentu horretan AHT abiadura handiko trenaren lanak 2027an amaitzea aurreikusten dute. Horrek esan nahi du beste urtebeteko atzerapena izango duela lehenagotik ere oso atzeratuta dagoen egitasmoak; izan ere, azken aurreikuspenetan 2026. urtea agertzen zen lanak amaitzeko data gisa. Iragarpenak iritzi kontrajarriak eragin ditu Eusko Jaurlaritzan: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolari logikoa iruditu zaio, eta iragarpenak ez du «ezustean» harrapatu; Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuren iritziz, berriz, atzerapenen kateatze horrek erakusten du Espainiako gobernuek ez diotela garrantzirik eman EAEn inbertsioak egiteari.

Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean, Arriolak esan du albisteak ez duela inpentsan harrapatu: «Duela bi urte esan nuen lanen amaiera 2026rako edo 2027ko hasierarako aurreikusten genuela. Orain aurrekontuen proiektuan 2027a aipatzea ez da ezustekoa».

Arriolak aitortu du eman dezakeela 2027a «urrun» dagoela, baina «lanen zailtasuna» aipatu du data hori jarri izanaren arrazoi gisa: «Lanen tamaina aintzat hartuta, ez da hain epe luzea. Ingurumena zainduz egin behar da, eta horrek denbora luzea eskatzen du». Edonola ere, nabarmendu du bukaera «gero eta gertuago» dagoela, eta «abantaila handia» izango dela azpiegitura hori erabili ahal izatea.

Azpiazuk, berriz, Bilbon egindako jardunaldi batzuetan parte hartu du, eta han oso bestelako iritzia eman du. Esan duenez, Espainiako gobernuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako inbertsioak «oso apalak» izan dira beti, «biztanle kopuruari eta errentari erreparatuz gero», eta AHTarekin gertatutakoa horren adibidetzat jo du.

Gogorarazi du Madril eta Sevilla arteko linea egiteko lanak 1993an hasi zirela: «Hemen, aldiz, obretan gaude oraindik. Seguru asko, AHTa 40 urteko atzerapenez abian jartzeak esan nahi du Euskadin egin beharreko inbertsioei ez zaiela behar bezalako garrantzirik eman».

EAJren BBBren lehendakari Itxaso Atutxak ere gaia izan du hizpide. Esan duenez, aurrekontuetan agertzen diren datu ugari berriro aztertu beharrekoak dira, «errealitatearekin bat» ez datozelako, eta, AHTaren lanen bukaerari dagokionez, azaldu du epeek «betearazpen zehatzak» behar dituztela.

436 milioi euro

Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen bi ordezkariek, Denis Itxasok eta Jose Luis Arastik, agerraldiak egin dituzte aurrekontuen proiektua azaltzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin beharreko inbertsioak aletu ditu Itxasok, eta Arastik, berriz, Nafarroakoak. Biak ala biak AHTaz aritu dira: Itxasok esan duenez, EAEn 385 milioi euro bideratuko dituzte AHTaren lanetara. Dirutza horretatik, Jaurlaritzak 135 milioi hartuko ditu bere gain, gero kupotik deskontatzeko. Nafarroan, berriz, 71 milioi inbertituko dituzte AHTaren lanetan, Arastik emandako datuen arabera. Hortaz, orotara 436 milioi euro erabiliko dituzte AHTaren lanetan 2023ko aurrekontuetan.

Bestelako inbertsioak ere aipatu dituzte Espainiako Gobernuaren ordezkariek. Itxasok, adibidez, esan du 43,52 milioi euro bideratuko dituztela Bilboko portura, 18 Pasaiakora (Gipuzkoa) eta 14,53 Loiuko aireportura (Bizkaia). Gipuzkoan espetxe berria eraikitzeko ere dirua jarriko du Espainiako Gobernuak: 24,1 milioi euro. Lanak 2023ko erdialderako amaituta egotea espero du Itxasok.

Nafarroan, berriz, AHTak eta bestelako trenbideek hartuko dute inbertsioen zatirik handiena, eta N-121-A errepidean 15 milioi erabiliko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.